Badirudi ekonomia zertxobait hozten hasi dela. Eustatek gaur eman ditu urteko lehen hiruhilekoko datuak, eta, haien arabera, denera 991.500 landun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, abenduan baino 5.400 gutxiago. Enplegua zutenen kopurua etengabe handitu zen 2024ko irailera arte, eta 997.100 zenbatu zituen Eustatek orduan, 1985. urteaz geroztik izandako gehien. Baina abenduan 2.000 gutxiago izan ziren, eta joera agerian geratu da orain. Hori ikusita, litekeena da landunen kopuruak goia jo izana.
Dena den, lan merkatuak ondo eutsi dio urte hasierari. Normalean, langabezia tasak gora egiten du garai horretan, baina hamarren bat egin du behera 2024ko azken hiruhilekotik 2025eko lehenengora, %7,1etik %7ra. Ondorioz, duela urtebete baino ia puntu bat apalagoa da langabezia tasa, orduan aktiboen %7,9 baitzeuden lanik gabe.
Langabeen kopurua ere apaldu da, baina ez landunena bezainbeste: denera 74.300 langabe daude EAEn, hiru hilabete lehenago baino 1.300 gutxiago. Bi datu horiek kontuan hartuta, jarduera tasa apaldu egin da, eta %56koa da orain, aurreko hiruhilekokoa baino %0,3 txikiagoa.
Lurraldeka, Araban 1.400 pertsona gutxiagok esan diote Eustati ez dutela lanik: 9.900 dira guztira, eta langabezia tasa %6,1 da, duela hiru hilabete baino zortzi hamarren gutxiagokoa. Bizkaian eta Gipuzkoan duela hiru hilabeteko langabe kopuru bera zenbatu dute. Bizkaian 44.200 dira, eta tasa %8koa da. Gipuzkoan, berriz, 20.200 pertsonak diote lanik gabe daudela, eta tasa hiru lurraldeetako apalena da: %5,7. Horrela, EAEko langabezia tasa Europako Batasuneko batezbestekoaren gainetik dado (%5,7).
Hiriburuei dagokienez, zortziehun langabe gutxiago daude Gasteizen, hirurehun gehiago Bilbon, eta bederatziehun gehiago Donostian. Horiek horrela, Arabakoa bilakatu da langabezia tasarik apaleneko hiriburua (%6,5), Gipuzkoakoari aurre hartuta (%7,1). Bilbon %9koa da.
Arrakala apaldu da
Oraindik ere, langabezia tasa handiagoa da emakumeen artean, baina azken hiruhilekoan nabarmen txikitu da tartea: emakumezkoena %7,7tik %7,1era jaitsi da, eta gizonezkoena, berriz, %6,4tik %6,8ra igo. Kopuru orokorrei begiratuta, duela hiru hilabete, langabezian zeuden emakumeak gizonak baino 4.800 gehiago ziren, baina, orain, gizonak zortziehun gehiago dira. Dena den, kontuan hartu behar da emakume gutxiago ari direla etxetik kanpoko lanetan: 513.300 gizon eta 478.200 emakume.
Sektoreka banatuta, urte hasieran ohikoa izaten den moduan, behera egin du zerbitzuetan beharrean dabiltzan langileen kopuruak —8.600 landun gutxiago—, baina oraindik ere arlo horretan aritzen da langile gehien, nabarmen gainera: 724.100 behargin dira. Lehen sektorean dabiltzanak urte hasieran baino seiehun gutxiago dira, nahiz eta sektore horrek 9.500 laguni soilik ematen die lana. Industrian eta eraikuntzan, berriz, langile gehiago daude orain: industrian 2.300 gehiago eta eraikuntzan 1.600 gehiago.
Adin tarteei erreparatuta, 16 eta 24 urte bitarteko gazteen artean berdin eutsi dio langabezia tasak: %13koa da. 25 eta 44 urte artekoen artean, hiru hamarren egin du gora, %7,6raino, eta 45 urtetik gorakoen artean, berriz, lau hamarren behera, %5,8raino.