Langabezia tasa %7ra jaitsi da EAEn

Eustaten arabera, duela urtebete baino 16.700 langabe gutxiago eta 13.500 landun gehiago daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

lanbide
Lanbideren bulego bat, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 19a
11:00
Entzun

Hazkunde ekonomikoa moteltzeak ez du eten lan merkatuaren hazkundea. Eustaten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2023. urtean murriztu egin zen langabeen kopurua (-16.700) eta handitu, berriz, lana dutenena (+13.500). Aldi horretan pixka bat apaldu da biztanleria aktiboa (-3.200).

Datu horien guztien ondorioz, jauzi nahiko handia egin du langabezia tasak EAEn: %8,5etik %7ra. Tasarik txikiena da 2008az geroztik. Urte horretan lehertu zen Atzeraldi Handia, eta, hortaz, hamabost urte behar izan ditu lan merkatuak egoera horretara itzultzeko.

Lurralde guztietan antzera jaitsi da tasa, baina haien artean bada aldea: Eustatek dio Gipuzkoan biztanleria aktiboaren %5,4 baizik ez dagoela lanik gabe, baina gehiago dira Araban (%7,6) eta Bizkaian (%7,7).

Adina, langabeziarako faktorea

Aldeak handiak dira adinaren arabera ere. 16 eta 24 urte artekoen %14,8 daude lanik gabe, nahiz eta portzentaje hori asko jaitsi den azken urtean —%19,6 ziren 2022ko azken hiruhilekoan—. Langabezia tasa jaitsi egiten da adinean aurrera eginez gero: 25-44 tartekoetan %7,9 daude lanik gabe, eta %5,5, berriz, 45 urtetik gorakoetan.

datuak

%9,2

Hiribururik handienetan handiagoa da langabezia tasa. Bilbon, %9,2 daude lanik gabe, eta Gasteizen, berriz, %8,8. Askoz tasa apalagoak dituzte Donostian (%5,9) eta gainontzeko udalerrietan (%6,2).

%17,4

Herritartasuna ere faktore bat da enpleguan. Espainiako herritartasuna dutenen %5,7 daude lanik gabe, baina ez dutenen artean %17,4 dira.

Langabezia erregistratuaren datuetan ez bezala, Eustaten biztanleria aktiboaren inkestan ez da alde esanguratsurik ikusten sexuen artean. Kontrara, langabezia tasa handiagoa eman die gizonei (%7,1) emakumeei baino (%6,9).

Baina Eustatek berak ohartarazi du bere inkestari erantzun dioten langabeen %37,5 ez daudela langabe gisa erregistratuta Lanbiden. «Enplegu eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke», azaldu du estatistika erakundeak. Eustatek OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen definizioa erabiltzen du langabeak zeintzuk diren erabakitzeko. Horren arabera, langabea da lana egin nahi duen arren lanik ez duen eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari den pertsona bat.

Landun gehiago, baina aktibo gutxiago

Landunen kopurua gehiago handitu da emakumeen artean (+8.200) gizonen artean baino (+5.400), baina oraindik gizonen artean dago okupazio tasa handiagoa: 16 urtetik gorakoen %60,7 daude lan merkatuan (lanean edo langabezian), eta emakumeen %51,6 baizik ez. Edonola ere, biztanleriaren zahartzearen ondorioz-edo, jarduera tasa gutxika-gutxika txikitzen ari da: %56,9 izan zen 2019an, eta batez beste %56,2 izan da 2023an.

ia 100.000 gizonek ez dituzte Etxeko lanak egiten

Eustaten biztanleria aktiboaren inkestak etxeko lanei ere erreparatu die, eta bi ondorio atera daitezke bildutako datuetatik. Lehenik, askoz gizonezko gehiagok (99.100) onartu dute ez dituztela etxeko lanak egiten edo «nekez» egiten dituztela; emakumeen artean, 54.000 dira. Bigarrenik, dela etxeko lanetan inplikazioa handitu delako, dela hori esateko presioa handiagoa delako, gutxitu egin dela etxeko lanetan aritzen ez direnen kopurua, batez ere gizonen artean (2019an 142.900 ziren).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.