Laneko jazarpena desagerrarazi nahian

Laneko indarkeriaren eta jazarpenaren kontrako ituna eta gomendio zerrenda onartu ditu Lanaren Nazioarteko Erakundeak, Genevan egindako 108. konferentzian. Estatuek dokumentua berrestea eta legedian jasotzea da hurrengo urratsa.

Uxue Gutierrez Lorenzo
2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Definizio bat. «Norbanako bati kalte fisikoa, psikologikoa, sexuala edo ekonomikoa egitea helburu duten edo egin dezaketen jarrera desegoki eta onargaitzen multzoa». Aurrenekoz, hitz zehatz horiekin jaso du OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak jazarpenaren eta indarkeriaren esanahia. Hortik abiatuta, hitzarmen bat eta gomendio zerrenda bat osatu dituzte lantokietako indarkeriari eta jazarpenari buruz.

Ehun urte bete berritan, erakundeko 187 herrialdeek 108. konferentzia egin zuten ekainean Genevan (Suitza), eta han onartu zuten ituna. Egitura hirukoitza du OIT erakundeak: herrialdeetako gobernu, patronal eta sindikatuek parte hartzen dute bertan. Eztabaidatu ondotik, «lan eremuan suerta daitezkeen jazarpen eta indarkieria kasuei erantzuteko» dokumentua ondu eta bozkatu zuten erakundeko kideek. Aldeko 439 boto, aurkako zazpi eta 30 abstentzio jasota, aurrera egin du proposamenak.

Dokumentuak langileak babesteko tresna baliagarria izatea du xede, baina hastapenetan dago oraindik, eta estatuen esku dago jasotakoa interpretatzea eta ezartzea. Erakundea osatzen duten 187 herrialdeek dokumentua berretsi behar dute orain, eta hortik urtebetera sartuko da indarrean ituna; betiere, estatu bakoitzak bere errealitatera moldaturiko araudi gisa. «Poztekoa da OITk itun hau adostu izana; batik bat, bete beharrekoa delako eta orain sinatzaileak behartuta daudelako ituna euren araudietan txertatzera».

Oskar Arenas EuskadikoCCOOko nazioarteko arduradunak itunaren balio juridikoa azpimarratu du. Eta Guy Ryderrek, OITko zuzendariak, posible ikusten du ituna egokiro aplikatzea:«Babes neurri hauen aplikazioa da hurrengo fasea; gure xedea da langileentzako lan eremu seguruagoa, hobea eta erosoagoa sustatzea. Herrialdeek neurriok azkar eta era bateratuan berretsiko dituztelakoan nago». Arenasek ohartarazi du OITk «salaketa publikoa» egiteko aukera duela herrialdeek konpromisoa bete ezean. Koldo Saenz LABeko nazioarteko arduraduna, berriz, zuhurragoa izan da itunaren ahalmenari dagokionez. «Prestigio kontu bat da ezer baino gehiago. OITk publikoki sala dezake estatu bat, baina ezin du zigorrik ezarri».

Oreken dantza

Ageri diren eta ageri ez diren zehaztapenak OIT barne eraketaren isla dira, nolabait. Egitura hirukoitza duen entitatea izanik —estatuetako gobernuak, patronatuak eta sindikatuak—, alderdi eta ikuspegi ezberdinak daude ordezkaturik, eta, era berean, herrialde parte hartzaileen auziarekiko iritziak. Ondorioz, balantza orekatzea ez da beti erraza izaten. Horrek, baina, erakundea «asko ez bustitzera» daramala uste du Saenzek, eta ituna iritzien arteko orekaren emaitza dela.

Berri ona da hitzarmena adostu izana. Horretan bat datoz Arenas eta Saenz. CCOsOko ordezkariak dio laneko indarkeriari aurre egiteko edozein urrats dela positiboa, baina deia egin du «hemendik aurrera aferan sakontzen jarraitzeko». Adibide bat ere jarri du: «Jazarpen kasuak egon badaude, eta, salaketa publikoa egitearekin batera, lan ikuskaritzan ere salatu behar dira».

Saenzek jasotakoaren edukian jarri du arreta: «Ezkutuan dauden zenbait jazarpen azaleratzeko aukera ematen du itunak». Prostituzioan ari direnak eta etxeko langileak izan ditu hizpide. Baina hutsunea ere sumatu du LABeko kideak. «Beste kasu batzuetan, ordea, hankamotz geratu da. Itunak ez ditu jaso langileen genero identitatearen eta sexu askatasunaren aurkako indarkeria edo jazarpena». Nazioarteko ituna izanda, Saenz jakitun dago LGTBI kolektiboarekin askotariko jarrerak dituztela OITko parte hartzaileek, eta ohartarazi du hori izan daitekeela aipamenik ezaren arrazoi nagusia. Hutsuneak zor ditzaketen arazoak herrialdeek itunaz egiten duten interpretazioaren esku geratuko dira. «Ituna orokorra da, eta zehaztapenak tokian tokiko araudien esku daude», zehaztu du Arenasek. Ibilbidearen hurrengo fasean ikusiko da itunak zer molde hartzen duen eremu bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.