Langile bat hil da Arrasaten, gidatzen zuen orga altxatzailea errekara erorita

Kabinan harrapatuta geratu zen, eta ordu batzuk geroago hil zen Arrasateko ospitalean

Erredakzioa
Donostia
2009ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Lan istripuen zerrenda beltzak ez du etenik. Iraila beltza izan da, eta urriak ere hasiera iluna izan du:34 urteko langile bat hil zen herenegun Arrasaten (Gipuzkoa), orga altxatzailea gidatzen ari zela ezponda batetik erreka batera erorita.

Istripua herenegun 22:40 aldera gertatu zen, Arrasateko saihesbidearen Olandixoko tuneleko obretan (Arrasate). Langilea maniobra bat egiten ari zen ezponda baten gainean, baina orga altxatzailea erori, irauli eta erreka batean geratu zen, langilea kabina barruan zela. Larri zaurituta eraman zuten Arrasateko ospitalera, eta bertan hil zen, ordu batzuk geroago. Langilea Usurbilgoa zen, (Gipuzkoa) eta Obras Subterraneas enpresarentzat lan egiten zuen, argigailuak garraiatzen, duela sei edo zazpi hilabetetik.

Krisiaren ondorioak

ELAren zenbaketaren arabera, aurten 55 langile hil dira lan istripuetan Hego Euskal Herrian. Sindikatuak nabarmendu du krisia eta lan merkatuaren egoera eragiten ari direla lan segurtasunean eta osasunean. «Enpresak inoiz baino gehiago ari dira segurtasun neurriak eta araudiak alboratzen; arau hausteak eta neurri falta ohikoak dira», esan du ELAk.

Salatu du laneko segurtasuna ez dela lehentasuna, ez enpresentzat, ez Administrazioarentzat. Harentzat hori erakusten du Osalanen 2010erako aurrekontuaren zirriborroak: %8,6ko murrizketa izango du.

UGTk laneko arriskuei buruzko prestakuntza gehiago eskatu du langileentzat. UGTk eta CCOOk Administrazioari eskatu diote ikuska ditzala segurtasun neurriak eta langileen prestakuntza. CCOOren esanetan, segurtasun neurriak ez dira betetzen eta berrikusten, eraikuntzako istripuak saihestu ahal izateko.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek administrazioei eskatu diete neurriak jar ditzatela lan istripuak saihesteko.

ELAk kontzentrazioa egingo du astelehenean 12:30ean Udaleko plazako biribilgunean; CCOOk, berriz, 12:00etan Herriko Plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.