Lanean amiltzearen tragedia

Joan den urriaren 15ean, langile bat hil zen lan istripuan Loiun (Bizkaia). Amiantec 3000 enpresarentzat egiten zuen lan; lehenagotik ere, enpresa horren kontrako salaketarik egon da.

Azken asteetan altueratik erorita izandako lan heriotzak salatzeko sindikatuek egindako ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU
Azken asteetan altueratik erorita izandako lan heriotzak salatzeko sindikatuek egindako ekitaldia. IÑIGO URIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko azaroaren 1a
05:00
Entzun

Joan den urriaren 15ean, langile bat hil zen Loiun (Bizkaia), pabiloi baten teilatutik erorita, Gecsa enpresarentzat eraikin horretatik amiantoa kentzen ari zela. Ez zen izan aste horretan Euskal Herrian gertatutako lan istripu larri bakarra: egun berean beste langile bat hil zen Olleta kontzejuan, Leozen (Nafarroa), hura ere erorketa baten ondorioz, eta hurrengo egunean, beste bat zendu zen Lizarran (Nafarroa), mahats hondakin biltegi batean izandako leherketak txikituta. Aste honetan zerrenda luzatu da beste bi hildakorekin.

Loiun hildako langilea Urduñan bizi zen (Bizkaia), eta Amiantec 3000 izeneko enpresan aritzen zen. Enpresak Amurrion dauka egoitza (Araba), eraikinetatik amiantoa kentzen aritzen da, eta lehenagotik ere jaso du salaketarik, segurtasun neurriak betetzen ez zituelakoan. Duela urtebete inguru, esaterako, hiru langile ohik eta LAB sindikatuak haren kontrako salaketa jarri zuten lan ikuskaritzan, eta ikerketa bat abiatu zen horren ondorioz.

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak BERRIAri jakinarazi dionez, urriaren 15eko istripuaren ostean egindako ikerketan, oraingoz ez dute inolako irregulartasunik aurkitu, eta nabarmendu dute zendutako langilea «zeregin horietan eskarmentu handiko pertsona» zela. Edonola ere, adierazi dute ikertzen jarraituko dutela.

Ieltxu Orueta Aiaraldeko LABeko idazkariaren arabera, «aspalditik» ezagutzen dute Amiantec 3000 enpresa: «Hainbat langile etorri dira guregana, han ikusten zituzten lan baldintzak salatzera eta horren aurrean zer egin zitekeen galdetzera. Haietako asko egoera zaurgarrian zeuden langile migratu eta arrazializatuak ziren, eta zailtasunak zituzten urratsa egin eta lan ikuskaritzaren aurrean salaketa jartzeko, baina, egoera zer kaskarra zen ikusita, enpresa uztea erabakitzen zuten; batzuk, irteera enpresarekin adostuta, eta beste batzuk, ezer gabe».

Langile horietako bat da E.G. —izen asmatua da; nahiago izan du benetako izenik ez ematea—. Zenbait hilabetez lanean aritu zen enpresan, eta, egoera ikusita, alde egitea erabaki zuen. Irregulartasun zerrenda luze baten berri eman du: teilatuetan sarerik gabe edo iraungitako arnesekin lan egin behar izatea, dutxa hartu behar zutenean moduluan urik ez egotea, amiantoa kentzen zortzi orduz aritzea gehieneko lanaldia lau ordukoa den arren, euria ari zuenean langileei esatea lanera ez etortzeko eta, gero, egun horiek oporretatik kentzea, amiantoa langileekin batera furgonetan garraiatzea eta abar.

«Nik behin baino gehiagotan esan dut egunen batean zerbait larriagoa gertatuko zela, eta, zoritxarrez, egun hori heldu da»

 E.G.Amiantec 3000 enpresako langile ohia

Egoeraz nekatuta, enpresa uztea erabaki zuen: «Ez dut lan egin nahi hiltzeko, teilatutik erortzeko edo gaixotasuna harrapatzeko. Eta berdin egin duten beste bost lagun ezagutzen ditut gutxienez. Orain lanean ari direnak, baina, beldurrez daude. Haietako batzuk adinekoak dira; badakite lan hori utziz gero ez dutela beste inon hartuko, eta hitz egiteko beldur dira».

«Nik behin baino gehiagotan esan dut egunen batean zerbait larriagoa gertatuko zela, eta, zoritxarrez, egun hori heldu da», deitoratu du. «Batzuetan, gertatzen ari zena kontatzen nuenean, jendeak ez zidan sinesten: ‘Hori 80ko hamarkadan jazotzen zen, baina orain ez’. Eta nik bideoak erakusten nizkien, esaten ari nintzena egia zela frogatzeko».

E.G.-k dioenez, «pena handia» sentitu zuen urriaren 15eko lan istripuaren berri izan zuenean: «Ezin dut burutik kendu lanean hil den mutila. Inork ez du horrelakorik merezi, baina, gainera, hura mutil gaztea zen, eta alaba txikiak zituen. Istripua gertatu ostean, egun batez ere ez dute lana eten, familiari doluminak emateko. Hori ez da egiten. Ziur nago lantokian sarea eduki izan balute ez zela horrelakorik gertatuko».

Salaketa

Duela urtebete inguru, hiru langilek erabaki zuten pausoa ematea, eta, LABekin batera, enpresaren kontrako salaketa jarri zuten lan ikuskaritzan. «Salatutako kontu batzuek zerikusi zuzena zuten amiantoa kentzeko jarduerarekin», azaldu du Oruetak. «Plangintzarik ez zegoen edo ez zeuden ondo eginda, langileen babeserako neurriak ez ziren errespetatzen, alor horretan aritzeko gehienezko lanorduak ere ez, langileek ez zuten ekipamendu egokirik eta abar».

Amiantoa kentzeari buruzko irregulartasunez gain, «orokorragoak» ere agertzen ziren salaketan; adibidez, fitxatzeko sistema egokirik ez zegoela, edo enpresak «estu» hartzen zituela langileak: «Horien artean, altuerako lanetan segurtasun nahikorik ez zegoela salatu genuen. Izan ere, pare bat hilabete lehenago langile bat teilatu batetik erori zen, nahiz eta, zortea tarteko, ez zitzaion ezer larririk gertatu». Irregulartasun horiek guztiak frogatzeko modua bazutela ere adierazi zuten lan ikuskaritzan aurkeztutako salaketan.

«Beste era batera heldu behar zaio aferari; bestela, ez dugu inoiz lortuko hildako langileen kopuru tamalgarri hori jaistea»

IELTXU ORUETAAiaraldeko LABeko idazkaria

Hiru hilabete geroago kaleratutako epaian, lan ikuskaritzak detektatu zuen enpresak ez ziela behar bezalako informazio eta prestakuntzarik ematen langileei, eta zietela egiten legeak agindutako mediku azterketa espezifikorik, baina ez zuen bestelako irregulartasunik atzeman. «Horregatik diogu ikerketa sakonagoak eta presentzialak behar direla; batzuetan, bisita bat egiten dute, eta agiriak eskatzen dituzte, baina ez dute behar bezalako ikerketarik abiarazten. Uste dugu horrelako kasu larriei arreta handiagoz erreparatu behar zaiela».

Langile ohiak ere argi dauka zein den irtenbidea: «Lan ikuskaritza hara joatea, aldez aurretik abisatu gabe, eta ganorazko ikerketa egitea. Ikus dezaten dutxetan ez dagoela urik, eta langileek euren burua garbitu behar dutela txanbil batez ura errekatik ekarrita».

Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak baieztatu dio BERRIAri 2023ko azaroan salaketa bat egon zela enpresaren kontra, eta horren ondorioz abiarazitako ikerketan ez zela irregulartasunik atzeman. Halaber, nabarmendu du enpresak 1.519 ekintza plan aurkeztu zituela 2023an zenbait tokitan amiantoa kentzeko, eta guztiek izan zutela Osalanen eta ikuskaritzaren oniritzia obrak hasi aurretik: «Gogorarazi nahi dugu lan istripu larri eta hilgarri guztiak ikertzen direla, baita arinen ehuneko handi bat ere».

LABek azaldu duenez, ez du erantzukizuna lan ikuskaritzako langileen bizkar jarri nahi: «Guk badakigu nolako baldintzetan aritzen diren», esan du Oruetak. «Arazoa baliabide falta izaten da. Sakoneko ikerketak egin ahal izateko, baliabideak bermatu behar dira».

BERRIA enpresarekin jarri da harremanetan, eta bozeramaile batek adierazi du haien kontrako salaketak «gezurrezkoak» direla, lan istripuaren harira Ertzaintzak eta lan osasunaren arloko agintariek eskatutako dokumentazio guztia haien esku utzi dutela eta «paper guztiak behar bezala» dituztela, baina, haien abokatuek aholkatuta, nahiago izan dute adierazpen gehiago ez egin.

Oruetari «deigarria» begitantzen zaio «horrelako gabeziak egotea langileen osasunaren zein ingurumenaren ikuspegitik hain jarduera arriskutsua egiten duen enpresa batean. Ez gara bulego batez ari; amiantoa oso kontu serioa da, eta askoz larriagoa da horretan jarduten duen enpresa batean horrelakoak gertatzea. Pentsa liteke horrelako enpresek are kontrol zorrotzagoak izan beharko lituzketela, baina, batzuetan, ematen du kontrakoa gertatzen dela».

Lan istripuen aferan «patronalaren inpunitatea» eta «administrazioaren baliabide eta seriotasun falta» nabarmendu ditu Oruetak. «Beste era batera heldu behar zaio aferari; bestela, ez dugu inoiz lortuko hildako langileen kopuru tamalgarri hori jaistea».

beste kasu bat aiaraldean

2020ko otsailean, Zorroza Gestion de Residuos enpresako langile bat hil zen Murgan (Araba), zortzi metroko goialde batetik erorita. Sindikatuek orduan salatu zuten enpresako kudeatzaileak gainerako langileak behartu zituela hildakoaren gorpua lekuz aldatzera eta agintariei gezurra esatera, erantzukizunak saihesteko asmoz. Aurtengo maiatzean plazaratutako epaiak erruduntzat jo zuen enpresako zuzendaritza, akusatuek delituak onartu ostean, eta defentsak eta fiskaltzak akordio bat egin eta gero. Enpresa hark ere hondakinekin egiten zuen lan. 

Sindikatuek salatu dutenez, 2024a hasi zenetik zortzi langile hil dira Euskal Herrian toki garai batetik erorita. Azkena urriaren 25ean izan zen; erorketa hamar egun lehenago gertatu zen, Zornotzako (Bizkaia) Maderas Etxeari enpresan, hiru metrotik erori, eta geroztik behargina oso larri egon zen, joan den astean zendu zen arte. Igandean bertan beste langile bat erori zen goialde batetik Iruñean. Nafarroako Unibertsitate Ospitalean ospitaleratu zuten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.