Lanbiden hatz markak debekatzeko lehen saiakerak huts egin du. Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrean eskatu zuen bertan behera uzteko sistema hori probatzeko martxan dauden saioak, eta EH Bilduren babesa jaso zuen. Baina proposamen horri osoko zuzenketekin erantzun zioten koalizio gobernuko bi alderdiek —EAJ eta PSE-EE— eta PPk. Hiru aukerak bozkatuta, batek ere ez zuen gehiengorik lortu ganberan. Eztabaida biziak, ordea, balio izan zuen aurreratzeko talde bakoitzak zer jarrera hartuko duen DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren erreforman.
Lanbidek bere erabiltzaileei hatz markak eskatzeko aukerak aurrera egiteko aukera handiak ditu, jeltzaleen eta sozialisten proposamenean baitago. Enplegu zerbitzua «modernizatzeko» bidean aurrera egiteko tresna gisa aurkeztu dute identifikazio biometrikoa, eta agindu dute legearen aldetik «berme guztiak» indarrean dituela sartuko dela, azkenean onartzen bada. PPk ere defendatu du, oraingo honetan «kontrola eta kudeaketa hobetzeko» bitartekoa dela argudiatuta. Hiru alderdien artean, gehiengo osoa dute ganberan.
Iaz,iruzurrari aurre egiteko proposamen sorta baten barruan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak Lanbideko erabiltzaile guztiak hatz-marka bidez identifikatzeko asmoa zuela aurreratu zuen. Neurria «derrigorrezkoa» izango zela ere esan zuen. Haatik, ezarpen nahitaezko hori ez da artean gauzatu. Besteak beste, Margarita Uria Datuen Babeserako Euskal Agentziako buruak zalantzan jarri zuen hori legezkoa ote zen. Horren ordez, Lanbideko hamar bulegotan hasi dira sistema probatzen, «borondatezko» moduan. Maiatzaren 30ean sailak legebiltzarrera igorritako informazioaren arabera, ordura arte 3.500 erabiltzailek emana zuten hatz-marka. Elkarrekin Podemosek honezkero 10.000 baino gehiago direla kalkulatu du.
Tinixara Guanche Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak hatz-marka «arinkeriaz» ezartzea leporatu zion gobernuari, legeak horren eragina neurtzeko agintzen dituen azterketak egin gabe. Langabeen eta laguntza sozialen onuradunen gainean «susmoaren itzala» zabaltzen dela ere kritikatu zuen. «Norbaitek pentsatu du inoiz medikutara joateko edo errenta aitorpena egiteko hatz-marka eskatzea?», galdetu du.
Lanbidek sisteman probak egiteko duen instrukzioa ere jopuntuan jarri du. Guancheren arabera, aurreikusita dago eskuetako hamar hatz markak eta aurpegiaren irudi biometrikoak hartzea. «Kartzelara sartzeko baino gauza gehiago hartzen dira kontuan».
EH Bilduren izenean, Larraitz Ugartek bat egin zuen Elkarrekin Podemosen argudioekin. Ugartek bere istorio pertsonala kontatu zuen, oinarrizko errentaren onuradun izan zen garaian ere ordainketa bidegabeak jasotzea leporatu ziotelako. Gizarte laguntzen onuradunei «erruduntasun presuntzioa» leporatzen zaiela ohartarazi zuen. «Harrituta» jaso zuen identifikazio biometrikoa martxan jartzeko ideia. «Oso neurri inbasiboa da, eta ez dago justifikatuta».
PPren oharra EAJri eta PSEri
PPko Laura Garridok oroitarazi zuen orain dela hiru urte hatz marka ezartzeko proposatu zutela, eta jeltzaleek eta sozialistek aurka bozkatu zutela. Hiru urte «galdu» izana aurpegiratu zien.
EAJko Amaia Arregi eta PSE-EEko Gloria Sanchez iritzi aldaketa justifikatzen saiatu ziren. Arregik esan zuen orduan soilik DSBEaren erabiltzaileei jartzeko eskatu zela, eta «hauteskundeetatik hurbil». Sanchezek, berriz, giroa aldatu dela ziurtatu zuen, eta gizarte laguntzak arrazakeriarekin lotzen zituzten proposamenak desagertu egin direla. Ez zuten Guanche konbentzitu: «Marotoren diskurtsoa erosi duzue».
Jeltzaleen ordezkariak ziurtatu zuen identifikazio biometrikoak ez dituela erabiltzaileak «iraunduko», Lanbiden aritzen diren guztiei ezarriko baitzaie, baita langileei ere, eta ez soilik langabeei eta gizarte laguntzen onuradunei. Gehitu zuen administrazioaren betebeharra dela hartzaileak «behar bezala identifikatzea».
Datu biometrikoen segurtasunari buruzko zalantzak azaldu ziren. Sanchez sozialistak garrantzia kendu zion gaiari. «Aparkalekuan autoa sartzeko hatz marka eskatu digute, eta horrekin ez da inor kexatu. Legebiltzarkide guztiok eman dugu».
Gaia laster itzuliko da parlamentura. EAJk eta PSE-EEkDSBEa erreformatzeko aurkeztu duten proposamenak zazpigarren xedapen gehigarrian jasotzen du «sistema biometrikoak» erabiliko direla Lanbideko zerbitzuen erabiltzaileak eta laguntzen onuradunak identifikatzeko. Gobernuak horrelako sistemak arautzeko proiektu propioa garatuko du, EBko datuen babeserako legedia berriak eta Espainiako legea aintzat hartuta.
Lanbiden hatz marka erabiltzeko adostasunik ez Eusko Legebiltzarrean
EAJk eta PSE-EEk identifikazio biometrikoa defendatu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ziurtatu dute txiroak «iraintzeko» bidea dela. PPk uste du «beranduegi» ezarri nahi dutela neurria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu