Ohi duen moduan, urteko bigarren hiruhilekoa ona izan da lan merkatuarentzat, behera egin baitu langabeen kopuruak eta gora, berriz, landunenak. Eustatek gaur kaleratu dituen datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 80.100 langabe izan ziren hiruhileko horretan, urteko lehenengoan baino 4.500 gutxiago. Horrenbestez, lau hamarren jaitsi da Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia tasa, %7,5eraino.
Gipuzkoan jaitsi da gehien langabe kopurua (-2.400), eta lurralde horrek du, gainera, langabezia tasarik txikiena, %5,6koa (-0,7). Araban, biztanle aktiboen %7,7 daude lanik gabe (-0,1), eta Bizkaian, berriz, %8,6 (-0,5). Antzeko joera ikusten da hiriburuetan ere: Bilbok du tasarik handiena (%9,4), eta ondotik ditu Gasteiz (%8) eta Donostia (%6,4).
Langabe kopuruari buruzko datu desberdinak ematen dituzte biztanleria aktiboaren inkestek eta langabezia erregistratuaren datuek. Horrela, ekainaren amaieran 106.367 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Lanbideren bulegoetan, eta 26.000 gutxiago zenbatu ditu Eustatek.
Inoiz baino landun gehiago
Baina langabe kopurua baino gehiago, 2024ko bigarren hiruhilekoko berritasun nagusia da goia jo duela landunen kopuruak. Eustaten arabera, 992.600 lagunek dute enplegu bat hiru lurraldeetan, inoizko kopururik handiena. Azken hiruhilekoan 11.700 landun batu ditu ekonomiak.
Batez ere emakumeen artean handitu da enplegua (+8.300), eta dagoeneko okupatuen %48 dira.
Zerbitzuetan handitu da gehien enplegua (+10.100), baina datu positiboak izan dira lehen sektorean (+1.000) eta eraikuntzan (900) ere. Industriak, berriz, 300 landun galdu ditu, eta ozta-ozta gainditzen du %20ko pisua enpleguan.
datuak
%59,4Kide guztiak lanean dituzten familiak. Eustaten arabera, 922.100 etxegune edo familia daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horietatik %59,4tan kide aktibo guztiek dute lana.
28.300Kide guztiak langabezian dituzten familiak. Askoz gutxiago dira kide guztiak dituzten familiak: %3 edo 28.300. Gainera, urteko lehen hiruhilekoan baino mila gutxiago zenbatu ditu Eustatek oraingoan.
%56,6Jarduera tasa. Bi hamarren egin du gora jarduera tasak, hau da, lanean ari direnek biztanleria osoan duten pisua. %56,6 dira. Gizonen %61,2k dute enplegua, eta emakumeen %52,3k.
Eustatek dio enplegu egonkorra dela sortutakoaren zati handi bat. Horrela, 13.900 soldatapeko gehiago daude lehen hiruhilekoan baino, eta horietatik 10.900k dute kontratu mugagabea, eta 2.800k, aldiz, aldi baterako kontratua edo ez dute kontraturik. Soldatarik gabekoak (autonomoak), berriz, 2.100 gutxiago dira.