Vanesa Pan Iglesias. Zahar etxe bateko langilea

«Langile askok gaixotasunak eta arazo mental eta fisikoak izaten dituzte»

BERRIA.
maddi iztueta olano
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Vanesa Pan Iglesias klinikako laguntzailea da Matia fundazioaren adinekoentzako egoitza batean.

Hemeretzi urterekin hasi zen lanean, eta 39 ditu orain. Hogei urte daramatza zaintzaren sektorean lanean.

Ikusi gehiago:ERRETIROA AURRERATZEKO MODURIK EZ

Zein dira lanean dituzun zailtasun handienak?

Zenbait profiletako pertsonekin egiten dut lan: batzuk oso autonomoak dira, eta beste batzuek narriadura kognitiboa dute; mendetasun egoeran daude batzuk, eta profil psikiatrikokoak ere badaude.

Gogorrena hitzez komunikatzeko gaitasunik ez duen jendearekin lan egitea da, uste dugunaren arabera jokatu behar dugulako. Zaila da asmatzen beren beharrak zein diren, eta psikologikoki eragin handia du horrek.

Une honetan bi klinikako laguntzaile bakarrik gaude 24 lagunentzat. Klinikako laguntzaileak, zaindariak, psikologoak... izan behar dugu, denetarik egin behar dugu. Ez dut nahikoa astirik egiteko dagoen guztia egiteko.

Adineko langile asko daude sektorean, eta horrek ere zailduko du lana...

Noski. Urteetan aurrera egin ahala gorputza ez da berdin mantentzen, eta horrek asko zailtzen du lana. Adineko langileek ezin dute hainbat zereginetan parte hartu edo lagundu, eta adineko langile asko daude sektorean. Nire lankideetako asko ez dira erretiroa hartzera iritsi, osasun arazoengatik lana utzi behar izan dutelako. Sektoreko langile askok gaixotasunak eta arazo mental eta fisikoak izaten dituzte.

Langile ia guztiak emakumeak zarete gainera.

Bai, gehienok emakumeak gara. Lan karga handia dugu, bai lantokian eta baita lantokitik kanpo ere. Ez da berdin goizean lanera fresko joatea ala arratsaldean joatea, goiz osoa etxeko lanak egiten aritu ostean.

Erretiro aurreratua hartu ahal izatea eskatu diozue Espainiako Gobernuari: baiezkoa espero duzue?

Ez dut uste Espainiako Gobernuari asko interesatzen zaionik, baina gure sektorean ezin dugu 67 urte bete arte lan egin. Ezinezkoa da, gorputzak eztanda egiten du azkenean. Hogei urterekin hasi nintzen lanean, eta ez dut 67 urterekin oraindik lanean egon nahi.

Baduzue beste eskakizunik?

Pandemian ikusi da sektorearen gabeziak zein diren. Ez dugu soldata igotzeko bakarrik eskatzen: bizitzako azken urteetan dauden pertsonei arreta hobea eskaini ahal izateko baliabideak nahi ditugu.

Ikusi gehiago:«Emakumeok zaintzarekin lotu gaituzte beti, baina gu nork zaintzen gaitu?»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.