Langabezia nahiago ordu estrak baino

Txinaren hazkundearen moteltzeak enplegu aukerak txikitu ditu, eta gazteak ez daude prest nolanahiko lanpostuak onartzeko. Pekingo gobernua trikimailuak egiten ari da gazteen langabezia tasa txikitzeko.

Hiru gazte lan eskaintzei begira, enplegu azoka batean, Jinhua hirian. SHI KUANBING / EFE
Hiru gazte lan eskaintzei begira, enplegu azoka batean, Jinhua hirian. SHI KUANBING / EFE
Olatz Urkia
2024ko irailaren 15a
05:00
Entzun

Txinan amaitu da hamarkadetako hazkunde azkarra. Azken hilabeteetako langabeziaren datuak inoizko txarrenak dira: 16-29 urte bitarteko gazteen artean, bostetik batek ez du lanik. Gobernuarentzat hain da txarra datu hori, arazoa ezkutatzeko hainbat saiakera egin baititu: sei hilabetez datuak argitaratzeari utzi diote, eta ondoren gazteen arteko langabezia neurtzeko aldaketa bat iragarri dute: ez dituzte kontuan hartuko oraindik ikasten ari diren gazteak.

Trikimailu horrekin, langabeziaren datuak zertxobait hobetu dira, baina adituek diote datu berriek ez dutela islatzen errealitatea, ikasten ari diren gazte asko lana aurkitu ezin eta ikasketak luzatzea erabaki dutenak baitira.

Hazkundearen geldotzea poliki gertatu den arren, kolpe handiena pandemiarekin etorri da: Txinak hiru urtez mantendu zuen zero kutsapeneko politika, eta horrek enpresa asko hondoratu ditu; asko oraindik ez dira gai izan egoerari erabat buelta emateko.

txina langabezia
Gizon gazte bat aulki batean lotan, Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE

Alberto Lebron ekonomialaria Txinan aditua da: «Kontsumitzailearen konfiantza erabat erori zen 2022an, COVID-19aren omikronaren garaian, eta ez da lehengo egoerara itzultzea lortu. Orain, Txinan, aurrezpen tasa munduko handiena da: %35 inguru. Pandemia hasi baino lehen, jendea gehiago kontsumitzen ari zen, baina orain, berriz, aurrezten ari da». Eta aurrezten dena ez da gastatzen, eta hori traba da ekonomiaren gurpilentzat.

«Erdiko eta goiko klaseen artean, adibidez, pandemiaren ondorioetatik kezkagarriena higiezinen sektoreko krisia da. Jendeak etxeak erosteari utzi dio, prezioak erori dira, eta, ondorioz, higiezinetan inbertitu dutenak ez dira lehen bezain aberats sentitzen. Segurtasun faltaren sentsazio hori gehiago sumatzen da talde batzuetan besteetan baino. Hirietako gazteak, ikasketa onak dituztenak, ez dira hain beldur, baina maila handiko ikasketak ez dituztenak, landa eremuetatik hiriburura etorri direnak, bai».

«Hirietako gazteak, ikasketa onak dituztenak, ez dira hain beldur, baina maila handiko ikasketak ez dituztenak, landa eremuetatik hiriburura etorri direnak, bai» ALBERTO LEBRONEkonomialaria

N da horietako bat —ez du bere izena eman nahi—; 35 urte ditu, eta entrenatzaile pertsonala da Pekingo gimnasio batean. Lehenago denetarik egin du: polizia, autobus gidari… Haren ikasle gehienak erdi edo goi klasekoak dira, eta ordu bakoitzeko 50 euro ordaintzen dute, baina gimnasioak hartzen du zati handiena. N-k, hilean 2.000 euro egin ahal izateko, egunero 10-12 orduz egin behar du lan; hilean bi egun libre besterik ez du. Etxe partekatu batean bizi da, gutxi gastatu eta soldataren bi heren aurreztu ahal izateko: «Pekin ez da bizitzeko hiria, lan egin eta dirua aurrezteko lekua baizik. Nire helburua zera da, azkar aurreztu, Gansura itzuli, bertan negozioren bat hasi eta behingoz lasai bizitzea».

«Lehen, uste nuen egunean hamabi ordu lanean pasatzea normala zela, baina hori amaitu da; gazteek ez dute horrelakorik onartzen» NPekingo gimnasio bateko langilea

Hori bai, N-k ez du gustuko ordu estren kultura hori: «Lehen, uste nuen egunean hamabi ordu lanean pasatzea normala zela, baina hori amaitu da; gazteek ez dute horrelakorik onartzen. Pandemiaren ostean, berriz, atzerapauso txiki bat eman da; adibidez, gimnasioko langileok presioa daukagu, eta enpresak hori erabili egiten du; gehiago exijitzen badugu, kanporatu egin gaitzake; erraz aurkituko lukete kondizio horiek onartzeko prest dagoen norbait».

Hirietako gazteen iraultza

Langabezia dela eta, azken urtean, Xi Jinping Txinako presidenteak deia egin die gazteei ordu estrak eta kondizio txarrak onartzeko, baita landa eremuetara lanera joateko ere.

Adierazpen horiek kritika asko sortu dituzte sare sozialetan; ez diote kasu handirik egin. Curriculum ona duten gazteak ez dira langabeziaren beldur, kontrakoa, eta egoera horrek iraultza txiki bat sortu du. Etzanda geratu esaten dioten filosofia segituan hedatu da. Filosofia horren arabera, arazoak daudenean etsi ordez, hobe da lasai-lasai etzanda geratzea. Orain, gazteek bizi egin nahi dute; askok ez dute seme-alabarik nahi, eta gurasoek badute erretiroa ordaindu ahal izateko nahikoa aurrezki.

txina langabezia
Emakume gazte bat propaganda kartel ofizial baten ondoan igarotzen, Shanghain. ALEX PLAVEVSKI / EFE


Feng, 24 urteko pekindarra, lagunekin latte izoztua ari da edaten terraza batean; sei hilabete bete ditu lanik gabe. «Ekonomia ikasi dut. Gurasoek presio egiten didate lana aurkitzeko, eta horregatik dagoeneko hamarren bat elkarrizketa egin ditut, baina eskaintzen dutena txantxa hutsa iruditzen zait. Unibertsitatea hasi nuenean, uste nuen erraza izango zela bi mila euro inguruko soldata lortu ahal izatea. Lan bila hasi nintzenean, ordea, eskaintzen zidatena gehienez mila eurora iristen zela ikusita, krisia izan nuen, baina orain beste era batean ikusten ditut gauzak. Nahiago dut langabezian egon gustuko ez dudan lan bat eduki baino. Ez dut etorkizunean pentsatzen, eta horrela lasai bizi naiz».

«Nahiago dut langabezian egon gustuko ez dudan lan bat eduki baino. Ez dut etorkizunean pentsatzen, eta horrela lasai bizi naiz» FENG24 urteko pekindarra

Gusu millennial-a da, Feng baino hamabi urte zaharragoa. Lan munduan hamar urteko esperientzia du. Pekinen sarritan antolatzen diren lana bilatzeko feria horietako batean dago, postuetako kartelei begira. Gehienek 800 eurotik 1.400 euro bitarterako enplegua eskaintzen dute, baina, behar duten langile motaren ezaugarriak ikusita, Gusuk barre egiten du: unibertsitate ikasketak, masterra, ingelesa, 40 urte baino gazteagoa izatea… Berak 36 urte bete berri ditu: «Eskaintzen duten soldata ez da nahikoa Pekinen bizi ahal izateko. Gainera, adina laster arazo bat izango dela pentsarazten didate. Langile egonkorrak nahi dituzte, ordu estrak egiteko prest daudenak; esperientziadun langileon beldur dira. Hala ere, ez nau kezkatzen: ni ez nago edozer onartzeko prest».

«Nire adinekoek ere gero eta gehiago pentsatzen dugu Z belaunaldiak bezala: lehen, beldur izugarria genion langabeziari, eta orain ikusi dugu hilabete batzuk lanik gabe pasatzeak ez dakarrela mundua amaitzea»GUSU 36 urteko pekindarra

Azken urtean sei lan desberdin izan dituela diosku, lantokian gora egiteko aukerarik ez dagoela ikusten duen bezain laster utzi egin duelako, eta beste batzuetan, enpresak krisia dela-eta itxi egin behar izan duelako. «Izugarri nabaritzen da pandemiaren eragina. Enpresa asko itxi dituzte, hainbat sektoretan. Hala ere, nire adinekoek ere gero eta gehiago pentsatzen dugu Z belaunaldiak bezala: lehen, beldur izugarria genion langabeziari, eta orain ikusi dugu hilabete batzuk lanik gabe pasatzeak ez dakarrela mundua amaitzea. Gurasoak gaixorik ez badaude edo seme-alabarik ez badugu behitzat».

Gusuk etxez aldatu behar izan du egoerara egokitzeko; orain, Pekin kanpoaldean bizi da, eta ordubete behar du metroan erdigunera iristeko. Beste bi lagunekin bizi da, baina nahiago du hori ordu estrak baino. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.