Espainiako Gobernuko Lan Ministerioak akordioa lortu du UGT eta CCOO sindikatuekin langabeziagatiko subsidioa erreformatzeko. Hilean 480 eurotik 570 eurora igoko da; kolektibo gehiago babestuko ditu; kasu batzuetan, lanarekin bateragarria izango da; eta 52 urtetik gorako onuradunen kotizazio oinarria %125ean mantenduko da.
Langabezia saria bukatu zaien langabeek edo hura jasotzeko nahikoa kontribuziorik egin ez dutenek jaso dezakete subsidioa, eta gehien-gehienak 52 urtetik gorako langileak dira. Subsidio gehienak 30 hilabete artekoak izaten dira. Gaur egun, Hego Euskal Herrian 26.000 pertsonak jasotzen dute prestazio hori.
Bigarren aldia da gobernua subsidioa aldatzen saiatzen dena. Europako Batzordearen hitzartu zuen hori egitea, Next Generation funtsen harira agindutako erreformen haria. Aurreneko saioa urtarrilean egin zuen. Orduan, dekretu bidez ahalegindu zen, gizarte eragileekin negoziatu gabe, eta Diputatuen Kongresuak atzera bota zuen. Gobernuaren neurrien aurka bozkatu ohi duten alderdiei Podemos batu zitzaien.
Oraingoan, itxura guztien arabera, erreformak aurrera egingo du, Podemosek atzera bota zuen puntua aldatu egin baitu Yolanda Diazen ministerioak, 52 urtetik gorakoen kotizazioarena: urtarrileko dekretuan %100 izatea jasotzen zuen, eta arau berriak egun dagoen moduan mantentzea jasotzen du, %125ean.
Hobekuntzak
Subsidioaren modalitateak kalkulatzeko orduan, IPREM errenta adierazle publikoa hartzen da kontuan. Erreforma indarrean sartuz gero, horren %95 izango da, eta ez %80, orain arte bezala. 2024an, IPREM 600 eurokoa da hilean; beraz, subsidioa 570 euro izango dira hilean, %90era jaitsiko da hurrengo sei hilabeteetan —540 euro hilean—, eta %80an mantenduko dira prestazioak irauten duen gainerako denboran.
26.199Hego Euskal Herrian 26.199 langabek jaso zuten subsidioa martxoan, astelehen honetan SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak jakinarazi dunez. Hego Euskal Herrian lanik gabe erregistratukoen %18,41 da hori. 74.215 pertsonak (%52,15) ez dute langabezia saririk jasotzen.
Aldaketa horrek salbuespen bat izango du, eta horrek onuradun gehienei eragingo die: langabezian dauden 52 urtetik gorakoei. Gaur egun bezala mantenduko da, 480 euroan, haien kotizazio oinarria handiagoa delako. Baina haien kasuan subsidioak ez du epemugarik, eta erretiroa hartu arte jaso dezakete.
Beste hobekuntza batzuk ere badakartza akordioak. Lanaldi partzialean lan egin dutenentzako subsidio partzialak kenduko dira; horrela, zenbateko osoa kobratuko dute, lanaldi osoko langileak balira bezala. Neurri horrek emakume askori eragingo diela nabarmendu du Diaz ministroak, haien artean zabalduago baitago kontratu mota hori. «Sakonean erreforma feminista bat da hau», hau azpimarratu du.
UGTk eta CCOOk ere txalotu dute akordioa. Haien arabera, lan bila dabiltzanak laguntzeko prestazio bat da subsidioa, eta ez «sari» bat. Nabarmendu dute adostutako neurriak baliagarriak izango direla egoera horretan dauden milaka pertsonaren bizi baldintzak hobetzeko.
CEOE eta Cepyme patronalek, berriz, akordioa sinatu ez duten arren, ez dituzte edukiak kritikatu. Bai, ordea, Diazen jarrera. Ohar batean, salatu dute ez dela «benetako negoziaziorik» egon, eta igandean Katalunian egingo diren bozei begirako «estrategia politikoaren» barruan kokatu dute Sumar alderdiko ministroak bi sindikatuekin eginiko akordioa.
Onuradun gehiago
Araudi berriarekin, zabaldu egingo da subsidioa jaso dezaketen kolektiboen zerrenda: tartean, sexu indarkeriaren biktimak eta beste herrialde batean lan egin eta itzulitako pertsonak.
Gazteenei ere egingo die mesede. Hamabi hilabete baino gutxiago kotizatua dutenek —kotizaziopeko prestazio bat jasotzeko gutxieneko denbora— subsidioa jaso ahal izango dute. Neurri horrek batez ere lan merkatuan hasi berriei eragingo die.
Aurrerantzean ere, familia kargarik gabeko 45 urtetik beherako langabeek ere aukera izango dute, langabezia saria bukatu bazaie —orain arte, 45 urtetik gorakoak soilik sartzen ziren familia kargarik gabeko kasuetan—.
Nekazaritza alorrean behin-behinean aritzen diren langileek ere aukera izango dute nekazaritza errentaren subsidioa jasotzeko; orain arte, erkidego gutxi batzuetan soilik ematen zen.
Badago beste berrikuntza bat. Subsidioa eta lana bateragarriak izango dira, betiere besteren kontura egindako lana bada ,180 egunez gehienez, eta 1.350 eurora arteko mugarekin. Subsidioaren zenbatekoa lanaldiaren araberakoa izango da: IPREM indizearen %80koa, lanaldi osokoa bada; eta %60koa, lanaldiaren %50 baino gutxiagokoa bada. Zenbateko horiek lehen hiruhilekorako izango dira, eta hortik aurrera murriztu egingo dira.
Subsidioa beste laguntza batzuekin bateragarria izango da aurrerantzean ere: diru laguntzak bermatzeko errentarekin eta Nafarroako errenta bermatuarekin.
Bestalde, langabezia saria kobratzeari uzten zaionetik subsidioa eskatu eta jaso arte itxaron behar zen hilabeteko epea kendu egingo da, baina sei hilabete igaro ondoren eskatu ez bada, subsidiorako eskubidea ukatu egingo da.