Langile bat hil da gaur goizean Elorrioko Betsaide lantegian (Bizkaia). Ezbeharra 08:00etan gertatu da. Garbiketa lanak egiten ari zela, makina baten azpian harrapatuta geratu da behargina. Suhiltzaileak eta larrialdi zerbitzuak handik ateratzen saiatu dira, baina ez dute lortu, eta bertan zendu da, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez. Osalanek ikerketa bat abiatu du, zer gertatu den argitzeko.
Galdaketa enpresa bat da Betsaide, eta nagusiki autogintzarako piezak egiten ditu. Hildakoa azpikontratatutako Grupo One garbiketa industrialeko enpresan zebilen beharrean. 38 urte zituen, Senegalgoa zen sortzez, eta duela gutxi etorri zen Euskal Herrira, Almeriatik (Espainia).
LABen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian hil den bederatzigarren langilea da. ELAk gehitu du horietako hiru gutxienez makina batek harrapatuta hil direla, eta salatu du azpikontratazioa prekaritate iturri dela enpresa askotan, «azpikontratetan ez baitira ezartzen laneko istripuei eta gaixotasunei aurre egiteko prebentzio neurri egokiak».
EITBri egindako adierazpenetan, Lourdes Iscar Osalaneko zuzendari nagusiak gertutakoa deitoratu du, eta adierazi du sinesgaitza dela gaur egun gisa horretako lan istripuak gertatzea. Segurtasun neurririk ez dela jarri edo horiek huts egin dutela iradoki du.
Elorrioko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak atsekabea adierazi du, eta biktimaren gertukoei doluminak helarazi dizkie. Nabarmendu du laneko segurtasunarekin loturiko kontrol neurriak areagotu behar direla.
Astelehen goizean, 40 urteko baso mutil bat larri zauritu zen Lezaman (Bizkaia). Pinu mozketa batean enborrak jasotzen ari zen eta makina batek arrastaka eraman zuen.