«Inoiz ez bezalako krisi batean gaude», nabarmendu zuen atzoCarmen Maeztuk, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak. Pandemiak eta hari aurre egiteko konfinamenduak inoiz ikusi gabeko hozkada eman zioten barne produktu gordinean, %15,6koa. Bigarren hiruhilekoko atzerapauso handi horrek isla izan zuen lan arloan, Nafarroako Errealitate Sozialaren Behatokiak egindako azterketa baten arabera. Txostenak agerian utzi du langabezia gehien igo diren eskualdeak Iruñerria, Sakana eta batez ere Pirinioak eta Leitza aldea izan direla. Sektoreka, berriz, berrogeialdiak gehien eragindako jardueretan islatu da egoera hori: hezkuntzan %76 jaitsi dira kontratazioak, ostalaritzan %80, eta autogintzan %90.
Ezkortasuna adierazten duten datuen erdian, Maeztuk baikortasun dosi txiki bat eman nahi izan zuen. Izan ere, bigarren hiruhilekoa pandemiak gehien eragin duen garaia izan da, eta, udan jarduera ekonomikoa apurka leheneratzen ari denez, langabeziak behera egin du, eta afiliazioak gora. Hala ere, zuhur jokatu nahi izan du Maeztuk, «suspertzearen zantzuak ahulak baitira, eta ziurgabetasuna, berriz, handia».
Txostenak eskualdeen egoera aztertu du. Nafarroan, langabeziak %16 egin zuen gora, lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Baina eskualde batzuetan hortik gora hazi zen: Iruñerrian (+%17,9), Iruñerri inguruko eskualdeetan (%+22,3), Izarbeibarren (+%17,7), Sakanan (+%18,1), Leitza aldean (+%24,4) eta Pirinioetan (+%29,5). Beste batzuetan, berriz, igoera askoz apalagoa izan da, hala nolaBidasoan (+%8,1), Zangoza aldean (+%6,7), eta Lizarraldeko Erriberan (+%2,5).
Erregulazioen eragina
Apiriletik ekaiera bitartean, batez beste 40.681 lagun agertu ziren langabe gisa Nafar Lansareren bulegoetan. Lehen aldiz, langabe kopurua baino handiagoa izan da prestazioa jaso dutenena (43.454). Izan ere, aldi baterako enplegu erregulazioan egon direnek saria jaso dute, nahiz eta berez ez diren langabeak. Gainera, enpresek konpromisoa hartu dute langileak berriz hartzeko eta sei hilabetean ez kaleratzeko. Maezturen arabera, konfinamenduak enplegua azkar suntsitu badu ere, erregulazio espedienteak babesleku bat izan dira. Alta, azterketak kezka bat islatu du: «Aldi baterako erregulazioak babes tresna bikaina dira orain, baina langabezia handiagoa ezkuta dezakete».
Kontratazioak eta afiliazioak behera egin dute nabarmen. Deigarria da apiriletik ekainera 39.222 kontratu gutxiago izenpetu izana, eta haietatik gehienak, 27.306, Iruñerrian egin zirela; hots, jaitsiera handiena izan duen eskualdean.
Errealitate horri lotuta, afiliazioak behera egin du sektore guztietan, hirutan ezik: nekazaritzan %0,8 igo da Gizarte Segurantzan izena eman duten langileen kopurua; administrazio publikoan, %2; eta osasun zerbitzuetan, %1,7. Hain zuzen, aurreko urtearen aldean, osasun beharrei aurre egiteko 1.995 langile gehiago daude izen emanda.
Gizonezkoak eta gazteak
Langabeziaren igoera handia izan da, apiriletik ekainera 9.274 langabe gehiago izan baitira. Sexuaren arabera, gizonezkoek gehiago nabaritu dute igoera hori, haien artean %40 igo baita langabezia.
Emakumeen artean %22,6 handitu bada ere, oraindik ere andreak dira gehiengo zabal bat langabeen artean (%57).
Adinari erreparatuz gero, gazteak gogor jo ditu krisiak: 25 urtetik azpikoen artean %50,8 handitu da langabezia, eta 25 eta 34 urte dituztenen artean, berriz, %46,2.
Langabezia Pirinioetan eta Leitza aldean igo da gehien Nafarroan
Apiriletik ekainera bitartean, autogintzan kontratazioak %90 egin du behera, eta ostalaritzan %80
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu