Mutrikuko (Gipuzkoa) Metec Motric SAU enpresako langile ohi bati kalte-ordainak ordaindu beharko dizkiote enpresak eta mutualitateak. Epai batean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi du 60 urteko langile ohiari lanak eragin diola pairatzen duen biriketako fibrosia.
Langileak 37 urtez egin zuen lan material kirurgikoa ekoizten zuen Mutrikuko enpresan. 2011 urtean lantegia itxi arte, lan ugari egin zituen bertan; hala nola fresatzaile eta leuntze sailetan aritu zen lanean. Osalanek orain dela bi urte ikertu zuen langileak sufritzen duen arnas gaixotasuna. Egindako lehen azterketan, ondorioztatu zuen plantan metal gogorrekin izandako kontaktua ez zela nahikoa biriketako fibrosia eragiteko. Hori dela eta, gaixotasun orokorrarengatik jaso zuen lanerako ezgaitasun osoa, 2011ko ekainean.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak oinarritzat hartu ditu Osalanek egindako hirugarren azterketa eta Espainiako Silikosiaren Institutuak egindako ikerketa. Batetik, Osalanek ezin izan zuen ukatu eritasuna metalek eragin zutela. Bestetik, Espainiako Silikosiaren Institutuak baieztatu du biriketako fibrosi kasuen %25 lan arrazoiengatik sortuak direla.
Langile baten biriketako gaitza lan gaixotasuna dela ebatzi dute epai batean
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota du iazko ekainean Osalan erakundeak emandako ebazpena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu