Lanaldia murriztea «justizia kontua» da, CCOOren eta UGTren iritziz

Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, patronalaren egoitzen aurrean. «Negoziazioa ez blokeatzeko» eskatu diete enpresaburuen elkarteei.

CCOOk eta UGTk Bilbon egindako elkarretaratzea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
CCOOk eta UGTk Bilbon egindako elkarretaratzea. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 26a
16:30
Entzun

CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon eta Iruñean, asteko lanaldia 37,5 ordura murriztea galdegiteko. Patronalen egoitzen aurrean egin dituzte agerraldiak: Bilbokoa, Confebasken aurrean, eta Iruñekoa, berriz, CEN Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren egoitzan. Sindikatuentzat «justizia kontua» da lanaldia murriztea, eta uste dute «orain» dela garaia aldarrikapen horri heltzeko.

Bilbon, Euskadiko CCOOren idazkari nagusi Loli Garciak esan du neurriak «langileen lan baldintzak hobetzea» ekarriko lukeela: «Enpresaburuen irabaziak oso handiak dira; orain da garaia irabazi horiek eragina izan dezaten langile klasearen egoeran».

«Enpresaburuen irabaziak oso handiak dira; orain da garaia irabazi horiek eragina izan dezaten langile klasearen egoeran»

LOLI GARCIAEuskadiko CCOOko idazkari nagusia

Garciak uste du «aurrerapausoak» egon direla alor horretan, baina, haren esanetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oraindik badaude 194.000 langile onura aterako luketenak lanaldia murriztea erabakiz gero: «Orain da garaia, eta ozen esango dugu. Aski da egoera blokeatzeaz, aski da langileen bizkar poltsikoak betetzeaz».

Blokeoaren arriskua

Madrilen uda hasieratik negoziatzen ari dira lanaldiaren murrizketaren inguruan, baina sindikatuek susmoa dute patronala negoziazio prozesu hori luzatzen saiatzen ari ote den, eta uste dute ez duela benetako asmorik neurria gauzatzeko. Horregatik, UGT-Euskadiko idazkari nagusi Raul Arza Espainiako Gobernuari mintzatu zaio, eta eskatu dio «patronalaren blokeatze ahaleginen beldur» ez izateko: «Positiboa izango litzateke patronalaren adostasuna ere izatea, baina ezin dute blokeoa erabili langileen aldarrikapenak oztopatzeko».

Arza eta Gonzalez bat etorri dira: negoziazioek emaitzarik ekartzen ez badute, gobernuari eta alderdi politikoei eskatuko diete lege bat egiteko aldarrikapenak aurrera egin dezan.

Arzak eskaera berezia egin die EAJri eta EH Bilduri, «37 ordu baino gehiago egiten dituzten milaka euskal langile horiek gogoan» har ditzaten, eta babesa eskatu die neurria aurrera ateratzeko. Iragarri du datorren astean elkarrizketa sorta bat hasiko dutela alderdi politiko guztiekin, eta neurria babesteko eskatuko dietela. Espainiako Gobernua babesten duten alderdi guztien babesa beharko du legeak aurrera egiteko, PP eta VOX aurka azaldu baitira.

«Positiboa izango litzateke patronalaren adostasuna ere izatea, baina ezin dute blokeoa erabili langileen aldarrikapenak oztopatzeko»

RAUL ARZAUGT-Euskadiko idazkari nagusia

Arzaren ustez, lanaldia murrizteak kontziliazioa sustatuko luke, lagunduko luke «gizonezkoek ardura gehiago» har ditzaten, eta onuragarria izango litzateke langileen osasunerako, «bereziki buruko osasunaren arloan». «Urte asko daramatzagu zortzi orduko lanaldiarekin, baina, geroztik, gizarteak nabarmen egin du aurrera, eta horri ekiteko garaia iritsi da».

Antzekoak izan dira Iruñeko elkarretaratzean plazaratutako mezuak. UGTko ordezkari Jesus Santosek esan du lanaldia murriztea «arrazoizkoa eta egingarria» dela, eta CCOOko Txetxu Rodriguezek, berriz, gogorarazi du Espainiako Gobernua osatzen duten bi alderdi politikoek lanaldia murrizteko konpromisoa hartu zutela euren hauteskunde programetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.