«Herrialdearentzat garrantzitsuena den neurria» aurrera egin ezinda dabil Espainian. Yolanda Diaz Lan ministroa haserre agertu da gaur Ekonomia Ministerioarekin; izan ere, haren hitzetan, eragotzi egin du ministroen kontseiluan lanaldia 37,5 ordura murrizteko neurriaren inguruan eztabaidatzea. «Ez da iritzi bat; atzo idatziz esan ziguten akordio hori ez dutela sartu gai ekonomikoen agendan».
Lanaldia murriztearena PSOEk eta Sumarrek egindako promes bat da, eta inbestidura akordioan jasota dago. 11 hilabetez elkarrizketa sozialerako mahaian negoziatzen jardun ostean, akordio bat erdietsi zuten abenduaren amaieran Madrilek eta sindikatuek, eta Lan Ministerioak ahal bezain pronto aplikatu nahi du. Horretarako, parlamentura heldu aurretik, ministroen kontseilutik igaro behar du, eta urgentziazko bidea hartu gura du Diaz Sumarreko kideak. Hori da Carlos Cuerpo sozialistak buru duen ministerioak onartu ez duena.
Diazek Telecinco telebista katean adierazi duenez, «oso larria» da blokeoa, lanaldia murriztearena «Espainiako Gobernuak hartutako konpromiso bat delako». Dena den, uste du aurrera egingo duela akordioak, eta horretarako Pedro Sanchez gobernuko presidentearekin hitz egingo duela esan du.
Desadostasunak
Cuerpok, berriz, esan du ez dutela ezer eragotzi: «Lan Ministerioak atzo egin zigun gai hori batzordean eztabaidatzeko eskaria, eta guk ahal dugun guztia egingo dugu eztabaida hori ahal bezain pronto egin dadin, baina berme guztiekin».
Negoziazioetan ados jarri ziren sindikatuak eta gobernua, baina ez patronala. «Kontuan izan behar dugu zein den gure ekonomiaren eta enpresen errealitatea, baita, noski, parlamentuarena ere», esan du Ekonomia ministroak, gobernuak lege gehienak onartzeko zailtasun handiak baititu hemizikloan.
Ikusi gehiago
Bi ministerioak ados daude akordioaren helburuarekin, baina ez horra heltzeko bidearekin. Cuerpok pixkanaka ezarri nahi du neurria, eta Diazek sindikatuekin adostutakoa errespetatzeko eskatu du. Joan den astean ere, Sumarrekoak agerian utzi zuen haserre zegoela: «Barkatu, baina lanaldia egunean ordu erdiz murrizteaz ari gara. Ia pertsona txarra izan behar da herrialde honetako langileei esateko ez diezula lanaldia ordu erdiz laburtu nahi».
Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin txikiagoa izango du lanaldi ofiziala laburtzeak, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia dagoeneko 37,5 ordutik beherakoa baita. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak, horietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak.