Enplegua

Langabeziak gora egin du, baina inoiz baino langile gehiago daude

Gizarte Segurantzak 15.700 afiliatu irabazi ditu urrian, eta aise gainditu du berriro 1,3 milioi kotizatzaileen muga

Lanbideren bulego bat, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko azaroaren 3a
09:20
Entzun

Itxuraz kontraesana diren datuak eman ditu urrian Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Gora egin du langabeen kopuruak, eta, igoera handia izan denez urria izateko (+3.614), hauspotu egin ditu ekonomiaren pattalaldia azkenean lan merkatuari ere kalte egiten hasi dela dioen ustea. Baina, aldi berean, enplegu asko sortu da urrian, 15.700 kotizatzaile irabazi baititu Gizarte Segurantzak, eta horri esker bere marka historikoa aise hautsi du.

Historikoki, urria hala moduzko hilabetea izan ohi da enpleguan. Urte batzuetan, langabe kopuruak gora egiten du, eta beste batzuetan, berriz, behera. Gorabehera horiek, orokorrean, ziklo ekonomikoaren araberakoak dira. Oraingoan, oso hazkunde txikiko garaia batean egonda, handitu egin da langabezia, eta dagoeneko 139.645 lagun ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan.

Gainera, igoera lurralde guztietan ez ezik, sektore guztietan ere gertatu da. Kopuru osoetan zerbitzuetan izan da igoerarik handiena (+2.645), baina proportzionalki handiagoa izan da nekazaritzan gertatutakoa: uzta bilketa nagusiak amaituta, nekazaritzan 396 langabe gehiago daude.

Industrian ere gora egin (+253), eta, sektore hori bestea baino egonkorragoa denez, iradokitzen du hurrengo hilabeteetan langabe kopuruak pixka bat gorantz egingo duela.

Emakumeak, okerrago

Langabe erregistratuen artean, emakumeak gehiago dira (81.549) gizonak baino (58.096), nahiz eta urrian langabeen %58,8 izatetik %58,4 izatera igaro diren. Baina, horretaz gain, haien baldintzak prekarioagoak dira. LABek nabarmendu duenez, emakumeen %57,7k dute lanaldi osoa, eta gizonezkoen artean, berriz, %78,7 dira.

Langabeziaren hazkundearen aurkia landunen kopuruan dago. Batez beste urrian baino 15.700 afiliatu gehiago izan ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Irailean irabazitako 9.259 kotizatzaileak gehituz gero, aise gainditu dira ekainetik abuztura bitartean galdutako 17.249 enpleguak. Hezkuntzan galtzen da enplegu gehien udan —eskoletan ez ezik, akademietan ere bai—, irakasle, zaintzaile eta jangeletako langile askori kontratua bukatu ohi zaielako udako oporrak hasten direnean, baina haietako gehienek irailean eta urrian berreskuratu ohi dute lana.

Gizarte Segurantzan 1.316.827 kotizatzaile ageri dira, inoizko gehien, alde handiz gainera. Aurreko marka aurtengo maiatzekoa zen, eta orduan baino zazpi mila langile gehiago daude. Duela urtebete baino 25.000 afiliatu gehiago daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.