LANGABEZIA. AZAROKO DATUAK. «Nork nahi du 57 urteko bat lanerako?»

Langabezia datu beltzen atzean dauden istorioak ez dira samurrak. Inoiz etxetik kanpo lan egin ez duten etxekoandreak lan bila ari dira, eta lanik gabe dauden etorkinak, etxera joatea hobe dutela pentsatzen.

Donostia
2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Komunikabideak goizean goiz hasi dira langabeziari buruzko datuak lau haizeetara zabaltzen. Hainbeste langabe daudela, aurreko hilean baino hainbeste gehiago direla, langabezia tasa hainbeste handitu dela... Zifrak eta ehunekoak barra-barra. Baina zenbaki ilun horien atzean, istorio are ilunagoak daude askotan.

INEMek Donostiako Gros auzoan duen bulegotik atera berri da Francisca Guillan 56 urteko errenteriarra. Sekula ez du etxetik kanpo lanik egin, «beharrik» izan ez dutelako. Baina azken urtean etxean gauzak asko korapilatu zaizkiela dio. Senarrak Irungo enpresa txiki batean lan egiten zuen hamabost urtean baino gehiagoan, engranajeak egiten. Baina krisiak harrapatu, enpresak porrot egin, eta sei langileak kalean geratu ziren duela hamalau bat hilabete.

Senarrak langabezia saria jasotzen du orain -«1.000 euro inguru hilean, baina hori ere laster bukatuko zaigu»-. INEMen izena emanda daukan arren, denbora honetan guztian Guillanen senarrari ez diote inondik deitu lana eskaintzeko. «Erabat etsita dago, itxaropenik gabe, eta ez zaio arrazoirik falta. Nork nahi du 57 urteko pertsona bat lanerako 20 urtekoa hartzeko aukera duenean?».

Bi alaba ditu Guillanek, zaharrena lanean ari da eta gazteena unibertsitate ikasketak egiten. «Alaba zaharrenak lasai hartzeko esaten digu, bera etxean laguntzeko prest dagoela eta nola edo hala egingo dugula aurrera. Baina egunetik egunera gehiago kostatzen da baikorra izatea».

Guillanek erabaki bat hartu du: lanean hasiko da, edo gutxienez, lana topatzen saiatuko. «Nire senarrari kostatzen ari zaionarekin badakit ez dela erraza izango, baina, behintzat, saiatu egingo naiz». Berdin zaio zertan lan egin. Etxera diru pixka bat ematearren edozer egiteko prest dago. «Badakit ez didatela sekulako lanposturik eskainiko, ez baitaukat ez ikasketarik eta ez ezer. Baina garbitzen badakit gutxienez».

Ahmed Hasbun, berriz, marokoarra da, 34 urte ditu eta zazpi urte daramatza Euskal Herrian.Hasierako urteak Arrasaten egin zituen. Iritsi eta berehala hasi zen lanean, eraikuntza enpresa batean. Soldata ona zuela dio, bere gastuak ordaindu eta hilero sorterrira sos batzuk bidaltzeko lain ateratzen zuela behintzat.

Duela lau urte haren emaztea etorri zen Euskal Herrira, eta orduan, Donostiara etortzea erabaki zuten bizitzera. Urte eta erdiko haur bat ere badute. Urte hauetan guztietan eraikuntza izan da haren ogibide nagusia, baina tartean industrian jardutea ere egokitu zaio. «Eraikuntza hobea da, ordu gehiago sartu behar diren arren diru gehiago irabazten delako».

Duela zazpi hilabete, ordea, lanik gabe geratu zen Hasbun. «Kontratua bukatu zitzaidan eta ez zidaten berritu». Langabezia saria kobratzen ari da orain, eta beste hilabete batzuetarako baduela dio. Nahiz eta gauza gaizki egon, ez du itxaropena galtzen. «Zerbait aterako zait han edo hemen, berdin zait zer». Bitartean, INEMek eskaintzen dituen ikastaroak egiten pasatzen du denbora.

Said Nassar ere marokoarra da, 31 urte ditu eta hiru urte daramatza Euskal Herrian. Asmo handiak ekarri zituen maletan, baina ezer gutxi geratzen zaio dagoeneko. Datorren udan ezkondu eta emaztea Euskal Herrira ekartzea zen haren ametsa, baina duela sei hilabete, lanik gabe geratu zenean, dena okertu zitzaion, eta momentuz bertan behera utzi dituztela ezkontzeko asmoak.

Astero joaten da INEMen bulegora, berarentzako moduko lan eskaintzarik baden galdetzera, eta egunkarietako eskaintzak ere goitik behera irakurtzen ei ditu egunero. «Askotan ezetz esaten didate kanpotarra naizelako», dio. Nassarri bukatu zaio langabezia saria jasotzeko eskubidea, denbora gutxi kotizatu duelako Gizarte Segurantzan. Beste laguntza batzuk eska ditzakeela esan diote orain. «Baina ez dakit zer egin. Agian, hobe dut nire herrira itzultzea, horrela bizitzea baino».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.