Langile bat hil da Lizarran, mahats biltegi batek eztanda eginda

Ezbeharra 10:50ean gertatu da, Agralco enpresan. Hildakoak 56 urte zituen, eta mantentze lanetan ari zen, azpikontratatutako enpresa batean.

Iruñean lan istripuen aurka atzo egindako elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñean lan istripuen aurka atzo egindako elkarretaratzea. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko urriaren 18a
13:00
Entzun

Langile bat hil egin da Lizarran (Nafarroa), mahats hondakin biltegi batean izandako leherketa baten ondorioz. Ezbeharra Agralco enpresan gertatu da. Antza denez, biltegian eztanda bat gertatu da, eta horrek langilearen gorpua zenbait metrotara jaurtiki du. Hildakoak 56 urte zituen. Azpikontratatuta ari zen lanean, Villatuertako (Nafarroa) Lamaison enpresan. Mantentze lan industrialetan ari zen.

Leherketa 10:50ean gertatu da, baina ez da suterik piztu. Silo bat soldatzen ari zela gertatu da eztanda. 20.000 metro kubikoko edukiera zuen, eta mahats hondakinak biltzen zituen. Biltegiaren goiko aldea airean atera da eztandaren eraginez, eta handik 50 metrora aurkitu dute, Ega ibaitik gertu. Enpresa Lizarrako kanpinaren ondoan dago, Donejakue bidearen ertz batean. Udaltzainak, foruzainak eta suhiltzaileak istripua izan den lekura joan dira, eta ikerketa bat abiatu dute, zer gertatu den argitzeko.

(ID_17292583797195) (/FORUZAINGOA)
Eztanda gertatu ondoren airean atera den biltegiaren zati bat, lantegiaren ondoko bide batean. FORUZAINGOA

Agralco enpresa ezaguna da Estellerrian. Ardogintzako azpiproduktu batzuk ekoizten dituzte han; hala nola, destilatuak, alkoholak, pipita olioa eta biomasa. Bere instalazioetan 500.000 tona mahats maneiatzen dituzte urtero, eta Nafarroako, Arabako, Errioxako eta Gaztela Leongo 260 upategik erabiltzen dute.

Hirugarrena aste honetan 

Aste beltza izaten ari da hau lan istripuei dagokienez. Herenegun, bi langile hil ziren lan istripuz, bat Loiun (Bizkaia) eta bestea Leozen (Nafarroa), bi-biak erorikoen ondorioz. LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, Euskal Herrian aurten lan istripuz hildako 48. behargina da gaurkoa.

Atzo, LAB, CGT, Steilas, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Iruñeko Gazteluko plazan, Nafarroan bezperan izandako lan istripua salatzeko, eta nahikoa baliabide izango dituen lan inspekzio propioa eskatu zuten Nafarroarako. Gogoratu zuten herrialdeak soilik hamar lan inspektore dituela.

Gaurko ezbeharraren harira, LABek Nafarroako Gobernuari eskatu dio lehenbailehen bere gain har ditzala lan ikuskaritzaren eskumenak eta beharrezko baliabideak jar ditzala «enpresarien gaineko kontrola sakona eta eraginkorra izan dadin». «Hil ala biziko kontua da. Nahitaezkoa da patronalari lan osasunaren araudia betearaztea, behartzen ez bazaie langileak zigorgabetasun osoz hiltzen baitituzte».

Antzera mintzatu da ELA, eta hark ere ikuskarien lantaldea «hirukoizteko» eskatu du. Nabarmendu du laneko heriotzak saihestu daitezkeela, kontrol neurri eta baliabide gehiago jarrita. Patronalaren «zigorgabetasuna» eta erakundeen «konplizitatea» salatu ditu, eta, bereziki, Nafarroako Gobernua babesten duten alderdiei mintzatu zaie, datorren urteko aurrekontuen negoziazioetan presio egin dezaten. Horretarako, elkarretaratzea antolatu du astearte eguerdirako, Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.