Lanaldia: jaitsi ezin den langa

Lanaldia laburtzeko eskaria apurka berpizten ari da Hego Euskal Herrian. Sindikatuek argi dute 35 ordutik beherako lan asteak aztertu behar direla; enpresariek, berriz, sektore eta enpresetako negoziazio mahaietan eztabaidatu beharreko auzi bat dela.

BERRIA
Lanaldia laburtzeko eskaria zabalduz doa Euskal Herrian. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 18a
05:00
Entzun

Hurrengo asteartean 25 urte beteko dira Hego Euskal Herrian inoiz deituriko greba orokor arrakastatsuenetako bat egin zenetik. Hala diote orduko kronikek, eta gogoratzen dutenek erantzun zabala berresten dute. Euskaldunon Egunkaria-ren arabera, 1999ko maiatzaren 21ean «ia Euskal Herri osoa» gelditu zen «lana eta aberastasuna banatzearen alde». 35 orduko lan astearen aldeko mobilizazioa izan zen, eta sindikatu guztiek babestu zuten. Ipar Euskal Herrian pil-pilean zegoen eztabaida, 1998 eta 2000 urteetako Aubry legeen bitartez ezarri baitziren 35 orduko lan asteak, eta Bidasoan behera ere zabaldu nahi zuten. Protestak eragina izan zuen, handik gutxira lanaldi hori ezarri baitzen eremu publikoan, eta sindikatu eta patronalek lanaldi murrizketa handiak adostu zituzten eremu pribatuko lan hitzarmen askotan.

Hurrengo 25 urteetan, baina, gutxi aldatu da lanaldiaren argazkia, edo hobe esanda, ordutegia. Eskaerak, halere, indar berezia hartu du berriz, Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak legegintzaldi honetan gehienezko lanaldia asteko 37,5 ordura murrizteko asmoa plazaratu baitu. Sindikatuek, hala ere, argi dute are gehiago murrizteko baldintzak badaudela. «1999an oldarraldi handia egon zen, eta uste dugu orain beste bat egin behar dela beste neurri batzuk hartuz. Garai hartan, enplegua banatzeak zuen zentralitatea; orain, digitalizazioa baliatu behar da langileen bizi baldintzak hobetzeko». Iragarpena Oihana Lopetegirena da, LAB sindikatuko ekintza sindikaleko arduradunarena.

«Euskal Herrian egingo balitz, kualitatiboki eztabaida oso ezberdina izango genuke. 37,5 orduri buruz ez baizik beste lanaldi motzago bati buruz hitz egingo genuke».

PELLO IGEREGI ELAko negoziazio kolektiboko arduraduna

Baina zein da errealitatea? Zenbat lan egiten da Hego Euskal Herrian? Lan Harremanen Kontseiluaren otsaileko datuen arabera, Araban berrituta dauden lan hitzarmenek urteko 1.704 orduko lanaldia dute batez beste (37,4 ordu astean); Bizkaikoek, 1.683 ordukoa (37 ordu astean; eta Gipuzkoakoek, 1.685 ordukoa (37,04 ordu astean). Nafarroan Espainiako Gobernuak ematen ditu datuak, eta, haren arabera, 1.708 ordukoak dira urteko lanaldiak (37,55 ordu astean). Datu horiek enpresa eta sektore hitzarmenak nahastuta lortzen dira. Alderatzen jarrita, Espainiako hitzarmenen batez besteko lanaldia 1.764 ordukoa da urtean.

OSTALARITZA - FITXAKETA
Jatetxeko langile bat, fitxaketa sistema erabiltzen. Ordutegien kontrola ezinbestekoa da lanaldia murrizteko. J.H. / EFE

Gaia puri-purian dago, baina Confebask EAEko enpresari elkartearen ustez, gaur egun lanaldiaren murrizketa ez da buruhauste bat enpresarientzat: «Urteak daramatzagu lanaldi murrizketak adosten, eta egungo datuek erakusten dute gure lan itunetako lanaldia Espainiako Gobernuak inposatu nahi duena baino txikiagoa dela». Patronalak onartu du lanaldia murrizteak kontziliazioa, talentuaren erakarpena eta enpresa kulturaren garapena sustatzen dituela, baina produktibitatearen aldagaia eransten dio ekuazioari: «Lanaldia murriztea adosten bada, produktibitateak ahalbidetzen duelako da hori, eta langile eta enpresek beren jarduna lehen baino baldintza hobeagoetan garatu dezaketelako».

Produktibitatea, goraka

Sindikatuek, dena den, ez diote beldurrik aldagai horri. Ez behintzat Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak: «Oraingo honetan ikusten dugu enpresen irabaziak inoizko handienak direla. Ez dago produktibitate arazorik enpresetan. Ez dago arazorik lanaldi murrizketa handiagoak lortzeko». Mikel de la Fuente EHUko zuzenbide irakasle ohia iritzi berekoa da. «Azken urteetan, produktibitatea asko handitu da. Haren eraginaren zatirik handiena enpresen mozkinetara joan da; zati txiki bat, soldatetara; eta lanaldira, ezer ez. 1983an 44 ordutik 40ra murriztu zenetik, ez da lanaldia ukitu».

«Lan baldintzak negoziazio mahaietan ezarri behar dira, gizarte eragileen artean. Haien autonomia errespetatu behar da, baita sektore bakoitzaren berezitasunak ere».

CONFEBASK

Confebaskek dioena egia da: Hego Euskal Herriko enpresa eta sektore askotan, lanaldia 37,5 ordutik beherakoa da. Igeregik gogoratu du, esaterako, funtzio publikoko azpikontrata askotan aplikatzen dela jada, eta duela gutxi anbulantzietako gidariek lortu dutela.

Dena den, «sektoreen arteko desoreka» gehitu du Lopetegik, lantoki batzuetan eragina izango baitu 37,5 orduko gehiegizko mugak: «Neurriak Espainian baino eragin txikiagoa izango du Euskal Herrian. Errealitatea oso ezberdina da. Baina egia da hemen sektore batzuetan —feminizatuak, ostalaritza, bulegoak...— lanaldia murriztea zaila dela oro har. Eta, gero, etxeko langileak daude, lan hitzarmenik ere ez dutenak».

Negoziazioak, «hemen»

Zaila? Zergatik? ELAko kideak auziaren bere ikuspuntua eman du: «Patronalak, orain gutxi, betoa jarri dio lan murrizketaz hitz egiteari elkarrizketa sozialeko mahaian. Lanaldiaren borroka konplikatua da, faktore garrantzitsua delako eta ez diolako bide eman nahi». Lopetegik jarraitu du: «1999an lanaldi murrizketa handiak lortu ziren. Baina zer sektoretan? Antolakuntza eta ordezkaritza gaitasuna garrantzitsuak dira halakoak lortzeko. Azken urteetan lanaldi murrizketak lortu ditugu, baina txikiagoak dira. Gradualki doa».

Negoziazioak zailak izan arren, enpresa elkarteak eta sindikatuak bat datoz lanaldiak Euskal Herrian negoziatu beharreko aldagai bat izan beharko lukeela. Hori bai, bi aldeen arrazoiak ezberdinak dira.

Confebaskentzat, Espainiako Gobernuaren jarrera «esku hartze ulertezina» da, «negoziazio kolektiboa ondo dabilelako», eta lan baldintzak «sektoreka eta enpresaka» zehaztu behar direla uste duelako. Antzera mintzatu zen Carolina Perez Toledo Cebek Bizkaiko patronaleko presidentea iragan asteko agerraldian: «Lan baldintzak negoziazio mahaietan ezarri behar dira, gizarte eragileen artean. Haien autonomia errespetatu behar da, sektore bakoitzaren berezitasunaren arabera».

«1999an oldarraldi handia egon zen lanaldia murrizteko, eta uste dugu orain beste bat egin behar dela beste neurri batzuk hartuz. Digitalizazioa baliatu behar da langileen bizi baldintzak hobetzeko».

OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna

Sindikatu abertzaleek, aldiz, begi onez ikusten dute lanaldia legez mugatzea, baina arau hori euskal lan esparruan negoziatu beharko litzakeela uste dute. «Hori egiteko eskuduntzak izatea gustatuko litzaiguke», aldarrikatu du Igeregik. «Kualitatiboki eztabaida oso ezberdina izango genuke. 37,5 orduri buruz ez baizik beste lanaldi bati buruz hitz egingo genuke. Pribatu osoan 35 ordukoa, eta jada 35 ordukoa duten sektore batzuetan, motzagoa».

Nola? Noraino?

35 ordutik beherako lanaldia aipatu du Igeregik. Urrunago begira jarrita, galdera asko azaleratzen dira. Nola jaitsi daiteke lanaldia? Zenbat? Zertarako?... De la Fuente irakasleak erantzun du aurreneko galdera: «Soldata murrizketa edo lan erritmoa handitu gabe egin behar da; ez du ezertarako balio atsedenen tarteen kaltetan edo erritmoa handituz murrizten bada». Halaber, hura sustatzeko laguntza publikoen aurka dago: «Espainiako Lan ministroak laguntza batzuk aipatu ditu halako neurriak hartzen dituzten enpresentzat, eta ez nago ados. Azken hamarkadan, enpresek irabazi handiak izan dituzte, eta haiekin finantzatu behar da lanaldi murrizketa».

35 orduko lanaldiak totemikoa dirudi, baina 32 orduen aukera ere azaleratzen ari da. «Sindikatuan, gure ortzimuga 30 orduko lanaldia da» aldarrikatu du Lopetegik, eta onartu du «interesgarria» dela eztabaida hori mahai gainean egotea: «32 orduek beste eztabaida bat azaleratzen dute: zortzi orduko lau eguneko lanaldia edo sei pasatxoko bost egunekoa? Hor denbora librea zertarako nahi dugun aztertu behar da. Guk ez dugu lau eguneko lanaldia bultzatzen; iruditzen zaigu zaintza arduren banatze egokiagoa litzakeela murrizketa egunero egitea».

«Enplegu sorreran eragin nabarmena izatea nahi badugu, agian 27-28 orduan jarri beharko litzateke lan astearen langa».

MIKEL DE LA FUENTEEHUko irakaslea

Lanaldia murriztearen beste zehar ondorio bat enplegua sortzea da. 1999ko greba orokorra industria moldaketa betean egin zen, eta, haren atarian, Lanordu gutxiago, lanpostu gehiago zioten afixaz bete ziren kaleak. Ekuazioa erraza da: arreta edo ekoizpena apaldu ezin den lanpostuetan lanaldia murriztuz gero, langile gehiago behar dira. Sindikatuek, gainera, ohartarazi dute trantsizio energetikoak ezinbestean izango duela eragina lanpostu askotako lanaldietan.

De la Fuente gaia azterturikoa da, eta galdera interesgarria egin du: «Noraino jaitsi behar da lanaldia enplegu osoa lortzeko?». Zehaztu du bere ustez enplegu osoa %0ko langabezia dela, «pentsamendu ekonomikoak» %5ean eta Jaurlaritzak %8an ezarri arren. «Oso litekeena da enplegu osoa ahalbidetuko lukeen lan astea 30 ordutik beherakoa izatea etorkizunean. Enpleguan eragin nabarmena nahi badugu, agian 27-28 orduan jarri beharko litzateke langa».

ERAIKUNTZA - BIZKAIA
Lanaldi luzeak ohikoak dira eraikuntzan. L.T. / EFE

Enpresariek ere hainbat abantaila onartzen dizkiete lanaldi murrizketei, eta nabarmendu dute eguneroko kontua dela negoziazio mahaietan, eta «akordiorako tartea» dagoenean adosten direla. Abantaila horiekin, baina, ez dute uste langile gabezia konpondu ahal izango dutenik. «Horrela ez dela ikusten ari gara», zehaztu du Confebaskek: «Dagoeneko duela urte batzuk baino ordu gutxiago egiten da lana, eta eskulanaren afera ez da konpondu. Arazoak horrek harreman handiagoa du erronka demografikoarekin eta profil profesional jakin batzuen gabeziarekin».

Fabrikaren ikerketaren anabasa

Lan murrizketari buruzko ikerketa asko egin dira Europan, baita esperimentuak ere. Gipuzkoan bat martxan da, Fabrikan fundazioaren esku. Adegi enpresarien elkartearen orbitan dagoen erakunde bat da, eta Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak 6,5 milioiko diru laguntza eman dio hiru urteko ikerketa bat egiteko. Idoia Mendia sailburuak iazko irailean azaldu zuen egitasmo horren bidez lau eguneko lan astea probatu ahal izango dela, soldata murriztu gabe eta orduak gehitu gabe, produktibitatean eta kontziliazioan duen eragina ikusteko.

 

Confebaskek txarrera hartu zuen ikerketa, eta baita sindikatuek ere. Juan Manzisidor Fabrikako zuzendariak otsailean BERRIAri emaniko azalpena entzunda ulertzen da haien haserrea: «Hori ez da ondo azaldu. Azterketaren oinarria hau da: organizazio bat eraginkorragoa nola izan daitekeen aztertzea. Eraginkorragoak izateko modua bilatu ondoren, bigarren urrats gisa eta kasuan-kasuan, agian aztertuko genuke lau eguneko lanaldia posible ote den. Organizazio batzuetan, lan jakin batzuetan ahal izango da; beste batzuetan, ez. Azterketa eginez, aukera ezberdinak jarri nahi ditugu mahai gainean bide hori urratu nahi dutenentzat». Esan bezala, hiru urteko egitasmoa da, eta emaitzak ikusi hala argituko da zalantza.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.