Langabezia gora eta enplegua behera urtearen hasieran

Urtarrilean, 2.302 langabe gehiago erregistratu dira Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan. Gizarte Segurantzak 13.133 kotizatzaile galdu ditu hilabete bakarrean.

Eraikuntzako langile bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Eraikuntzako langile bat, Bilbon, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2025eko otsailaren 4a
09:20
Entzun

Ohi den bezala, urteko hilabeterik beltzena zenbaki gorrietan hasi da enpleguari dagokionez. Eguberrietarako sortzen diren lanpostu asko desagertu egiten dira urtea hastearekin batera, eta horrek ezinbestean ekarri ohi du langabeziak gora egitea eta enpleguak, berriz, behera. 2025. urtea ez da salbuespena izan. 

Espainiako Lan Ministerioak emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 140.037 langabe zeuden erregistratuta urtarrilean, abenduan baino 2.302 gehiago. Abuztuaz geroztiko igoerarik handiena da, baina egia da kopuru nahiko apala dela aurreko urteetako urtarrileko datuekin alderatuz gero. Horrela, iaz 4.125 langabe gehiago ekarri zituen urtarrilak, eta hamar milatik gorako zenbakiak ohikoak ziren iragan ez hain urrun batean.

Lurralde guztietan handitu da langabe kopurua, baina batez ere Bizkaian (+1.148) eta Gipuzkoan (+543). Nafarroan 321 langabe gehiago batu dira, eta Araban, 290.

Langabezia handitu egin da zerbitzuetan (+2.482) eta aldez aurretik enplegurik ez zutenen artean (+9). Gutxitu egin da, berriz, eraikuntzan (-119), industrian (-51) eta lehen sektorean (-19).

Zerbitzuek urtarrileko zenbakietan izan duten eragina ikusten da sexuen araberako banaketan ere. Izan ere, gizonen artean ia ez dago aldaketarik (+129), baina emakumeen artean nabarmena da langabeziaren hazkundea (+2.173). Horrenbestez, langabe erregistratuen %58,5 dira emakumeak, eta %41,5 gizonezkoak. Hain tarte handirik ez dute ematen lan merkatuari buruzko inkestek.

Lan merkatuak moteltzea izan du azken hilabeteetan eta enplegu sorrera moteldu egin da. Baina, hala ere, 2024ko urtarrilean baino 1.855 langabe gutxiago daude orain erregistratuta, eta 2008raino egin behar da atzera oraingo langabe kopurua baino apalago bat ikusteko —eta orduan baino 65.000 afiliatu gehiago ditu Gizarte Segurantzak—.

Jaitsiera handia afiliazioetan

Lan merkatuaren egoera langile kopuruaren arabera ere neurtzen da, eta alde horretatik urtarrileko datuak kaskarrak dira oso. Gizarte Segurantzaren afiliazioetan  beherakada handia izan da, Eguberrietarako sortzen diren lanpostu asko desagertu egiten direlako. Ohikoa izan ohi da hamar mila afiliatu galtzea hilabete horretan, eta aurten ez da salbuespena izan: 13.173 kotizatzaile galdu dira.

Jaitsiera hori gorabehera, duela urtebete baino 15.716 langile gehiago daude, eta 1,3 milioiren langa historikoa erraz gainditzen du afiliatuen kopuruak.

2024ko urtarrilean 4.125 langabe gehiago jaso zituzten Lanbideko eta Nafar Lansareko bulegoek, eta 12.428 afiliatu galdu zituen Gizarte Segurantzak.

Sindikatuek begi txarrez hartu dituzte urtarrileko datua. ELAren arabera, «prekaritatearen errealitate gordina» erakusten dute. «Gabonetako kanpaina igarota, urtaroko enpleguak suntsitu egiten dira berriro, eta, ondorioz, langabeziak gora egiten duela, batez ere emakumeen eta zerbitzuen sektoreko gazteen artean. Gainera, gogoan izan behar da ziurgabetasun testuingurua, aurreikuspen negatiboak baitaude datozen hilabeteetarako, eta horrek eragina izan dezake enpleguan». Horren aurrean,  «antolaketa eta mobilizazioa» eskatu ditu, «baldintza materialak hobetzeko».

LABek, berriz, azaldu du industriaren testuinguru konplexuaren ondorioak ez direla oraindik datuetan azaleratu. «Aldi baterako enplegu erregulazio espedienteak aplikatzen ari dira, kinka larrian dauden milaka langilerentzat behin behineko aukera eskainiz. Epe ertain-motzean, ordea, industria sektorearen bilakaera gertutik jarraitu beharrekoa da, euskal langile zein ekonomian izan dezakeen inpaktuagatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.