Lanbide EAEko enplegu zerbitzuak postontzi bat zabaldu du bere webgunean, «modu anonimoan eta konfidentzialean» salatzeko, hain zuzen, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera modu irregularrean kobratzen ari diren pertsonak.
Hori egiteko, inprimaki bat bete beharko da, kasuari buruzko «oinarrizko informazioarekin». Orain arte, herritarrek Lanbideri ustezko iruzurren berri eman ziezaioketen, «baina ez zegoen araututako prozedurarik», enplegu zerbitzuko buruek azaldu dutenez.
Salaketa anonimoen bidez, aurten 72 salaketa jaso dituzte Lanbiden, eta horietatik zazpiri zabaldu diete espedientea. 2023tik, Lanbidek hemeretzi ikuskatzaileko talde bat du horretarako; ordutik, guztira 5.426 espediente berrikusi dituzte, eta hamalau espediente zabaldu. 2016tik, 217 prozedura ireki ditu Lanbidek, eta 54 zigor jarri.
Iruzur kasu gehienek errolda edo nortasun agiriak faltsutzeekin dute zerikusia. Gisa horretako kontrol espedientea zabaltzeak diru laguntza behin betiko kentzeko edo bi urtez eteteko aukera ematen du.
Salaketak jartzeko postontzia Betetzea zure bermea da lelopean abiatutako kanpaina baten parte da. Sara Buesa Lanbideko Prestazio eta Inklusio zuzendariak jakinarazi duenez, gaur egun 57.000 bat pertsonak jasotzen dute DSBEa: lautik batek pentsioen osagarri gisa, eta %21ek laneko diru sarreren osagarri gisa; zenbatekoak, berriz, hiru hilean behin berrikusten ditu Lanbidek.