Bilboko Portuan langile bat hil zen atzo, ikatza deskargatzeko lanak egiten ari zela. Garraiatzen ari zen zama modu bortitzean mugitu zen, eta 43 urteko portugaldarra garabitik erori zen, bost edo sei metrotik. 11:30ean izan zen ezbeharra, eta, anbulantzia bertaratu zenerako, beharginaren heriotza ziurtatu besterik ezin izan zuten egin. Langilea zamaketaria zen, eta istripua izan zuen momentuan SLP enpresarentzako ari zen beharrean portuko Nemar nasan.
ELA sindikatuak oharra bidali zuen arratsaldean istripuaren xehetasunak emanez, eta azaldu zuen «prekaritatea» dagoela ezbeharraren jatorrian. «Portuan, bereziki, faktore asko batzen dira: lan baldintza kaskarrak, lan erritmo bortitzak, eta lanbide honek berez duen arrisku maila handia». Sindikatuak garbi utzi zuen, ordea, langileak hogei urtetik gorako esperientzia zuela bere lanpostuan, eta makina erabiltzen bazekiela. ELAko afiliatua zen.
Bilboestibako langile batzordeak lanuztea egin zuen atzo heriotza salatzeko SLP enpresan, eta gaur ere berdin egingo dute 08:00etatik 20:00etara. Bilboestibaren egoitzaren parean elkarretaratzea egingo dute 10:00etatik aurrera.
2015eti, bost hildako
Bilboko Portuko istripuei begiratuz gero, zerrenda beltza da. 2015etik bost lagun hil dira beharrean zeudela, baina azken hamahiru hilabeteetan nabarmen egin du gora hildakoen kopuruak. Azken bost urteetan hil diren bost langile horietatik hiru iazko urtarriletik hil direlako. Orduko hartan, esaterako, fenwick batekin itsasontzi bateko garabia garbitzen ari zen langilea jasomakinarekin uretara erori zen, eta itota hil zen.
Ekainean, bestalde, Luzueroko harrobi zaharrean lanean ari zen behargin bat harrapatu zuen kamioi batek, eta kolpearen eraginez hil zen. Azken istripu larria abenduan izan zen: enpresa batean izandako eztanda baten eraginez hiru langile zauritu egin ziren. Erredurekin eraman zituzten hirurak ospitalera.
Urtea hasi denetik gutxienezzazpi lagun hil dira lanean ari zirela, LABek bere webgunean duen kontagailuaren arabera. Aurreko istripu hilgarria otsailaren hasieran izan zen, Zizurkilgo (Gipuzkoa) ULA enpresan. Pieza baten kolpearen eraginez hil zen 43 urteko gizonezkoa.
Langile bat hil da Bilboko Portuan, azken hamahiru hilabeteetan hirugarrena
Garabi batetik erori da behargina, ikatza deskargatzen ari zela. Bilboestibako langileak heriotza salatzeko bilduko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu