Langabeziak gora egin du, baina inoiz baino langile gehiago daude

Gizarte Segurantzak 15.700 afiliatu irabazi ditu urrian, eta aise gainditu du berriro 1,3 milioi kotizatzaileen muga

Iker Aranburu - Iñaut Matauko Rada
2023ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Itxuraz kontraesana diruditen datuak eman ditu urrian Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Gora egin du langabeen kopuruak, eta, igoera handia izan denez urria izateko (+3.614), hauspotu egin ditu ekonomiaren pattalaldia azkenean lan merkatuari erekalte egiten hasi dela dioen ustea. Baina, aldi berean, enplegu asko sortu da urrian, 15.700 kotizatzaile irabazi baititu Gizarte Segurantzak, eta, horri esker, aise hautsi du bere marka historikoa.

Historikoki, urria hala moduzko hilabetea izan ohi da enpleguan. Urte batzuetan, langabe kopuruak gora egiten du, eta beste batzuetan, berriz, behera. Gorabehera horiek, orokorrean, ziklo ekonomikoaren araberakoak dira. Oraingoan, oso hazkunde txikiko garaian egonda, handitu egin da langabezia, eta 139.645 lagun ageri dira langabe gisa erregistratuta Lanbideren eta Nafar Lansareren bulegoetan.

Gainera, igoera lurralde guztietan ez ezik sektore guztietan ere gertatu da. Kopuru osoetan, zerbitzuetan izan da igoerarik handiena (+2.645), baina proportzionalki handiagoa izan da nekazaritzan: uzta bilketa nagusiak amaituta, nekazaritzan 396 langabe gehiago daude.

Industrian ere gora egin du (+253), eta, sektore hori bestea baino egonkorragoa denez, iradokitzen du hurrengo hilabeteetan langabe kopuruak gorantz egingo duela pixka bat.

Emakumeak, okerrago

Langabe erregistratuen artean, emakumeak gehiago dira (81.549) gizonak baino (58.096), nahiz eta orain arte langabeen %58,8 ziren eta urrian, berriz, %58,4 izan diren. Baina, horretaz gain, haien baldintzak prekarioagoak dira. LABek nabarmendu duenez, emakumeen %57,7k dute lanaldiosoa, eta gizonezkoen artean, berriz, %78,7 dira.

Langabeziaren hazkundearen aurkia landunen kopuruan dago. Batez beste urrian baino 15.700 afiliatu gehiago izan ditu Gizarte Segurantzak Hego Euskal Herrian. Irailean irabazitako 9.259 kotizatzaileak gehituz gero, aise gainditu dira ekainetik abuztura galdutako 17.249 enpleguak. Hezkuntzan galtzen da enplegu gehien udan —eskoletan ez ezik, akademietan ere bai—, irakasle, zaintzaile eta jangeletako langile askori kontratua bukatu ohi baitzaie udako oporrak hasten direnean, baina gehienek irailean eta urrian berreskuratu ohi dute lana.

Gizarte Segurantzan 1.316.827 kotizatzaile ageri dira, inoizko gehien, alde handiz gainera. Aurreko marka aurtengo maiatzekoa zen, eta orduan baino 7.000 langile gehiago daude. Duela urtebete baino 25.000 afiliatu gehiago daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.