Hego Euskal Herrian eta Espainian asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era murrizteko negoziazioei ekin diete gaur berriro, Madrilen. Enpresa txikietan eta ertainetan prozesu hori bultzatzeko proposamen berriekin iritsi da Espainiako Gobernua negoziazioetara. Horrela aurre egin nahi dio CEOE patronalaren erresistentziari, CCOO eta UGT sindikatuak oro har ados baitaude Lan Ministerioaren asmoekin.
Yolanda Diaz Lan ministroaren asmoa zen gaia uztailerako ebaztea, eta patronalei ultimatum bat ere helarazi zien, baina negoziazioari tarte handiagoa eman behar izan dio, enpresaburuen ezezkoak, PSOEren presioak eta, batez ere, Kongresuko aritmetika zailak hartaratuta —ez zen batere ziurra Juntsek baiezko botoa ematea—. Orain, negoziazioa urte amaieran bukatzea da helburu ez-ofiziala. Hori bai, Joaquin Perez Rey Laneko estatu idazkariak azaldu du ordurako akordiorik ez badago prest dagoela gaia patronalaren eta sindikatuen onespenik gabe onartzeko: «Ez dugu inoren beto eskubiderik onartzen».
Badirudi ohar hori CEOErentzat dela batez ere, haren buru Antonio Garamendik gogor salatu baitu legez lanaldia laburtzeko asmoa. Uztailean, patronalaren batzarrean, «enpresen aurka gobernatzea» leporatu zion Pedro Sanchezen gobernuari, eta ziurtatu lanaldia 37,5 ordura murriztea langileei «hamabi eguneko oporraldia oparitzea» zela.
Ikusi gehiago
Uztaileko azken bileran Lan Ministerioak eskaini zuen deskonexio digitalerako eskubidea indartzea, hau da, lanalditik kanpoko orduetan lanari lotutako mezu elektronikoei edo telefonoko mezuei ez erantzuteko eskubidea. Gainera, gobernuak esan zuen lanaldia neurtzeko modu bat sortuko zuela, «digitala eta fidagarria».
Gaurkoan, berriz, Perez Reyk patronalaren oztopoetako bati erantzun nahi izan dio: enpresa txikietan eta ertainetan lanaldia murrizteak eragin ditzakeen zailtasunei, aldaketa «ezin baita soilik izan bankuetako eta telekomunikazioetako langileentzat». Horrela, ministerioak esan du lanaldi murriztuari erantzuteko sortzen diren enpleguengatik, kontratua mugagabea izanez gero, gutxiago kotizatu beharko dela Gizarte Segurantzan. «Produktibitatea eta langileen eta enpresaburuen ongizatea hobetzeaz gain, enplegua ere sortuko dugu horrela», azaldu du.
Estatu idazkariak azaldu du enpresaburuen artean «jarrera eraikitzaileagoa» sumatu duela, eta horregatik ziurtatu du «aurrerapauso handiak» izan direla. Horiek horrela, negoziazioa amaitu behar duela gaineratu du.
Diazen helburua zen lanaldi murrizketa bi epetan egitea: 38,5 ordura aurten, eta 37,5era 2025ean. Lehen epea indargabetu egin du negoziazioa luzatu izanak, eta baliteke oraingo elkarrizketetan denbora gehiago ematea 37,5 orduetara iristeko, batez ere sektore batzuetan (ostalaritza, merkataritza...). Patronalaren argudioetako bat izan da lanaldia dekretuz edo legez laburtzeak talka egingo lukeela lan hitzarmenekin, eta hitzarmen horiek direla lanaldia murrizteko biderik naturalena.
Hegoaldean, lanaldi laburragoak
Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin txikiagoa izango du lanaldi ofiziala laburtzeak, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia dagoeneko 37,5 ordutik beherakoa baita. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak, horietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak.
Gainera, bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: lanaldiaren gehienezko muga jaitsiz gero, gaur egun lanaldi osokoak ez diren kontratuei dagozkien soldatak igo beharko lirateke, baldintza horien pean ari diren langileek lanaldiaren parte handiago bat beteko bailukete.