Lanaldia 37,5 ordura laburtzeko akordioa sinatu dute Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk

Hego Euskal Herrian, lanaldia 37,5 ordutik beherakoa da jada lan hitzarmen gehienetan.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa eta Unai Sordo CCOOko burua, elkar besarkatzen, ituna sinatu ondoren. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa eta Unai Sordo CCOOko burua, elkar besarkatzen, ituna sinatu ondoren. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abenduaren 20a
10:30
Entzun

Hainbat hilabetez lortu nahi izan duen argazkia izan du gaur Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak. Legealdi honetarako bere proiektu kuttuna izenpetu du CCOOko Unai Sordorekin eta UGTko Pepe Alvarezekin, Madrilen: asteko lanaldia 40 ordutik 37,5era jaisteko ituna. Akordioak 2025eko abenduaren 31 arteko epea ematen du lan hitzarmenak muga horretara egokitzeko, eta jada hori gertatzen da Hego Euskal Herrian indarrean dauden itun gehienekin.

Edonola ere, ezin da erabat ziurtatu gaur onartutakoa azkenean indarrean jarriko denik. Espainiako Langileen Estatutuaren egokitzapen bat da, eta Espainiako Gorteen onespena beharko du. Tramitazioan aldaketak izatea ez da baztertu behar, patronaletik gertuen dauden alderdien babesa ziurtatze aldera. Aldaketa horien artean izan daiteke, besteak beste, enpresei denbora gehiago ematea lanaldi berrira egokitzeko, eta enpresaburuak akordioari lotzeko Diazek negoziazioan eskainitako laguntzak berreskuratzea, gaurko itunean ez baitira agertzen.

«Espainia herrialde bidezkoagoa, demokratagoa eta zoriontsuagoa da», ziurtatu du Diazek, sare sozialen bitartez, sinaduraren aurretik. Ekitaldian ere hitz handiak erabili ditu itunaren garrantzia azpimarratzeko. «Ez da edozein akordio: geure herriak aurrera egitea dakarren zibilizazio mailako urratsa da [...]. Beste orrialde bat idatzi dugu lan konkisten liburuan, eta, sinets iezadazue, munduko unibertsitate guztietan ikasiko den lan konkista bat da». Ziurtatu du hiru herritarretik bik babesten dutela lanaldia laburtzea, eta ukatu egin du neurri ekonomiko bat dela: «Benetako helburua da jendea hobeto bizitzea, estres txikiagoarekin. Hobeto bizitzea ezin da luxu bat izan: eskubidea izan behar du».

Mezu horiek bere bazkide politikoentzat ere badira, Espainiako Gobernuaren barruan desadostasunak izan baitira gai horren harira. Diaz bera eta Carlos Cuerpo Ekonomia ministroa (PSOE) jendaurrean xextran aritu dira aste honetan bertan. Diazek nahi zuen langile guzti-guztien asteko gehienezko lanaldia 37,5 ordukoa izatea urtebete barru, eta hori jartzen du CCOOrekin eta UGTrekin sinatutako testuak, baina Cuerpok urte gehiago nahi zituen trantsizioa egiteko, «bizkor» egiteak produktibitatean kalte egin eta enpresa txikiak estu hartuko zituelakoan.

Produktibitateaz aritu da Diaz gaurko sinadura ekitaldian, eta gogorarazi du azken 40 urteetan ez dela ukitu lanaldiaren muga ofiziala, «baina lanordu bakoitzeko produktibitatea %50 handitu da. Bada irabazi hori banatzeko garaia».

Espainiako Gobernuak ahaleginak egin zituen patronaleko ordezkariak ere izan zitezen gaurko argazkian, baina hasieratik ikusi zen CEOEkoek ez zizkiotela erraz jarriko gauzak, eta, hain zuzen, azaroan argi eta garbi jakinarazi zioten ez zutela babestuko lanaldia laburtzeko akordioa. CEOEk esan zuen lanaldiaren gaia negoziazio kolektiboan aipatu behar dela, eta, hortaz, halako neurri bat lan itunetan adostu beharko litzatekeela, eta ez legez.

Bozketa Kongresuan

Balio sinbolikoa ez ezik, balio praktikoa ere eduki zezakeen patronalaren baiezkoak, harengandik gertuago dauden talde politikoen babesa beharko baitu gaur sinatuko den akordioak, indarrean jartzekotan. Hau da, Juntsena eta EAJrena. Diazek ziurtatu du Voxekin ez beste talde parlamentario guztiekin negoziatzen ari direla, eta PPri ere batzeko deia egin dio, uste baitu herritar gehienek babesten dutela neurria.

Edonola ere, ez dirudi alderdi jeltzalea oztopo izango denik gaur sinatutakoa indarrean jartzeko, azken hilabeteetan garrantzia kendu baitio gaiari, argudiatuta Hego Euskal Herrian ez duela askorik eragingo. Izan ere, Hegoaldean negoziatzen diren lan hitzarmen gehienetan lanaldia 37,5 ordutik beherakoa da jada. Baina badira hortik gorako lanaldia dutenak ere, horietako asko Espainiako sektorekako eta enpresetako hitzarmenei lotutakoak.

datuak

 
37,5

 

Batez besteko lanaldia zenbat ordukoa den EAEn. Lan Harremanen Kontseiluaren azken datuen arabera, urteko batez besteko lanaldia 1.706 ordukoa zen urriaren amaieran EAEn indarrean zeuden lan hitzarmenetan; hau da, astean 37,5 ordukoa. EAEko hiru lurraldeetan negoziatutako itunetan, 37,1 ordutik beherakoa da, baina Espainian negoziatutakoek 38,4 ordukoa daukate, eta horrek handitu egiten du batez bestekoa.

Gainera, bada kontuan hartu behar den beste faktore bat: lanaldiaren gehienezko muga jaitsiz gero, gaur egun lanaldi osokoak ez diren kontratuei dagozkien soldatak igo egin beharko lirateke, baldintza horien pean ari diren langileek lanaldiaren parte handiagoa beteko bailukete.

Gaur adostutakoan, aldaketarik ez egiteko eskatu dute sindikatu sinatzaileek, eta ohartarazi dute mobilizatu egingo direla «atzerapausorik» ikusten badute. 

lanaldia murrizteko ituna

  1. 2025eko abenduaren 31rako, Hego Euskal Herrian eta Espainian indarrean dauden lan hitzarmen guztietan 1.705 ordukoa izango da urteko lanaldia —37,5 ordu astean—. Muga horren azpitik daude Hego Euskal Herriko lan itun gehienak, baina ez, ordea, Espainian negoziatu eta Hegoaldean ere eragina dutenak.

  2. Lanaldia murrizteak ezingo du, inolaz ere, soldata txikitzea ekarri. 37,5 ordutik gorako ordu guztiak aparteko ordu gisa ordaindu beharko dira.

  3. Gaur egun lanaldi osokoak ez diren lanpostuen soldata moldatu egin beharko da, muga berrietara egokitzeko. Hau da, lehen 30 orduko lanpostu batek %75eko lanaldia bazuen, orain %80ko lanaldia izango du.

  4. Erregistro telematiko bat derrigorrezkoa izango da, lanaldiak bete egiten direla egiaztatzeko.

  5. Isun handiagoak izango dira legea betetzen ez dutenentzat. Gainera, orain arte enpresa bakoitzeko isun bat jartzen bazen, aurrerantzean kasu bakoitza zigortzea da asmoa, 10.000 euroraino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.