
Lurraldeka, %1,4 egin du gora Araban, eta %11,8koa da, baina Bizkaian, %0,7 txikitu da (% 12,1), eta Gipuzkoan, %0,3 ( %9,2).
Langabezia 0,8 puntu jaitsi da gizonen artean, eta tasa %10,9an geratu da; emakumeen artean, ordea, %0,3 handitu da, eta %11,3koa da langabezia. Langabezian dagoen lau langiletik batek 16-24 urte ditu; adin tarte horretan handitu da gehien langabezia.
Ikasketa maila kontuan hartuz gero, bigarren hezkuntza eta erdi mailako hezkuntza duten pertsonen artean jaitsi da gehien langabezia (-%0,8). Lehen mailako ikasketak dituztenen artean ere behera egin du (-% 0,1), baina 0,1 puntu handitu da goi mailako prestakuntza dutenen artean.
Langile gutxiago
Langabeziak behera egin duen arren, biztanleria landuna ere %0,5 jaitsi da urte hasieran: 929.200 pertsona daude egoera horretan, aurreko hiruhilekoan baino 4.400 gutxiago. Gora egin du lanean ari direnen kopuruak industrian (+300) eta eraikuntzan (+2.300), bi sektore horietan ez dutelako eragin handirik mugikortasuna mugatzeko neurriek. Zerbitzuetan, ordea, bete-betean eragiten du murrizketek, eta 5.200 okupatu galdu ditu urtearen hasieran. Lehen sektoreak ere 1.900 landun gutxiago ditu.
Biztanleria landunaren eta langabeziaren bilakaeraren ondorioz, jarduera tasa %56koa da (-0,3).
Era berean, 31.800 pertsona daude oraindik aldi baterako erregulazioan; horietatik 3.400 daude Araban, 16.200 Bizkaian, eta 12.100 Gipuzkoan. Iazko maiatzean egon ziren langile gehien egoera horretan: 161.445, hiru lurraldeetan. Ordutik txikituz joan da kopurua, baina mantso. Iazko urrian 48.820 zeuden.