«Kontua ez da lan gehiago egitea, modu eraginkorragoan egitea baizik». Espainiako Gobernuko Ministro Kontseiluak lanaldia 37,5 ordura murrizteko lege aurreproiektua onartu du gaur eguerdian, eta Yolanda Diaz lehen presidenteordeak nabarmendu du lanaren paradigma aldatuko duela. «Herrialdea modernizatzeko egitasmoa» dela azaldu du.
Legealdi hasieran, lanaldia murrizteko promes egin zuten PSOEk eta Sumarrek, eta halaxe jaso zuten inbestidura akordioan. 11 hilabete eman ditu Espainiako Lan Ministerioak gizarte eragileekin negoziatzen, eta abendu amaieran akordioa lortu zuen UGT eta CCOO sindikatuekin. CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioak ez zuen akordioa sinatu, baina, Diazen arabera, «ezin dio aurka egin».
Legez astean 37,5 ordu lan egitea proposatzen du aurreproiektuak; egunean ordu erdi gutxiago, alegia. Horretarako, lanaldiaren erregistroa automatizatu, eta «XXI. mendera egokituko da». Lan ikuskaritzak edozein langileren lanaldia ikusi ahalko du automatikoki, eta, hala, gobernuak espero du argitzea aparteko zenbat ordu gelditzen diren ordaindu gabe. Diazen arabera, ordu poltsa hori erdira apaldu da azken urteetan, baina, oraindik ere, Ogasunak behar baino diru gutxiago biltzen du horren eraginez.
Gainera, soldatari berdin eutsiko zaio lanaldia murriztuta ere. Europako Batzordeak dioenarekin bat, legeak langileen deskonexiorako eskubidea jasoko du.
Hego Euskal Herrian Espainian baino eragin txikiagoa izango du lanaldi ofiziala laburtzeak, bertan negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia 37,5 ordutik beherakoa baita dagoeneko. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak ere: CCOOren arabera, 300.000 inguru dira EAEn, eta 120.000 Nafarroan, Lan Ministerioaren arabera. Haietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak dira.
Gainera, bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: lanaldi partziala duten langileek beren lanaldiari eusten badiote, soldata handiagoa jaso beharko dute, beren lanaldia luzeagoa delako proportzioan.
Diazek adierazi du lanaldia murrizteak produktibitatea handituko duela eta etekinak areagotuko dituela. Haren esanetan, legea ez da aldatu 1984tik; 40 orduko lanaldia ezarri zen orduan, eta produktibitatea %53 hobetu da harrezkeroztik.
PPri eta JxCri mezua
Dagozkion aldaketa teknikoak egin eta gero, lege proiektua onartu beharko dute, eta ondoren zailena geratuko zaio Madrilgo gobernuari; izan ere, PSOEk eta Sumarrek ez dute gehiengorik Espainiako Kongresuan. Diazek aipatu du negoziazioak hasiak dituztela alderdi guztiekin. Junts Per Catalunyak ohartarazi du euren botoa ez dutela ziurtatuta, eta neurriak kalte egin diezaiekeela Kataluniako enpresei. Horri buruz galdetuta, Diazek erantzun du ezin dezakeela negoziazioen emaitzarik aurreratu, baina langile katalanen mesederako ere izango dela legea.
Eztabaida politikoari begira, PPri zuzendu zaio Diaz, eta 2022an «lan erreforman egindako akatsa ez errepikatzeko» eskatu dio.
Antonio Garamendi CEOEko presidenteak berretsi du parlamentuak presio egingo duela neurriak aurrera egin ez dezan. «Gure jarrera defendatuko dugu Parlamentuan». Oso kritiko mintzatu da ATA autonomoen elkarteko burua ere. Neurriak enpresa txikiak eta autonomoak «zigortuko» dituela nabarmendu du. «Langileek ordu erdi gutxiago lan egingo dute. Horrek ez du esan nahi denda bat edo taberna bat lehenago itxiko denik. Badakizue nork beteko duen ordu erdi hori? Autonomoek».
Kontseilu osteko agerraldia Carlos Cuerpo Ekonomia ministroarekin batera egin du Diazek. Duela hilabete gatazka sortu zen bi ministroen artean, eta Diazek lege aurreproiektuaren onarpena blokeatzea egotzi zion Cuerpori. Tramitazioaren prozedurari buruzko desadostasunak gainditu dituztela aipatu dute biek. Haien esanetan, ados daude mamiari dagokionez, eta ez dago desadostasunik PSOEren eta Sumarren artean. «Hau gobernu proiektu bat da, eta denok gaude aterki horren pean».