Langabezia %10era iritsi da Euskal Herrian, urtebetean 17.500 langabe gehituta

2020. urtean 22.500 enplegu galdu dira Hegoaldean, zerbitzuetan gehienak. Turismoa amildu izanak %23,2ra apaldu du behin-behinekotasun tasa

Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Sei urteko joera positiboa eten du koronabirusaren krisiak Euskal Herriko lan merkatuan. 2013. urtetik lehen aldiz, gora egin du langabeen kopuruak, eta ez gutxi: 17.500 langabe gehiago zeuden 2020ko azken hiruhilekoan, 2019koarekin alderatuz gero. INEren eta Insee-ren datuak batuta Gaindegiak kalkulatu duenez, 149.900 lagun daude lanik gabe zazpi lurraldeetan.

Urtebetean 1,2 puntu egin du gora langabezia tasak, 2019 amaieran %8,8 baitzen. Lurraldeei dagokienez, langabezia tasarik txikiena dute Gipuzkoak (%7) eta Ipar Euskal Herriak (%7,2). INEren datuekin, berriz, Araban %10era iritsi da, Nafarroan %11,6ra, eta Bizkaian, berriz, %11,8ra. Gaindegiak oroitarazi du Ipar Euskal Herriko datuak behin-behinekoak direla, eta berrikusi egin beharko dituela udako saioak ekarri ohi duen migrazio fluxuen eragina aztertzen duenean eta iaz indarrean sartu zen enpleguaren zona berriek beren datuak argitaratzen dituztenean.

%10eko tasa urrun dago 2013kotik —%16,6 batez beste—, baina, hala ere, Europako Batasuneko handienetako bat da. EBko estatu kideen artean hiruk baizik ez dute tasa handiagoa: %16,1 Espainiak, %15,8 Greziak, eta %10,3 Lituaniak.

Gainera, badago atzoko datua nolabait desitxuratzen duen errealitate bat: milaka lagun daude enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearekin (Hegoaldean) eta lanaldi partzialean (Iparraldean). Horiek ez dituzte zenbatzen langabeen artean, berez ez dutelako lanpostua galdu. ELAk garrantzi handia eman dio horri: «Enplegu erregulazioak amaitzen direnean aztertu ahal izango dugu okupazioaren benetako datua, eta, segur aski, okerrerantz egingo du egoerak».Izan ere, okupazioari dagokionez, INEren inkestak ez ditu datu onak eman, baina ez dira iritsi pandemiaren larrienean iragarritakoen mailara. Horrela, Hego Euskal Herrian 1.198.500 lagunek zuten enplegua 2020ko azken hiruhilekoan, urtebete lehenago baino 22.500ek gutxiagok. Enpleguaren zatirik handiena urteko lehen eta bigarren hiruhilekoan galdu zen; gora egin zuen hirugarrenean, eta gorabehera handirik ez da izan azkenekoan (-1.500).

INEren datuak oso gertu daude Gizarte Segurantzak afiliazioei buruz emandakoekin. Horien arabera, 24.212 kotizatzaile galdu zituen iaz Gizarte Segurantzak.

Enpleguaren galera, portzentualki, %1,8 izan da, ekonomia osoak izandako jaitsiera baino apalagoa: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako barne produktu gordina %9,5 txikitu zen iaz, eta gaur emango du Nastatek Nafarroako datua, baina ez da oso urruti ibiliko.

LABek nabarmendu duenez, enpleguaren galera horrek kalte handiagoa egin die emakumeei(-%2) gizonei baino (-%1,7). Hori hala da zerbitzuak izan direlako kaltetuenak krisi honetan, joan-etorriei, turismoari, ostalaritzari eta kulturari jarritako mugak direla eta.

Industria, gora enpleguan

INEk dioenez, 2020an 33.800 enplegu galdu dira zerbitzuetan, eta beste 2.000 lehen sektorean. Industriak, berriz, 12.000 enplegu berreskuratu ditu, eta eraikuntzak, 1.500. Horrenbestez, azken datuen arabera, langileen %70,2 ari dira zerbitzuetan, %23 industrian, %5,5 eraikuntzan eta %1,3 nekazaritzan eta arrantzan. Bi sexuetan dira gehiengoa zerbitzuetan ari diren langileak, baina sektore horren pisua handiagoa da emakumeen artean, haietako %87,4 aritzen baitira arlo horretan —gizonezkoen %54,7—. Horrek azal dezake emakumeen artean enplegua dutenen kopurua gehiago apaldu izana (-11.900) gizonen artean baino (-10.600).

Sektore kaltetuenetan oso ohikoa da aldi baterako kontratazioa, turismoan batez ere, eta horrek ekarri du 2020an behin-behinekotasun tasa jaistea: Hegoaldeko langileen %24,6k zuten aldi baterako kontratua 2019 amaieran, eta %23,2 2020 bukatzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.