LANGABEZIA. AZAROKO DATUAK. Langabezia igo egin da azaroan, baina igoeraren erritmoa motelduta

Hegoaldean beste 2.300 lagunek izena eman dute enplegu zerbitzuetan, iazko hilabete berean baino 7.000 gutxiagok

Ivan Santamaria.
2009ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bosgarren hilabetez jarraian, gora egin du langabeziak Hego Euskal Herrian. Azaroan beste 2.300 langabe zenbatu zituen Espainiako Enplegu Zerbitzuak. Maiatzeko eta ekaineko murrizketak alde batera utzita, langabeziaren igoerak ez du etenik izan joan den urteko uztailetik. Dagoeneko, 166.000 pertsona baino gehiago ari dira lan bila Hegoaldeko lau herrialdeetan.

Langabeziaren igoera, hala ere, aurreko hiru hilabeteetakoa baino txikiagoa izan zen. Datua ere ez da txarra, joan den urteko hilabete berarekin alderatuz gero. Iazko azaroan aurten baino 7.000 langabe gehiagok eman zuten izena enplegu zerbitzuaren bulegoetan.

2003tik aurrera azaroan urtero handitu da langabezia Hego Euskal Herrian. Hala ere, iaz eta aurten baino nabarmen txikiagoa izan ohi zen urtero hazkunde hori. Sasoia aintzat hartuta, baikor hartu du Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak. «Langabeziaren hazkundea garai honetan gertatu ohi denarekin bat dator». Iritzi horrekin bat dator Espainiako Gobernua. Hain zuzen ere, egon den igoera «hazkunde garaikoaren antzekoa» izan dela ondorioztatu zuen Maravillas Rojo Enplegu estatu idazkariak.

Iazko azaroa eta aurtengo urtarrila bitarteko hiruhilekoa oso txarra izan zen enpleguarentzat. Hain zuzen ere, 31.000 langabe gehiago erroldatu ziren tarte horretan. Oraingoz, azaroan iaz baino gutxiago izan dira, baina ikusi beharko da abenduan eta urtarrilean joera hori finkatzen den edo ez.

Herrialde guztietan igo zen langabe kopurua, gainera. Langabezia tasa %12koa baino handiagoa da Araba, Bizkai eta Nafarroan. Soilik Gipuzkoak du apur bat txikiagoa, %11koa. Guztira, orain dela hamabi hilabete baino 41.800 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian; %33ko hazkundea. Ehunekoei erreparatuz gero, igoerarik esanguratsuena Arabak izan du, %37 gehiago. Gipuzkoan langabe kopurua %35 handitu da, Bizkaian %33,5 eta Nafarroan %30.

Oraindik ere beharrik aurkitzen ez duten pertsonen artetik gehienak emakumeak dira, gutxigatik. Hala ere, krisiak gizonen enplegua gogorrago astindu du, eta azken urtean enplegu zerbitzuan erroldatu diren hamar lagunetik sei gizonak dira. Kopuru orokorretan egon den hurbilketa hori ez da islatu langabezia tasan. Emakumeen langabezia (%13,9) oraindik ere gizonena baino ia hiru puntu handiagoa da. Herrialde guztietan emakumeen tasa gizonezkoek dutenaren gainetik dago.

Industriaren itzala

Beharrik gabe dauden pertsona gehienak hirugarren sektorean arituak dira, hamarretik sei. CCOO sindikatuak kontsumoaren jaitsiera gogorrarekin lotu zuen zerbitzuen langabezia. Hala ere, iazko datuekin alderatuz gero, hazkunderik handiena industrian gertatu da. Hain zuzen ere, ia %44 handitu da industrian lan egiten zuten langabeen zenbatekoa: 10.000 lagun. Eraikuntzan eta lehen sektorean ere igoera handiak gertatu dira, %41 bakoitzean. Zerbitzuetan urte arteko hazkundea %28koa izan da, batez bestekoaren azpitik.

Kontratazioak ere ez du itxaropenerako datu askorik utzi. Aurreko hilabetean baino 10.600 kontratu gutxiago sinatu dira, mugagabeak nahiz aldi baterakoak. Urtearen joanean, 190.000 gutxiago izan dira. Iraupen mugatua duten kontratazioek gehiengo osoa izaten jarraitzen dute:%92.

Gizarte Segurantzako afiliazioak, ordea, emaitza gazi-gozoak izan ditu. Hegoaldeko kopuru orokorra aintzat hartuta, afiliatuak murriztu egin dira. Hala ere, erorketa Gipuzkoan eta Nafarroan gertatu da soilik, eta Bizkaian eta Araban gehitu egin dira afiliazioak. Aurreko urteko azaroan baino 46.000 afiliatu gutxiago kotizatzen ari dira, ia enplegu zerbitzuen zerrendara sartu diren pertsona berriak adina.

Langabeen %35, saririk gabe

Espainiako Lan Ministerioak atzo emandako datuen arabera, 58.000 langabek -Hego Euskal Herrian %35 inguruk- ez dute inolako ordainsaririk jasotzen. Gainontzekoen artetik gehienek, 74.000k baino gehiagok, kotizazioaren bidez lortutako langabezia saria kobratzeko eskubidea dute. Hilero, batez beste, 910 eta 950 euro bitartean jasotzen dituzte, herrialdearen arabera. Beste 34.000 lagun subsidioa eta bestelako laguntzak jasotzen ari dira. Ordainsari horiek finantzatzeko, 121 milioi euro erabili ziren azaroan.

Erakunde publikoetatik laguntza ekonomikoak jasotzen ez dituzten langabeen egoeraz ohartarazi zuen CCOO sindikatuak. «Administrazio publikoek gastu sozialaren bidez langabe guztiek gutxieneko diru sarrerak dituztela bermatzea premiazkoa da».

Politika aktiboak hizpide

Langabeziaren datuak azken asteotako polemikaren ildotik aztertu dituzte LAB eta UGT sindikatuek. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak enplegu politika aktiboak jasotzeak ez duela egoera aldaraziko nabarmendu du LABek. «Nafarroak eskumen horiek baditu, baina egoera EAEkoaren parekoa da». Eredu horrek Espainian «inoizko langabezia datu txarrenak» egotea ekarri du, sindikatu abertzalearen ustez. Hori dela eta, politika aktiboetatik aparte, politika pasiboak jasotzea eta lan arloan ahalmen legegile osoa izatea exijitu du LABek.

UGTk, aldiz, enplegu politika aktiboak «indartzeko» unea dela uste du, langabeziari aurre egiteko «tresna onenetarikoa» direlako. Eusko Jaurlaritzak onartu du urtarrilaren 1ean eskumena jasotzea ezinezkoa izango dela, eta ez du beste eperik ezarri.



Interplas ixtearen kontrako manifestazioa egingo dute

Alonsotegiko Interplas enpresak enplegua erregulatzeko bi dosier aurkeztu ditu dagoeneko. Lehengoarekin, hemezortzi langile kaleratu zituen; eta bigarrenarekin, gainerako guztiak kaleratu nahi ditu, 56 alegia. Horiek horrela, enpresa ixtearen aurka egiteko, manifestazioa egingo dute gaur 11:30ean Alonsotegin.

Lan erreforma 2010erako iragarri du Zapaterok

Datorren urterako gizarte eta ekonomia arloko hainbat erreforma iragarri ditu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak. Horietako bat lan merkatuari dagokiona izango da, eta langabeen kopurua murriztea izango du helburu. Espainiako elkarrizketa sozialeko mahaian aztertuko dute aldaketa hori; Espainiako Gobernuaren, sindikatuen eta patronalaren artean hitzartutakoa izango da, beraz. Neurri esanguratsuenen artean honako hauek aipatu ditu: enpresetan barne malgutasuna hobetzeko sistema bat sortzea, aldi baterako enplegua doitzeko tresna gisa lanaldi murriztua bultzatzea eta kontratazio hobarien politika berraztertzea. Horiek nola egin erabaki beharko dute orain.



Gruas Jason, 161 kaleratzeren kontrako lehen lanuztea

Gruas Jasok Idiazabal eta Olaberrian dituen langileek lanuztea egingo dute gaur, 161 langile kaleratzeko enplegu erregulazioaren kontra. Gipuzkoako Lan Ordezkaritzaren parean elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, etaForu Aldundiaren parean 12:30ean. Hilaren 10ean eta 16an ere lanuztea egingo dute.

259.428

420 euroko laguntza. Langabezia saria bukatu eta lanik gabe jarraitzen dutenek eska dezaketen 420 euroko laguntza 259.428 lagunek zuten eskatua azaroaren 30erako. Urrian, 104.525 lagun ziren. Hala jakinarazi du Maravillas Rojo Espainiako Enplegu idazkariak.

30

TS Fundiciones. 270 langiletik 30 kaleratu nahi ditu Zestoako TS Fundiciones enpresako zuzendaritzak. Lan egindako urte bakoitzeko 25 egun ordaintzea agindu du. Batzuek onartua dute proposamena. Besteek kaleratzeen kontrako ekimenak iragarri dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.