Langabezia saria erreformatzeko akordioa lortu dute Frantziako patronalak eta sindikatu batzuek

Prestazio txikiagoa izango dute mugaz gaindiko langabeek, eta adinekoentzako sari handiagoak lortu ahal izateko adina bi urte atzeratuko da. Kalkulatu dute erreformaren bitartez langabezia sarian egindako gastua 600 milioitik gora murriztuko dela urtero.

Frantziako sindikatuetako ordezkariak, artxiboko irudi batean. MIGUEL MEDINA / EFE
Frantziako sindikatuetako ordezkariak, artxiboko irudi batean. MIGUEL MEDINA / EFE
Iker Aranburu.
2024ko azaroaren 15a
12:15
Entzun

Frantziako lehen ministro Michel Barnierren gobernuari aire pixka bat eman diote patronalek eta sindikatu batzuek. Langabezia saria erreformatzeko eta adineko langileentzat kontratu berezi bat sortzeko akordioa lortu dute, eztabaida luzeen ondoren. «Elkarrizketa sozialari lekua egiteak fruitua eman du», ziurtatu du Maud Bregon gobernuko bozeramaileak. 

Iaz ere aritu ziren negoziatzen, eta ados jarri ziren puntu batzuetan, baina Gabriel Attalen gobernuak geratu egin zuen erreforma. Orduan hitzartutakoaren gainean negoziatzen aritu dira azken hiru asteetan, eta atzo arratsean eman zuten akordioaren berri. Oraindik, baina, urrats garrantzitsu bat egin behar dute: erakundeetako zuzendaritza organoek ontzat jotzea negoziatzaileek adostutakoa.

Medef eta U2P patronalei dagokienez ez da arazorik espero, baina gauzak konplikatuagoak dira sindikatuetan. CFDTn eta CFTCn baino, FOn izan daitezke zailtasun handiagoak. Beste sindikatu nagusiek  (CGT, Solidaires, CGC eta Unsa) erreformaren puntu bakan batzuk soilik onartzen dituzte. 

Intermitenteak ez dituzte ukituko

Bidean geratu da patronalek egindako eskaera bat, kulturako langile intermitenteei langabezia saria mugatzearena. Sindikatuek haserre erantzun zioten eskaera horri, eta, sektoreko langileen lehen protestak hasi eta berehala, alde batera geratu zen proposamena.

Sektore antolatua da kulturako langileena, baina halakorik ez da espero langabezia saria erreformatzearen kaltea jasango duen beste talde batean: mugaz gaindiko langileenean. Gaur egun, soldataren araberako langabezia saria jasotzen dute, baina, proposamena lege bihurtuz gero, koefiziente bat sortuko da, eta haren arabera kalkulatu dute. Neurriak Suitzan eta Luxenburgon lan egiten dutenei eragingo die batez ere, bi herrialde horietan soldatak nabarmen handiagoak baitira.

Ikusteko dago nola eragingo dien murrizketak Ipar Euskal Herrian bizi eta Hegoaldean lan egiten dutenei, Bidasoko bi aldeen artean ez baitago alde izugarririk soldatetan, eta, izatekotan, Iparraldean handiagoak dira.

%7,4

Langabezia tasa. Azken urteetan behera egin du langabezia tasak Frantzian. Inseeren arabera, %7,4koa izan zen aurtengo hirugarren hiruhilekoan. Emmanuel Macron boterera iristean, 2015eko maiatzean, tasa %9,6koa zen.

Bada langabe guztiei eragingo dien murrizketa bat. Gaur egun, langabezia saria aldatu egiten da hilabetearen arabera, egun kopurua aldatzen delako. Aurrerantzean, berriz, kalkulatuko dute denek 30 egun dituztela, otsailak izan ezik (28, baina beti).

Adin batetik gorako langabeei eragiten die neurrietako beste batek: gaur egun, 53 urtetik gorakoek eskubidea dute saria 22,5 hilabetez jasotzeko, eta 55 urtetik gorakoek, berriz, 27 hilabetez jasotzekoa. Aurrerantzean, eskubide horiek izateko adina bi urtez atzeratu dute, 55 eta 57 urteraino.

2.500 milioiren aurrezkia

Erreformaren helburua zen langabezia sarian egiten den gastua murriztea, galera handiak pilatu direlako hura kudeatzen duen kutxa publikoan. Gobernuak urtero 400 milioi aurreztu nahi zituen, baina kalkulatu dute akordioaren bitartez 2.500 milioi aurreztu daitezkeela lau urtean, hau da, 600 milioi eurotik gora urtero. Neurriak lau urtez izango dira indarrean.

Erreformak, ordea, baditu langabezia sariaren kutxatik dirua aterako duten neurri batzuk ere. Hain zuzen, enpresek langabezia sarirako egiten duten ekarpena soldata gordinaren %4,05etik %4ra jaitsiko da —1.500 milioi gutxiago lau urtetan—.

Halaber, gastua handituko du langabezia saria jasotzeko eskubidea dutenen kopurua handitzeko aukerak ere. Izan ere, erreforma indarrean jartzen bada, saria eskuratzeko nahikoa izango da frogatzea azken 24 hilabeteetan bost hilabetez lan egin dela, eta ez sei hilabetez, orain arte bezala. Sasoikako langileek eta lan merkatuan sartzen direnek saria jasotzeko eskubide gehiago izatea ere lortu dute sindikatuek.

Kontratuak

Baina langileen sariari dagokionez ez ezik, adineko langileei dagokienez ere akordioa lortu dute enpresaburuen elkarteek eta langileen ordezkariek. «Esperientziari balioa ematen dion kontratu» delako bat sortuko dute, eta bost urtez probatuko dute. 60 urtetik gorako langabeak kontratatzen dituztenei egin ahal izango zaizkie.

Kontratu horren bidez, soldata %30 txikiagoa bada aurreko lanpostukoa baino, harekin batera langabeziaren zati bat  jaso ahal izango du langileak. Enpresek gutxiago kotizatu beharko dute kontratu horien truke, baina dirua itzuli beharko dute langilea kaleratuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.