Langile bat hil da Arratzun, elektrokutatuta

Baserri bateko teilatua konpontzen ari zela, garabiarekin goi tentsioko kable bat ukitu du. LABen zenbaketaren arabera, aurten lan istripu batean hildako hamalaugarren langilea da.

Martxoaren 8an istripua gertatu zen Usurbilgo dorrea. JUAN HERRERO / EFE
Goi tentsioko dorre bat, Usurbilen. JUAN HERRERO / EFE
Paulo Ostolaza.
2025eko martxoaren 17a
12:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Beharrean zebilen 62 urteko gizon bat hil da gaur goizean Arratzun, Urdaibaiko biosferan, Gernikako herrigunetik gertu (Bizkaia). Goi tentsioko kable batekin elektrokutatu da goizeko bederatziak pasatxo zirenean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Sortzez Portugalgoa zen, eta Bilbon bizi zen.

Amuriza Cubiertas Teilatuak Lemoako enpresako beste sei lankiderekin batera baserri bateko teilatua konpontzen ari zen S. F. P. hildakoa. Lekukoek azaldu dutenez, teilak garraiatzeko erabiltzen duten garabi batek goi tentsioko kable bat ukitu du, eta orduan gertatu da deskarga.

Konorterik gabe geratu da langilea, eta larrialdi zerbitzuek ez dute haren bizia salbatzerik izan. Istripua gertatu den tokira bertaratu dira anbulantzia bat, Ertzaintza eta suhiltzaileak, baita gertatutakoa ikertuko duen Osalaneko teknikari bat eta instalazioaz arduratuko diren Iberdrolako langile batzuk ere.

LAB sindikatuak egiten duen lan istripuena zenbaketaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripu baten erruz hildako hamalaugarren langilea da, eta eraikuntza sektoreko makineria eta garabiekin harreman zuzena duen hirugarrena. 

Sindikatuak salatu duenez, «bistan da» atzo ez zirela segurtasun neurriak errespetatu, eta gogoratu zuen goi tentsioko instalazioen inguruan lan egiten denean enpresek planifikazio egokia egin behar dutela. Sindikatuek biharko deitu dituzte gaitzespen elkarretaratzeak.

Atzo bertan jakin zen hil egin dela martxoaren 8an Usurbilen (Gipuzkoa) elektrokutatu zen 11 urteko haurra ere. Gurutzetako erietxean zegoen ordutik, erredura larriak zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.