Lanean ez daudenen kopurua zazpi aldiz handitu da azken asteetan

Lanbideren bulego bat, Bizkaiko herri batean. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 23a
13:15
Entzun

Lan egiten ez duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanle aktiboen kopurua zazpi aldiz handitu da martxoko azken hiru asteetan,% 4,9tik % 36,6ra, Eustatek biztanleria aktiboari buruz egindako inkestan jasotzen denez. Alegia, lanpostu bat duten hamar langiletik lau ez daude lanean. 

Egoera horretan daudenen hirutik batek argudiatu du beraien enpresetan lan erregulazioan daudela. Urte hasieran, ia inork ez zuen halakorik esan; martxoaren 4tik 10erako astean, % 12,2k azaldu zuten hori; eta azken astean, % 39,7k.

Pertsona okupatuen bilakaeraren analisiak ere emaitza esanguratsuak eman ditu. Lana eduki baina lan egiten ez dutenen ehunekoa aurreko urteetako handiena da. Azken urteetan, lehen hiruhilekoan, ehuneko hori % 7 eta % 9 artekoa zen, batez beste, eta 2020ko lehen hiruhilekoan, berriz, % 13,9koa. Datu bera xehatuz gero, ikusten da martxoan handitu egin dela: % 4,9 lehen astean, eta % 36,6 azkenengoan.

Eustaten arabera, COVID-19aren agerraldiak eta gobernuek lan jarduerak murrizteko ezarritako neurriek baldintzatu egin dituzte 2020ko lehen hiruhilekoko jarduerari buruzko biztanleria datuak. Eragin hori martxoan ikusi da bereziki, eta are nabarmenago izan da hilaren bigarren erdialdean; hori dela eta, erakunde horrek azpimarratu du hiruhileko osoko emaitzek eragin hori partzialki jasotzen dutela, aurreko bi hilabeteetako «jarduera normalean diluitua».

Gaur egun, hiru lurraldeetan, 175.000 pertsona baino gehiago daude aldi baterako lan erregulazio batean. Eta, azken datu ofizialen arabera, 130.000 langabetu; inkestak jasotako portzentajea baino %3 gehiago.

Azterketak lanean arituko balira bezala zenbatzen ditu lan erregulazioan daudela dioten pertsonak, hiru hilabete baino gutxiagoren ondoren lanean hastekoak direlako edo soldataren % 50 baino gehiago kobratzen jarraitzen dutelako. Beste tresna aringarri batzuekin, berdin; adibidez, autonomoei eragiten dietenekin. «[Inkestan] Lortutako kopuruek errealitatea ezkuta dezakete neurri batean», ohartarazi du Eustatek.

Gauzak horrela, eta zehaztapen horiek eginda, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa % 9,9koa izan da 2020ko lehen hiruhilekoan, 2019 amaieran baino %0,4 handiagoa, baina 2019ko aldi berean baino puntu erdi txikiagoa —dena den, azken datu ofizialen arabera, %12koa inguru da langabezia tasa—. Inkestak jasotzen duenez, urtea hasi eta martxora bitarte 104.400 langabe zeuden —130.000 dira azken datu ofizialen arabera—. Lanean, berriz, 945.600 pertsona zeuden; 3.500 gutxiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Datorrenari begira

«Tunelaren barruan gaude oraindik, eta ez dakigu noiz izango dugun argi osoa kalteak ebaluatu ahal izateko». Eustaten datuak baloratu ditu Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiak. Haren ustez, koronabirusaren eragina «intentsitate handiagoz» ikusiko da hurrengo hiruhilekoan. Adierazi du alarma egoera ezarri zenetik «ziurgabetasuna» nagusitu dela eta sektore askok ez dutela beren jarduna berrabiarazi.

Belandiaren arabera, iazkoa «urte ona» izan zen enpleguaren alorrean. Langabezia datuetan beheranzko joera nagusitu zen, urtebetean ia puntu bat jaitsi baitzen. Urte amaieran, %9,5ekoa zen. «Martxoaren erdialdera arte, eta nazioarteko merkatuen gorabeheren gainetik, joera berriro ere positiboa zen. Langabezia tasa %10etik behera jaisteko helburua lortu zen», azaldu du.

Datuok, baina, erakusten dute krisia hasi aurretik ere lan merkatua okerrera egiten hasia zela, makroekonomiak eta nazioarteko mugimendu batzuek eraginda, bereziki COVID-19ak lehenago jo zituen herrialdeekin —eta bereziki Txinarekin— izandako harreman komertzialen jaitsierengatik, Belandiak adierazi duenez. Urtea hasi eta krisia lehertu arte, %0,5 egin zuen gora langabeziak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.