Langabezia sarien onuradunek errenta aitorpena egin beharko dute

Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak diote ez dela euren erantzukizuna betebehar hori ezartzea. Bihar sartuko da indarrean 2/2024 lege dekretua, eta beste aldaketetako bat da subsidioa hilean 90 euro igoko zaiela onuradunei.

Nafar Lansareren bulego bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafar Lansareren bulego bat, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko urriaren 31
05:00
Entzun

Bihar sartuko da indarrean 2/2024 lege dekretua, eta orain gutxi arte oharkabean pasatu da aldaketa nagusietako bat. Datorren urtetik aurrera, langabezia saria jasotzen dutenak errenta aitorpena egitera derrigortuta egongo dira; izan ere, laguntza hori bertan behera geratuko zaie «erakunde gestoreak egiaztatuz gero aitorpena aurkezteko betebeharra ez dela bete». Europako Batasunaren 2019an onartutako zuzentarau baten edukia bere egiteko beharrari erantzuten dio erreformak. Hona aldaketa nagusiak:

1

Errenta zerga ordaintzeko betebeharra

Lanik gabe geratu diren eta sei urteren buruan gutxienez urtebetez kotizatu dutenek daukate langabezia sari arrunta jasotzeko eskubidea. Subsidioa, berriz, sari arrunta agortu dutenek edo haren baldintza betetzen ez dutenek jaso ohi dute. Haren iraupena kotizatutako hilabeteen, ardurapeko senide kopuruaren edo adinaren araberakoa da —gehienez, 30 hilabetez—.

Orain arte, langabezia sariren bat —sari arrunta, subsidioa edo besteren bat—  jasotzen zuten askok ez zuten errenta aitorpena egin beharrik baldin eta urtean legeak zehaztutako mugatik beherako diru sarrerak izanez gero. Muga horiek aldatu egiten dira Hego Euskal Herrian, lurraldearen arabera: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan salbuetsita daude 14.000 eurotik beherako errenta dutenak ordaintzaile bakarra dutenean eta 20.000 euro bi ordaintzaile edo gehiago dituztenean; eta Nafarroan 14.500 eurotik beherakoak, ordaintzaile bakarra edo gehiago dutenean. 

Aldaketak zeharka eragingo die Hego Euskal Herriko lau ogasunei. Diputazioek azpimarratu dute ez dela euren erantzukizuna. «Errentaren arabera, irizpide kuantitatibo batzuk ditugu, eta horren arabera ez da garrantzitsua langabezia sarien onuraduna den ala ez. Berez, aitorpena aurkezten badute, ez gara gu hori exijitzen dugunak». Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun departamentua iritzi berekoa da. Barne iturriek azaldu dute aldaketak Nafarroan nola eragingo dien aztertzen ari direla.

76.964

 

Hego Euskal Herrian 76.964 langabek jaso zuten saria irailean: berez, 50.449 langabek jaso zuten sari arrunta; beste 24.581ek subsidioa, eta 1.934k bestelako saria. Lanik ez dutenen artean, 63.806k ez dute laguntzarik jasotzen.

Ikusteko dago nola eragingo dion onuradun bakoitzari. Hego Euskal Herrian, SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoa arduratzen da sarien tramitazioaz eta ordainketaz. Lan Ministerioak azaldu du laguntza ekonomikoa eskatzeko orduan ez dela beharrezko izango aitorpena aurkeztea; soilik, hari eusteko orduan galdegingo da. 

Orain arte, errenta aitorpena egitea ez zegokienei —batik bat subsidioa jasotzen dutenei— ez zieten zerga atxikipenik ezartzen. Orain, aldiz, suposatzen da hileroko ordainketan atxikipena aplikatuko dela, eta aitorpena egiterakoan biribilduko dela azken kuota. Atxikipena, hain justu, lanbide arteko gutxieneko soldataren araberakoa da —15.876 eurokoa da gaur egun—, eta onuradunen baldintzen arabera, kenkariak aplikatzen dira —senideak, ezgaitasuna, egoera pertsonala...—. Horrek zehaztuko luke kuota nola geratuko zaien: itzuli edo ordaindu.

Hain zuzen ere, hori da lege aldaketa bultzatu duen alderdiak, Sumarrek emandako argudio nagusia. Yolanda Diaz Lan ministroaren arabera, euren aldeko kuota geratuko zaienez gehienei, laguntza gehigarri bat izan daiteke. Halaber, diru sarrera apalenak dituzten gizarteko sektoreen argazki zehatzagoa izateko balioko luke, ministerioaren esanetan.

2

Subsidioa handituko da

Alde batetik, subsidioa handitu egingo da. Laguntza publikoak kalkulatzeko IPREM errenta adierazle publikoa erabili ohi da —600 eurokoa 2023an—. Hala, orain arte adierazle horren %80 jasotzen zuten onuradunek: 480 euro. Gaurtik aurrera, %95 aplikatuko zaie lehen sei hilabeteetan eta 570 euro jasoko dute; 90 euro gehiago, alegia. Urte erdia igarota, IPREM adierazlearen %90 jasoko dute beste urte erdiz —gaur egun, 540 euro—. Urtebete igarota, jaitsiz joango da ehunekoa, subsidioak irauten duen bi urte erdiko epearen amaiera aldera %80ra iristeraino. 

Aldaketak salbuespen bat izango du. Lanik gabe dauden 52 urtetik gorakoek IPREMen %80 jasotzen jarraituko dute, haien kotizazio oinarria %125ekoa delako. Alta, haien kasuan, subsidioak ez du epemugarik, eta erretiroa hartu arte jaso dezakete.

3

Estaldura hobetuko da

Zabaldu egingo da subsidioa jaso dezaketen zerrenda: tartean, indarkeria matxistaren biktimak eta beste herrialderen batean lan egin eta itzulitako pertsonak. Gazteenei ere egingo die mesede: kotizaziopeko prestazio bat jasotzeko gutxieneko denbora urtebetekoa bada ere, hamabi hilabete baino gutxiago kotizatua dutenek ere eskubidea izango dute subsidioa jasotzeko, eta, ondorioz, lan merkatuan hasi direnei eragingo die. Halaber, familia kargarik gabeko 45 urtetik beherako langabeek aukera izango dute prestazioa jasotzeko baldin eta saria agortu bazaie —orain arte, 45 urte gorakoek zuten eskubide hori—.

Gainera, lanaldi partziala dutenentzako lanaldi partzialak kendu egingo dira, eta zenbateko osoa kobratuko dute, lanaldi osoko langileak balira bezala. Hori da berrikuntzetako bat: subsidioa jasotzea eta lan egitea bateragarriak izango dira. 

4

Autonomoen kotizazioa 

Hego Euskal Herriko 212.200 autonomoek gaurtik aurrera jakingo dute zein den Gizarte Segurantzari ordaindu behar dioten kuota erreala. Izan ere, 2023ko urtarriletik diru sarreren estimazio baten arabera kalkulatzen da ordaindu beharreko kuota. Gizarte Segurantzak autonomo bakoitzari jakinaraziko dio gehiegi ordaintzen ari den edo behar baino gutxiago ordaintzen ari den eta hilabeteotan pilatutako diferentzia pagatu beharko ote duten. Ogasunarekin datuak gurutzatuta egin dute hori, jakiteko zehazki zer diru sarrera dituen autonomo bakoitzak.

Iazko urtarriletik, kotizazio sistema berri bat ezarri zitzaien autonomoei, eta euren diru sarreren araberako kuota bat ordaindu behar dute. 2023 aurretik, autonomo bakoitzak aukeratu zezakeen zer kuota pagatu. Hilabeteotan diru sarreren estimazio bat egin da, baina gaurtik aurrera diru sarrerak hartuko ditu aintzat Gizarte Segurantzak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.