Lanean hildakoen kopuruak heren bat egin du behera 2019. urtean Euskal Herrian

LABen zenbaketaren arabera, 2019an 44 langile hil ziren beharrean ari zirela, aurreko urtean baino 24 gutxiago. Azken bost urteetako kopururik txikiena da

Tubacexeko langileak Laudioko plaza batean bilduta, lankide baten heriotza salatzeko, joan den uztailean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
2018ko igoera handiaren ondoren, berriro behera egin du lanean hildakoen kopuruak. LABen zenbaketaren arabera, iaz 44 lagun hil ziren Euskal Herrian beharrean ari zirela, 2018an baino 24 gutxiago (-%35). Berez, 42 dira Euskal Herrian hildakoak, baina sindikatuak zenbatu egin ditu lan bidaietan hildako beste bi, bata Kemperlen (Bretainia) eta bestea Tolucan (Mexiko).

Hilen kopurua azken bost urteetako txikiena da. Betiere LABen zenbaketaren arabera, 2015-2017 epean egonkorra izan zen kopurua, 53-54 hildako inguru, baina 2018an igoera nabarmena izan zuen; 68ra heldu zen.

Krisiaren aurretik, gora egin zuen lanean hildakoen kopuruak, besteak beste eraikuntzak jarduera handiko urteak izan zituelako, eta sektore horrek eragiten dituelako ezbehar gehien. 2007an, esaterako, 125 langile hil ziren beharrean ari zirela, eta 112 hurrengo urteetan.

Jarduera ekonomikoak behera egin ahala jaitsi zen hildakoen kopurua ere, eta 2013an eta 2014an 35 izan ziren. Eragile sozialak ez dira ados jartzen neurtzean jaitsiera horretan zer pisu duten prebentzio neurriek eta formakuntzak; patronalak dio jaitsierak enpresen engaiamendua erakusten duela, baina sindikatuek ez dute onartzen halakorik, eta enpresaburuek sustatutako prekaritate handiari egozten dizkiote ezbeharrak.

LABen datuek diotenez, 44 hiletatik hamabostek heriotza ez-traumatikoa izan zuten, hau da, naturaltzat jotako arrazoiengatik hil ziren. Heriotza horiek ere lanarekin lotzen dituzte sindikatuek, laneko baldintzek eraginak direla uste baitute. Beste bost langile in itinere izan ziren, hots, lanerako bidean edo lanetik etxerako bidean trafiko ezbeharra izanda.

Hamalauna hil izan ziren Bizkaian eta Nafarroan, bederatzi Gipuzkoan, bost Araban, eta bakar bat ere ez Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Intzidentzia behera

Lan osasunari buruzko datu ofizial eguneraturik ez dago Euskal Herri osorako. Osalanek ditu daturik osotuenak, Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari buruzkoak. Horien arabera, lan istripuen kopuruak gora egin zuen 2019ko lehen 11 hilabeteetan: gaixo baimena eragin duten ezbeharrak 34.124 izan dira, 2018an baino 2.600 gehiago (31.500). Horietatik %72 izan dira gizonezkoak, eta %28 emakumezkoak.

Baina, jarduera ekonomikoak eta langile kopuruak gora egin dutenez, Osalanek dio lan istripuen intzidentziak behera egin zuela iaz: gaixo baimena eragin duten ezbeharrak 33 izan dira mila langileko; 2018an, 35 izan ziren.

Jaitsiera nagusia eraikuntzan gertatu da, proportzionalki istripu gehien eragiten dituen sektorean: mila langileko 75ek izan zuten lanera joan ez zitezela eragin zuen ezbeharren bat, eta iaz 64 izan ziren. Gizonezkoak izanik sektore horretako gehienak, ez da harritzekoa istripuen intzidentzia handiagoa izatea gizonezkoen artean (milako 47), emakumeen artean baino (milako 17).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.