Lanbiden egotea Enplegu Legean jasotzeko eskatu du Konfekoopek

Confebaskekin jarrerak hurbiltzen saiatu da konfederazioa, baina ez du bermerik lortu oraingoz

Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla konfederazioko zuzendaria, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
aitor biain
Bilbo
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Konfekoop kooperatiben elkarteak begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Legearen aurreproiektua; konfederazioak aitortu du «aurrerapausoak» ikusten dituela, eta uste du «esparru egokia» eskaintzen duela Lanbideren administrazio kontseiluan egoteko eskaera historikoa bete ahal izateko. Izan ere, legeak lehen aldiz jasotzen du Konfekoopek bertan egoteko duen «eskubidea», nahiz eta ez duen leku hori izango duenik bermatzen.

Hori betearaztea izango da elkartearen helburuetako bat aurten, hain zuzen. Hala azaldu zuen atzo Konfekoopek iazko balantzea eta aurtengo erronkak aurkezteko ekitaldian. Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak argi adierazi zuen, beste behin, ez dagoela «arrazoi juridikorik» horretarako, eta gogorarazi zuen urte hasieran onartu zen Enpleguaren Espainiako Legea ere ez dela oztopo. «EAEko Aholku Batzorde Jurikoak ere berretsi du auzi politikoa dela, eta legegilearen borondatearen araberakoa dela».

Eusko Legebiltzarrera joango da hurrengo astean Konfekoopeko presidentea, alderdiei eskaera aintzat har dezaten eskatzera: «Orain izan behar du; esparru egokia da». Baikor azaldu zen Iñaki Nubla Konfekoopeko zuzendaria ere: «Alderdi politikoekin hitz egin dugu, eta hitzak onak dira. Hala ere, lan egin behar dugu hori ziurtatzeko».

Ez da horren erraza izango, halere; alderdi politikoez gain, Confebask ere konbentzitu beharko duelako. Hark ditu patronalari dagozkion bost ordezkaritzak Lanbideko zuzendaritza kontseiluan, eta hura izan da Konfekoopek aulki horietako bat izateari betoa jarri diona urte luzez. Lavinek adierazi zuen konfederazioak ahaleginak egin dituela jarrerak hurbiltzeko: «Garrantzitsua da, orain arte ez baita halakorik egin. Baina uste dugu lege esparru bat egoteak eskatzen zuela bi elkarteen arteko gerturatze bat». Ohartarazi zuen, ordea, bide luzea geratzen dela oraindik egiteko: «Gure borondate osoa jarri dugu akordio bat lortzeko, baina partida zabalik dago oraindik».

Emaitza onak

2022a datu onekin itxi zuen konfederazioak. «Ezohiko urtea» izan zela nabarmendu zuen Nublak, pandemiaren ondorioei ez ezik, Ukrainako gerrari eta lehorteari ere aurre egin behar izan zietelako enpresek. Edonola ere, eta «ziurgabetasun eta ezegonkortasun handia» izanagatik, konfederazioari atxikitako kooperatibentzat «urtea ona» izan dela azpimarratu zuen.

Iazko urte amaieran 1.391 kooperatiba ziren guztira elkartean, 2021ean baino 41 gehiago. Eta denera, 56.762 langile dituzte kooperatibek, aurreko urtean baino 387 gutxiago (-%0,6). Nublak azaldu zuen beherakada hori kontsumo kooperatibetan gertatu dela, pandemia garaian jarduera indartu behar izan zutelako eta oraindik merkatua «egonkortze bidean» delako. «Hala ere, 2019arekin alderatuta goitik gaude», nabarmendu zuen.

Lavinen hitzetan, datuek erakusten dute euskal kooperatibismoak «heldutasun maila handia» lortu duela. Aurrera begira ere, bide beretik jarraitzea espero du. Hain justu, iragarri zuen aurtengo urtarriletik apirilera bitarte 51 kooperatiba eratu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Enpresen deslokalizazioak kezka eragiten duen garai honetan, lurraldean errotutako enpresa kooperatiboek enplegua sortzen eta kohesio soziala sustatzen jarraitzen dugu», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.