51 urteko langile bat hil da Gasteizko Salburua auzoan, hondeamakina baten palak jota. Alaves-Baskoniaren etorkizuneko akademiaren inguruko futbol zelaiak eraikitzeko lanetan gertatu da istripua. Osalanek hartu du ikerketaren ardura.
CCOOk ohar batean jakinarazi du hildako langileak Excavaciones Mendiolarentzat egiten zuela lan, eta hura Construcciones Urrutia enpresak azpikontratatuta dagoela. Gaur zen lehen eguna sektorean. Sindikatuak exijitu die enpresei eta administrazioari neurriak har ditzatela berriro ere istripurik gerta ez dadin.
Alaves-Baskoniak ohar bat kaleratu du: «Une zail hauetan, gure doluminik zintzoenak adierazi nahi dizkiegu sendiari, lagunei eta lankideei». Behar den guztia eskaintzeko prestasuna adierazi die Osalani eta Ertzaintzari.
Urteko lehen istripua izan da. Iaz, LABen zenbaketaren arabera, 63 lagun hil ziren lanean ari zirela.
CCOOk elkarretaratzera deitu du ostegunerako, 12:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
Iazko azken lan istripu hilgarria abenduaren 30ean gertatu zen, Forest Traffic enpresaren biltegian, Zornotzan (Bizkaia). Garraiatzen ari zen zamaren parte bat gainera erori zitzaion 41 urteko langile bati, eta hil egin zuen. Istripu hori salatuko du ELAk, etzi, 13:30ean, Boroako (Bizkaia) industrialdeko biribilgunean.