Langabezia tasak eutsi egin dio beheranzko joerari EAEn, eta %7,1era apaldu da

3.400 langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek, eta tasa lau hamarren jaitsi da. Landunak 997.100 dira, 4.500 gehiago; kopururik handiena 1985. urtetik.

Industrian 700 landun gehiago zenbatu dituzte Eustaten, hirugarren hiruhilekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Industrian 700 landun gehiago zenbatu dituzte Eustaten, hirugarren hiruhilekoan. GORKA RUBIO / FOKU
Irune Lasa.
2024ko urriaren 17a
11:35
Entzun

Enplegu datu onak ekarri ditu aurtengo hirugarren hiruhilekoak EAEn. Langabezia tasak beherantz jarraitu du bigarrenez, eta %7,1era jaitsi da, urteko lehen hiruhilekoan zazpi hamarreneko jauziarekin %7,9ra igo eta bigarren hiruhilekoan %7,5era beheratu ostean.

Guztira, 76.700 langabe zenbatu dira, 3.400 gehiago. Eustaten arabera, langabeak dira lan bila dabiltzanak, lana bilatzeko kudeaketa aktiboak egiten dituztenak eta, gainera, lanerako prest daudenak.

Emakumezkoak gehiago dira langabeetan, 38.900; aurreko hiruhilekoan baino 500 gutxiago. Aldiz, langabe kopurua gehiago jaitsi da gizonezkoetan, 2.900 gutxiago zenbatu baititu Eustatek, 37.800 guztira. Horregatik, gizonezkoen langabezia tasa puntu erdi jaitsi da, %6,8raino, eta emakumezkoena %7,6an mantendu da.

Herrialdeka, langabe gutxiago zenbatu ditu Eustatek Bizkaian (-3.400) eta Gipuzkoan (-700), eta 800 gehiago Araban. Hurrenez hurren, Araban 13.400 langabe daude, eta langabezia tasa %8,2 da; Bizkaian, 44.400 dira langabeak, eta tasa %8 da; eta, hiruretan, Gipuzkoak du langabezia tasarik txikiena, %5,3, eta 19.000 langabe ditu.

Hiriburuek ere patroi horri jarraitzen diote. Gasteizek du langabezia tasarik handiena (%8,9); Bilbo da hurrengoa, %8,7ko tasa baitu, eta Donostiak du tasarik txikiena, %5,8.

Landunak, gero eta gehiago

Espainiar herritartasuna dutenen langabezia tasa ere %5,8 da, eta espainiar herritartasuna ez dutenen artean tasa %18ra handitzen da, aurreko hiruhilekoko %19,5etik jaitsita.

Azken hiruhilekoetan bezala, landunen kopurua goraka ari da etengabe EAEn. Eustatek 997.100 landun zenbatetsi ditu, emaitzarik handiena 1985. urteaz geroztik. Aurreko urteko hiruhileko berean baino 500 landun gehiago dira, eta 4.500 gehiago dira aurreko hiruhilekoan baino.

Landunen igoera soilik gizonezkoetan gertatu da. 6.100 landun gehiago daude haien artean, eta aldiz, 1.600 gutxiago emakumezkoetan

Azken horietatik 3.800 izan dira espainiar herritartasuna ez dutenak, eta 700 espainiar herritartasuna dutenak.

Hori bai, landunen igoera soilik gizonezkoetan gertatu da. 6.100 landun gehiago daude haien artean, eta, aldiz, 1.600 gutxiago emakumezkoetan.

Herrialdeka, Bizkaian 3.900 landun gehiago daude, Gipuzkoan 2.500 gehiago eta Araban 2.000 landun gutxiago. Hiriburuei dagokienez, Bilbon 2.200 pertsona igo da enplegu tasa, Donostian 600 lagun eta Gasteizen 3.000 lagun jaitsi da.

Sektoreka, landunen igoerarik handiena zerbitzuetan jazo da (+3.200), eta, gero, eraikuntzan (+1.300) eta industrian (+700). Lehen sektorean, aldiz, jaitsi egin da landunen kopurua, 700 lagun.

Soldatapeko langileak 823.700 dira, eta horietatik 658.000k dituzte lan kontratu mugagabeak (%79k); aurreko hiru hilekoan baino 6.800 lagun gehiago dira, eta 33.200 gehiago aurreko urtearen aldean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.