Urtarrileko ohiko aldapa gogorrari berehala erantzun dio Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Urte hasieran galdutako enpleguetako batzuk berreskuratu ditu honezkero, eta langabeziak behera egin du, industrian batez ere.
SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, otsailean 139.131 lagun zeuden langabe gisa erregistraturik Hegoaldeko enplegu bulegoetan, urtarrilean baino 906 gutxiago. Nafarroan ez da aldaketa esanguratsurik izan (+2), eta beherakada izan da beste lurraldeetan: 524 langabe gutxiago Bizkaian, 320 gutxiago Gipuzkoan, eta 64 gutxiago Araban.
Aurreko urteko otsailarekin alderatuta, berriz, joera bera da, guztietan apaldu baita langabe kopurua, %1 eta %2 artean: 1.241 gutxiago daude Bizkaian, 524 gutxiago Gipuzkoan, 359 gutxiago Nafarroan, eta 327 gutxiago Araban.
datuak
1.666Aldi baterako erregulazioan. Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera, otsailaren amaieran 1.666 langile zeuden aldi baterako erregulazioan. Horietatik 1.328 (%80) lanaldi osorako erregulazioan zeuden, eta besteei ordu batzuetan soilik eten diete enplegua. Lautik hiru gizonezkoak dira; besteak beste, industrian daudelako erregulazio gehienak.
%23,7Kontratu mugagabeak. Igoera txikia izan da kontratu mugagabeen kopuruan: urtarrilean %23,34 ziren, eta otsailean, %23,73.
%50Langabezia saririk ez dutenak. Bi langabetik batek ez du eskubiderik langabezia saririk jasotzeko. Sari arrunta %32,12k jaso zuten urtarrilean, eta beste %16,67k subsidioa eskuratu zuten.
Urtarrilean zerbitzuetan gertatu ohi da triskantzarik handiena, eta sektore hori izan da otsailean gutxien hobetu dena: urtarrilean zerbitzuetako 2.482 langabe batu ziren langabeen zerrendetara, eta 667 gutxiago daude orain. Industriak, berriz, bilakaera positiboa izan du bietan: -51 urtarrilean, eta -336 otsailean. Kontuan hartu behar da, nolanahi ere, azken asteetan iragarritako enpresa itxierak eta kaleratzeak oraindik ez direla gauzatu; esaterako, Ezkirozko BSHn (Nafarroa) eta Laudioko Guardianen (Araba).
Langabeziak behera egin du lehen sektorean (-45) eta eraikuntzan ere bai (-45), baina handitu egin da aurretik enplegurik izan dutenen artean (+187).
Sektorekako banaketak zeresana izan du sexuen araberakoan ere. Proportzionalki, zerbitzuetan jaitsi da gutxien langabezia, eta, emakumeen artean hori denez sektore nagusia, haien artean gutxiago apaldu da (-210), gizonezkoen artean baino (-696). Ondorioz, langabe erregistratuen %58,7 emakumeak dira. Egia da langabezia neurtzeko beste sistemarekin, enplegu inkestarekin, aldea askoz txikiagoa dela, baina beti emakumeen kaltetan.
Iaz baino 15.112 enplegu gehiago
Otsaila, oro har, enpleguarentzat hilabete txukuna izan dela erakusten dute Gizarte Segurantzaren afiliazio datuek ere. Urtarrilean 13.133 kotizatzaile galdu zituen sistemak, Eguberrietarako kontratuak amaitu ahala. Horietatik 5.525 berreskuratu dira otsailean.
Urte arteko konparazioa ere positiboa da: duela urtebete baino 15.112 afiliatu gehiago daude.