Imanol Lopez Alvarez, 40 urteko gasteiztarra, atzo hil zen, ostiral gauean lan istripua izan ondoren Gasteizko Industrial Alavesa de Tratamientos Termicos enpresan, Jundizko industrialdean. Lankide batek aurkitu zuen galdategitik ateratzen diren piezak hozteko putzu batean. Gasteizko Txagorritxu ospitalera eraman zuten, baina koman sartu zen eta atzo hil zen.
Istripua gertatu zenean langilea bakarrik eta «inolako segurtasunik gabe» zegoela salatudu LABek. Osalanek, lan istripuaren ikerketa abiatu du eta oraindik ez du xehetasunik eman.
Aurten gutxienez 38 langile hil dira lan istripuen ondorioz Euskal Herrian, LABek egindako zenbaketaren arabera: hamabi Bizkaian, zortzi Araban, zortzi Gipuzkoan, zazpi Nafarroan eta hiru Ipar Euskal Herrian.
Lan istripua salatzeko egun osoko lanuztea egingo dute Industrial Alavesa de Tratamientos Termicoseko langileek. Horrez gain, elkarretaratzea egingo dute 11:30ean, Gasteizko Posta plazan, Arabako Enpresaburuen Elkartearen (SEA) egoitzaren aurrean. ELAk eta LABek bat egin dute mobilizazioekin.
LABek nabarmendu du lan istripuak ez direla bizitzako gertakari arruntak eta langile bat hiltzea ez dela lanaren beraren ezaugarria. Gogoratu du lan istripuen kopurua handitzen jarraitzen duela eta bitartean Administrazioak eta enpresariek «utzikeriaz» jokatzen dutela lan istripuak saihesteko orduan.
Amiantoaren inguruko sententzia
Lantegi batzuek ez dituzte langileak bakarrik kutsatzen, baita inguruko bizilagunak ere. Hala onartu du Madrilgo epaitegi batek, sententzia berritzaile batean: Uralita enpresa Cerdanyola eta Ripollet arteko (Bartzelona) 45 bizilaguni ia lau milioi euroko kalte-ordaina ordaintzera behartu du, lantegiak sortutako amianto hautsak eragindako kalteengatik.
Sententziak dio lantegiaren jardueraren -1907tik ari da lanean- eta bizilagunen gaixotasunen arteko lotura «garbia» dela eta amiantoak gaixotu egin dituela, hauts isurien bidez, langileen arropak ukitzearen ondorioz, baita hondakinen kutsaduraren bitartez ere.
Uralitak iragarri du sententziaren kontrako helegitea aurkeztuko duela.
Langile bat hil da Gasteizen, ostiralean lan istripua izan eta koman sartu ostean
Putzu batera erorita aurkitu zuten Industrial Alavesa de Tratamientos Termicoseko langilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu