Langile bat hil da bart, Buñuelgo pentsu fabrika batean (Nafarroa). Gaueko hamaikak inguru zirenean gertatu da ezbeharra. 35 urteko behargina makina baten azpian harrapatuta geratu da, eta bertan zendu da, Foruzaingoak jakinarazi duenez.
Larrialdi zerbitzuak istripua izan den lekura bertaratu dira, baina ezin izan diote bizia salbatu. Foruzaingoak ikerketa bat abiatu du ezbeharra nola gertatu den argitzeko.
LAB sindikatuak egiten duen lan istripuen zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripu baten ondorioz hamabost langile hil dira. Atzo bertan, hain zuzen ere, 62 urteko behargin bat hil zen Arratzun (Bizkaia), goi tentsioko kable batekin elektrokutatuta. Sindikatuek gaitzespen elkarretaratzeak egitera deitu dute gaurko.