Eguberrietako eta Urtezaharreko egun bereziak «gogorrak» izan dira BSHko 655 langileentzat. Sei hilabete barru euren enpresa itxiko den mehatxuarekin pasatu baitituzte. Gaur goizean itzuli dira lanera, eta, bertan, Ezkirotzeko zuzendaritzak «profesionaltasuna» eskatu die. «Soldata jaso eta etxera eramaten jarraitu nahi badugu normal aritzeko eskatu digute», azaldu du langile batzordeko kide Sergio Ayucarrek (LAB).
Batzordeak uste du lantokiko buruzagitza erabat ustekabean harrapatu zuela Alemaniako taldearen erabakiak. Gaur, bost minutuko azalpen laburra eman diete langileei, eta esan diete urte osorako kalkulatutako produkzioari eutsi nahi diotela: hozkailu eta ontzi garbigailu kopuru bera egin nahi dute. «Ez dakigu nola egin nahi duten hori, orain urte erdi baitugu». Ayucarren arabera, langileen galderei ez diete erantzun. «Ez dakitelako edo ez dutelako nahi. Ez dakigu zehazki».
Zalantzak nagusi dira BSHren Ezkirotzeko lantokian. Abenduaren 16an, Alemaniatik etorritako goi kargudun batek jakinarazi zien ekain amaierarako fabrika itxiko zuela, eta hark alde eginez geroztik ez dakite besterik.
Hemendik aurrerako jokabidea
Nola egin lan egoera berezi horretan? Zuzendaritzaren azalpenak entzun ostean, batzarra egin dute langileek, hamarretan. Han, batzordeko kideek ondorengo hilabeteetan eduki beharreko jokabideari buruzko argibideak eman dizkiete. «Esan diegu orain segurtasuna eta osasuna direla garrantzitsuak. Produkzioa ez da batere garrantzitsua», adierazi du.
Izan ere, denborak aurrera egin ahala, ziur daude postu jakin batzuetan presioa jasango dutela. «Zuzendaritzak nahiko du produkzioa aurrera ateratzea, eta, arazorik ez izateko, postu jakin batzuetako langileak eta enkargatuak-eta bildu gara. Guztiok joango gara sei hilabete barru kalera, eta gutxienez lasai samar egoten saiatu behar dugu, ez izateko ez zigorrik, ez gauza gogorrik».
«Orain guztiok gara behin-behinekoak. Lanera etorri behar dugu jakinda sei hilabete barru kalera joango garela. Ez dugu berririk, ez dugu dokumentaziorik. Ez da bidezkoa»
SERGIO AYUCARLangile batzordeko kidea
Horixe da egoera. Ayucarrek gogora ekarri du iraganean BSHko langileen borondate onarekin konpondu direla produkzioaren gorabeherak. Haren hitzetan, prozesuak eskatzen duenaren gainetik egin dute lan, baina orain egoera errotik aldatu da. «Hori orain ezin da jasan. Prozesuak berak eskatzen duena, eta kito: ez da gehiago egin behar», gehitu du.
Langileak haserre daude. Neurriaren gogortasunari, hura iragartzeko modua gehitu behar zaio. Eta oraingoz ez dute besterik. «Orain guztiok gara behin-behinekoak. Lanera etorri behar dugu jakinda sei hilabete barru kalera joango garela. Ez dugu berririk, ez dugu dokumentaziorik, ezer ez. Ez da bidezkoa», deitoratu du Ayucarrek.
Iragan astean, Zaragozan bildu ziren Espainiako BSHren zuzendaritzarekin. Handik aterata, batzordeko kideek antzeman zuten zuzendariak «shock egoeran» zeudela. Haien erreakzioa guztiz benetakoa ote den zalantzan jartzen du Ayucarrek, eta, zerbait jakin zezaketen susmoa badu ere, uste du ez direla ondorengo neurriak negoziatzeko bitartekari zuzenak. «Ez dute botererik ezer hitzartzeko».
Ostiraleko bilera
Ostiralean bilera bat izango dute langileek Nafarroako Gobernuarekin eta Espainiako Gobernuko Industria Ministerioarekin, Madrilen. Espaniako hiriburuan ere, BSH taldeko Alemaniako zuzendaritzaren ordezkaritza bat izango da, eta gobernuetako ordezkariekin bilduko da, albistea jakin zenetik lehenengo aldiz. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, bilera horretan parte hartuko dute Maria Txibite lehendakariak eta Jordi Hereu Espainiako Ekonomia ministroak, besteak beste.
Langileek jakin nahi dute multinazionalak zehazki zer asmo duen eta iragarritako neurrian atzera egiteko tarterik geratzen ote den edo ez. Ziurgabetasun handi horren aurrean, zuhur jokatu nahi du batzordeak. «Ez dugu egoera guztiz beltz ikusi nahi, ezta baikor jokatu nahi ere», azaldu die komunikabideei Juanjo Hermoso de Mendoza batzordeko buruak. Haien ustez, gobernuen lehen asmoak izan behar luke fabrika ixteko erabakiari buelta ematea. Alta, Nafarroako Gobernua bera haserre agertu da, eta enpresaren jokabidea gaitzetsi du. Mikel Irujo Industria kontseilariak azaldu du ekainaz geroztik saiatu zela Alemaniako zuzendaritzarekin biltzen, baina ez zuen lortu.
Ayucarrek susmatzen du horrelako multinazionalek erabakiak hartzen dituztenean «zaila» dela hori iraultzea. Horregatik, atzera-bueltarik izan ezean, batzordeak eskatzen die gobernuei berrindustrializazio plan bati ekitea, eta beste bideak aztertzea.
Oraingoz langileek ez dute erabakirik hartu, baina haien asmoa da urtarrilean beste «mobilizazio handi» bat egitea Nafarroako industria aldarrikatzeko. Egunotan jasotako elkartasun mezuak ere eskertu dituzte: «Enpresa batzorde askok bidali digute mezua, baita Balenciagatik ere. Haiei ere elkartasuna adierazten diegu», esan du Ayucarrek.