Lanaldia murriztea eta soldatak igotzea: aldarri hori izan dute CCOO eta UGT sindikatuek aurtengo Maiatzaren Lehenean. Azken urteetan egin legez, aurten ere elkarrekin atera dira kalera bi sindikatuak. Hego Euskal herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak, eta guztietan orain arte lortutakoa goretsi dute, bai eta lortzeko geratzen dena aldarrikatu ere. Kalitatezko enplegua eta lan baldintza duinak lortzeko beharra azpimarratu dute.
Gasteizen, eguerdian abiatu da manifestazioa, Andre Maria Zuriaren plazatik. Dozenaka lagun batu dira Enpleguaren alde. Lanaldi motzagoa, soldata hobeak mezua zeraman pankartaren atzean. Bi sindikatuetako ikurrak ez ezik, Palestinako eta Saharako banderak ere ikusi dira mobilizazioan, baita PCEkoak ere. Erritmo motelean eta «Gora langile borroka», «Patronalak esklabo bihurtu nahi gaitu» eta «Lan duin eta kalitatezkoa» oihuen artean egin dute bidea.
«Enpresariak mozkin erraldoiak pilatzen ari dira, baina uko egiten diote soldatak handitzeari. Ez dugu onartuko».
XURIA ARZA UGTko berdintasun eta gizarte politiketako idazkaria
Amaieran, Florida parkean jarritako agertokian, Xuria Arzak UGTko berdintasun eta gizarte politiketako idazkariak adierazi du prekaritatearen arazo nagusia soldata txikiak direla, eta salatu du enpresariak mozkin «erraldoiak» pilatzen ari direla baina uko egiten diotela soldatak handitzeari. «Ez dugu onartuko», azpimarratu du, eta ohartarazi akordiorik ez badago gatazka areagotu egingo dela hurrengo hilabeteetan.
Silvia Sanchez CCOOko Arabako ordezkaria ere ildo horretan mintzatu da, eta adierazi du «mobilizazioa, negoziazioa eta akordio zabalak» direla horretarako giltza. Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak bi sindikatuekin adostutako lan erreforma, gutxieneko soldataren igoera eta pentsioen erreforma goratu dituzte bi ordezkariek, eta adierazi dute haien etengabeko ahaleginari esker lotu direla.
«Lortutakoa defendatu behar dugu, eta gizarteko eta lan arloko erronka berrietan aurrera egin».
SILVIA SANCHEZ CCOOko Arabako arduraduna
Hala ere, adierazi dute oraindik egiteko asko geratzen direla. «Lortutakoa defendatu behar dugu, eta gizarteko eta lan arloko erronka berrietan aurrera egin», esan du Sanchezek. Egitekoen zerrenda horretan sartu dituzte, besteak beste, lan baldintzak hobetzea, lan heriotzei aurre egitea, fiskalitatea egokitzea eta zerbitzu publikoak indartzea. Baita indarkeria matxista eteteko neurriak hartzea ere.
Nolanahi ere, bi sindikatuetako ordezkariek gogorarazi dute horretarako ezinbestekoa dela egungo lan baldintzak hobetzea. Bada, soldatak handitzeko ez ezik, lanaldia murrizteko ere eskatu dute. Izan ere, Arzak gogorarazi du zortzi orduko lanaldia 1919an jarri zela martxan: «Murrizteko garaia da», esan du. Hain zuzen, manifestazioan parte hartu dute alderdi sozialistako hainbat ordezkarik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko jarduneko sailburu Javier Hurtadok.
Europa eta Espainia
Europako Parlamenturako bozak ere izan dituzte hizpide bi sindikatuetako ordezkariek. Herritarrei «masiboki» parte hartzeko deia egin diete, eta eskatu «alderdi aurrerakoi eta europazaleei» botoa emateko. Izan ere, ohartarazi dute «atzera egiteko arriskua» dagoela, austeritatea eta eskuin muturra ate joka direlako ostera ere.
Horri lotuta, Espainiako politikagintza izan dute ahotan hizlariek. Bat egin dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak aldarrikatutako «demokraziaren biziberritzearekin», eta adierazi dute «sindikalismo konfederala lehen lerroan» egongo dela aurrerantzean ere. «Agenda soziala aldarrikatzen jarraituko dugu, herritarren eta langile klasearen bizimodua hobetzen jarraitzeko. Baina demokraziaren biziberritzea ere sustatuko dugu», adierazi du Sanchezek.