Langile falta eta absentismoa, gero eta kezka handiagoak enpresentzat

Adegik jakinarazi du Gipuzkoako enpresen %45ek arazoak dituztela langile kualifikatuak kontratatzeko. Absentismoaren inguruko kezka ere nabarmen handitu da enpresen artean.

ADEGI
Jose Miguel Aierza eta Eduardo Junkera Adegiko buruzagiak gaur Donostian. GORKA BUENO / FOKU
Irune Lasa.
2024ko otsailaren 2a
13:40
Entzun

Enpresa munduan gero eta gehiagotan aipatzen da arazo hau: gero eta zailagoa dute bete beharreko lanpostuetarako prestakuntza egokia duten langileak topatzea. Kezka handituz doa, eta horren erakusle da gaur Adegik emandako datua: enpresen %45ek dituzte zailtasunak beharginak kontratatzeko.

Gipuzkoako patronalak enpresetan egindako inkestaren datuak aletuz, zerbitzuen alorreko enpresek dute kezka gehien langile faltaren inguruan (%61), eta, haien artean, batez ere merkataritza eta ostalaritza arlokoek (%52,5). Eraikuntza enpresen %45ek aitortu dute zailtasunak dituztela, eta industria arloko enpresen %35,5ek gauza bera adierazi dute.

«Langile kualifikatuak izatea ezinbestekoa da enpresa proiektuak garatu ahal izateko», esan du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak, eta Jose Miguel Aierza zuzendari nagusiak gaineratu du gehien eskatzen diren soslaien azterketa bat aurkeztuko duela udaberrian enpresaburuen elkarteak.

Adegiko bi buruzagiek langile taldeei buruz enpresek azaldu duten beste kezka handia azpimarratu dute: absentismoa.

Lan absentismoa inkestan gehien handitu den kezka da. Arranguren zerrendan zortzigarrena zen lehen, eta laugarren postura igaro da orain. Enpresen herenak daude lan absentismoarekin kezkatuta (%31). Sektoreka, kezka eraikuntzan dago zabalduena (%45,5) eta industrian, berriz, ez hainbeste (%37,5).

Absentismoa «gai konplexua» dela aitortu du Jose Miguel Aierzak, eta Adegik aztertuko duela zer gertatzen den. «Erakunde guztiek egin behar dute gogoeta absentismoarekin gertatzen ari denaz».

Inbertsioak

Enpresen asmoei begira, Junkerak eta Aierzak adierazi dute oso adi daudela inbertsio produktiboen aurreikuspenen beherakadari. «Zalantzarik gabe, zaintzeko faktore bat da». Izan ere, iaz baino gutxiago dira inbertsioak handitzeko asmoa duten enpresak, eta, aldiz, enpresa gehiagok azaldu dute inbertsioak murrizteko asmoa dutela.

Edonola ere, enpresen konfiantza ez da apaldu: %85ek ikusten dute merkatua normal dagoela edo suspertzen ari dela.

2024. urteari begira, iazkoaren pareko hazkundea espero du Adegik Gipuzkoako BPGari dagokionez: hots, %1 eta %2 artean haztea. Adegiren ustez, enpleguak ere sendo jarraituko du, eta espero du 3.500 eta 4.500 enplegu sortuko direla.

«Enpresak zaintzeak esan nahi du, besteak beste, bizkar gainean motxila gehiago ez kargatzea».

EDUARDO JUNKERAAdegiko presidentea.

Junkerak eta Aierzak azpimarratu dute «enpresak Euskadiren gizarte ongizatearen bermatzaile» direla, «aurrerapen ekonomiko eta sozialaren eragile nagusiak». Adegiko buruek mezu argi bat helarazi nahi izan diote gizarteari: enpresak zaindu egin behar direla.

«Enpresak zaintzeak esan nahi du, besteak beste, bizkar gainean motxila gehiago ez kargatzea. Azken batean, kostu handiagoak ez daitezela izan, aurrera egiten ez eragozteko; horrek hazkunde ekonomiko txikiagoa dakarrelako, eta enplegu gutxiago eta ongizate estatu gutxiago izatera eramango gaituelako. Zaindu ditzagun enpresak; haiek zainduz, haiek osatzen dituzten pertsonak zaintzen ditugulako, eta, azken buruan, gizartea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.