Lanaldi partzialean ari direnen %80 emakumeak dira Nafarroan

Emakumearen enpleguaren egoerari buruzko ikerketa egin du CCOOk.Berdintasun politika «erreala» eskatu dio sindikatuak gobernuari

2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Krisialdiak areagotu egin du emakume eta gizonen arteko ezberdintasun soziala Nafarroan: emakumeek enplegua lortzeko zailtasun handiagoak dituzte, eta lan baldintza okerragoak. Ondorio horiek jaso ditu CCOO sindikatuak Emakumea eta enplegua. Nafarroako ezberdintasun sozialen diagnostikoa txostenean. Zenbait datu eman ditu, egoeraren erakusle: lanaldi partziala dutenen %80 emakumeak dira. Horrez gain, emakumezkoen langabezia tasa handiagoa da gizonezkoena baino — %13,31 da, eta %11,90 gizonezkoena—.

Txostenean azaldu dutenez, emakumezkoen lan baldintzak okerragoak dira gizonezkoenak baino: krisiaren ondorioz, gero eta gehiago dira lanaldi partziala duten herritarrak, eta horrek emakumeen artean izan du eraginik handiena. Nafarroan, lanaldi partzialean ari direnen hamarretik zortzi dira emakumeak. Hain zuzen, Nafarroako emakume landunen %33,4 daude egoera horretan. Horretaz gain, emakumeen %31,4k dituzte aldi baterako kontratuak. Tasa hori apalagoa da gizonen kasuan: %22,5.

Emakumezkoen enpleguaren kalitate kaskarra soldatetan igarri da. Izan ere, lanaldi partziala dutenek gutxiago kobratzen dute lanaldi osoan ari direnek baino. Emakume gehienek zerbitzuen sektorean egiten dute lan, gainera, eta, batez beste, sektore horretan ordaintzen zaie gutxien langileei. Zerbitzuen sektorearen barruan ere ezberdintasuna agerikoa da: 18.000 eurokoa da emakumezkoen batez besteko soldata, eta 25.000 eurokoa gizonezkoena. INEren datuak ere kezkagarritzat jo ditu CCOOk. Urteroko inkestaren arabera, Nafarroako emakumeen urteko batez besteko soldata 19.000 eurokoa da, gizonezkoena baino %30 txikiagoa.

Sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio berdintasun politika «erreala» egin dezala, «lan baldintza duineko enplegua garatzeko, soldata ezberdintasunak murrizteko, eta kontziliazioa errazteko; gizarte justuagoa eta aurrerakoiagoa lortzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.