Lanaldia murrizteko akordioa lortzeko, Diazek malgutasun handiagoa eskaini dio CEOEri

Patronalaren baiezkoa lortzeko, lanaldiaren %10 modu irregularrean banatu ahal izatea proposatu du Espainiako Lan Ministerioak.

  Espainiako Gobernuko, CCOO eta UGT sindikatuetako eta patronaletako kideak, atzo, Madrilen. ESPAINIAKO LAN MINISTERIOA / EFE
Espainiako Gobernuko, CCOO eta UGT sindikatuetako eta patronaletako kideak, atzo, Madrilen. ESPAINIAKO LAN MINISTERIOA / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko uztailaren 8a
15:15
Entzun

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak malgutasunarekin erakarri nahi du CEOE Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioa, lanaldia murrizteko akordioa egiteko. Gaurko bileran proposatu du lanorduak modu irregularrean banatu ahal izatea, hau da, etorkizuneko gehiegizko lanaldia —urtean 1.712 ordu— ez izatea halabeharrez astean 37,5 ordukoa, baizik eta aste batzuetan ordu gehiago eta beste batzuetan gutxiago egiteko aukera egotea. Horrela, orduak egokitzeko aukera izango lukete sasoi batzuetan lan gehiago duten sektoreetan: ostalaritzan eta nekazaritzan, besteak beste.

Gaur egun, Hego Euskal Herrian eta Espainian asteko lanaldia 40 ordukoa da gehienez. 2025. urterako, berriz, 37,5 ordura apaldu nahi dute —urtean 1.712 ordu—, baina 2024a trantsizio urtea izango da, asteko lanaldia 38,5 ordura murriztuko baita.

Bileraren ostean, Espainiako Laneko estatu idazkari Joaquin Perez Reyk azaldu du malgutasuna lanaldiaren %10i aplikatu nahi diotela. Hau da, urtean gehienez 171 ordu banatu ahal izango direla modu irregularrean. Gehitu du aukera egon daitekeela tarte handiagoa emateko enpresa oso txikiei, eta gaur egun lanaldi luzeenak dituztenei, besteak beste.

Zigor handiagoak

Ministerioak gaur eginiko proposamenak badauka beste berritasun bat: langilearen segurtasunean eta osasunean eragiten duten arau hausteek zigor handiagoak izango dituzte. «Neurriz kanpoko lanaldiek, goizetik gauerako lanak, hil egiten dute», esan du Perez Reyk, eta, horregatik, arau hauste larria izan beharrean, oso larria izango da. 

Isun kontuetan, testuak sakoneko aldaketa bat dakar: gaur egun enpresari zigor bakarra jartzen diote nahiz eta arau hausteak hamar langileri eragin. Proposatutako testuan, berriz, langile bakoitzeko zigor bat ezarri nahi diete: hamar langile badira, hamar zigor. Zigorrak 751 eta 7.500 euro bitartekoak dira, larritasunaren arabera.

«Neurriz kanpoko lanaldiek, goizetik gauerako lanak, hil egiten dute»JOAQUIN PEREZ REYEspainiako Laneko estatu idazkaria

CEOEk ere proposamenak eraman ditu gaur negoziazio mahaira. Horien artean, lanorduen banaketa handiagoa eskaintzea eta lanaldi murrizketak hitzarmenen amaierarekin egokitzea. Lanaldien murrizketa 2030. urtera arte atzeratzea eskatu dute enpresariek, hurrengo urtean eginez gero ziurgabetasun juridikoa piztuko baita indarrean dauden lan hitzarmenei dagokienez.

Gaurko bileran ez da akordiorik lortu eta negoziazioek hurrengo astelehenean jarraituko dute. Abuztuko oporren aurretik akordio sinatuta egotea nahi du Lan Ministerioak, eta asmo berekoak dira testua negoziatzen ari diren sindikatuak ere. Hain zuzen ere, Unai Sordo CCOOko idazkari nagusiak adierazi du «udazkena baino lehenago» sinatu behar dela, eta nabarmendu horrela izan ezean mobilizazioak egingo dituztela. «Lanaldia murrizteko erabakia ezin da hurrengo urtera arte atzeratu», gaineratu du.

UGTko Fernando Lujan, berriz, malgu izateko prest azaldu da, «betiere bidezko malgutasuna bada». Herritarrekin konpromiso bat dutela aldarrikatu du, eta «konpromisoak bete» behar direla ohartarazi dio gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.