Lanaldi murrizketa, uztailerako lotuta

Astelehenean azken proposamena egingo dio Yolanda Diazek patronalari. Asteko gehienezko lanaldia 37,5 ordura jaitsiko da Hegoaldean, eta erregistro digitala derrigorrezkoa izango da.

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. OLIVIER HOSLET / EFE
Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, artxiboko irudi batean. OLIVIER HOSLET / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko uztailaren 4a
05:05
Entzun

Uztaila gorriz markatuta dauka Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak. Abuztuko oporren aurretik lotu nahi du asteko lanaldia 37,5era mugatzeko akordioa, legealdi honetako bere proiektu nagusia. CCOO eta UGT sindikatuekin dituen negoziazioak oso aurreratuta daude, baina, tirabira handien ondoren, azken ahalegina egingo du Diazek patronalaren sinadura ere lortzeko. Hori bai, geroago testuak Espainiako Kongresuaren oniritzia ere beharko du, eta hori ez dago erabat ziurtatuta.

CEOE eta Cepyme patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuak urtarrilean hasi ziren negoziatzen lanaldia murrizteko akordioa, baina, ados jartzen ez zirela ikusita, Lan Ministerioak negoziazioan esku hartzea erabaki zuen, eta orduan eten zen harremana CEOErekin. Diazek astelehenera arteko epea eman zion patronalari bere proposamenak egiteko, baina kritikak besterik ez zuen jaso.

Antonio Garamendi CEOEko presidenteak jasotako «ultimatuma» baztertu zuen, eta negoziazioetako emaitza itxia dagoela esan. Espainiako Gobernuari «denetik» proposatu diotela azaldu zuen, baina ez dietela «ezertan kasurik egin». Elkarrizketa soziala izan beharrean negoziazioa «monologo sozial bat» izan dela azpimarratu zuen.

CEOEren eskaeretako bat zera izan da, urtean gehienez egin daitezkeen ordu estren kopurua handitzea, 80tik 150era. Proposamen horri ezezko biribil batekin erantzun dio Diazek, hori onartuz gero jardunaldiaren murrizketa «fake» hutsa izango litzatekeelakoan. Asteartean, berretsi zuen CEOEk ez ziola inolako alternatibarik eskaini, baina, hala ere, azken aukera eman dio: hurrengo astelehenean beste testu bat aurkeztuko dio. 

Ez da espero testu horrek sakoneko aldaketak izatea orain esku artean daukatenaren aldean. Lau dira proposatzen dituen aldaketak: gehienezko lanaldia murriztea; arauak betetzen ez dituzten enpresei zigorrak handitzea; lanaldi osoa ez dutenei soldata proportzioan igotzea; eta erregistro digitala izatea langilea noiz sartzen den eta noiz ateratzen den jakiteko.

Lanaldia murriztea

Gaur egun, Hego Euskal Herrian eta Espainian, asteko lanaldia gehienez 40 ordukoa da. Espainiako Lan Ministerioak proposatutako testuan, 2024. urterako 38,5 ordura murriztu nahi du, eta dekretua onartutakoan sartuko litzateke indarrean. 2025. urterako, berriz, 37,5 ordura txikituko litzateke: 1.712 ordu urteko.

Dena den, Hego Euskal Herriko lau probintzietatik hirutan, batez besteko lanaldia proposatutakoaren azpitik dago dagoeneko. Lan Harremanen Kontseiluaren apirileko datuen arabera, Araban berritutako hitzarmenetan 37,4 orduko asteko lanaldia dute batez beste (1.704 ordu urteko); Bizkaian, asteko 37 ordukoa (1.682 ordu urteko); eta Gipuzkoan, asteko 37,04 ordukoa (1.684 ordu urteko). Nafarroan, berriz, batez besteko lanaldia 1.708 ordukoa da (37,55 ordu astean), proposatu dutenaren ia berdina.

Erreformak, beraz, batez ere bi talderi eragingo die: batetik, Espainiako lan hitzarmena duten langileei, eta, bestetik, 37,5 orduko lanalditik gorako lan hitzarmena dutenei.

Lau lurraldeetako sektore publikoan lan egiten dutenek 35 orduko lanaldia dute gehienez.

Ipar Euskal Herrian, berriz, 1998tik gehienez astean 35 ordu lan egin behar dute, baina Nicolas Sarkozyren gobernuak —2007-2012 urteen artean izan zen Frantziako presidente— lege bat onartu zuen 2008an, arau hori urardotzeko. Horren arabera, enpresa hitzarmenek lanaldi luzeagoak hitzartu ditzakete, baina 35 ordutik gorako guztiak aparteko ordu gisa ordaindu behar dituzte enpresek.

Zigorrak

Lanaldiaren inguruko arau hauste bat gertatzen bada, gaur egun enpresari zigor bakarra jartzen diote, nahiz eta hamar langileri eragin arau hausteak. Zigorrak 751 euro eta 7.500 euro bitartekoak dira, larritasunaren arabera. Proposatutako testuan, berriz, langile bakoitzeko zigor bana ezarri nahi diete: hamar langile badira, hamar zigor. Gainera, zigorrak handitu nahi dituzte: 1.000 euro eta 10.000 euro bitartekoak.

Lanaldi partzialak eta murriztuak

Lanaldi partziala duten langileek, beren lanaldiari eusten badiote, soldata handiagoa jaso beharko dute, beren lanorduak proportzionalki gehiago direlako.

Gainera, haien kontratua 37,5 ordukoa bada, automatikoki lanaldi osoko kontratuak izango dituzte.

Lanaldi murriztua duten langileek ere proportzioan egindako soldata igoera edo orduak murriztea eska dezakete. Baina, horretarako, 2025era arteko epea emango diete enpresei lanaldiak egokitu ahal izateko.

Autonomoek eta lan bat baino gehiago dutenek asteko 40 ordu egiten jarraitu ahal izango dute. 

Ordutegien erregistro digitala

Derrigorrezkoa izango da langileen ordutegia erregistratzea modu digitalean. Sistemak urrutitik erabiltzeko modua eman behar du, eta eskuragarria izan behar du langilearentzat, sindikatuentzat, Gizarte Segurantzarentzat eta Lan Ikuskaritzarentzat. Enpresak lau urtez gorde beharko ditu erregistro horiek.

Bigarren lana, kongresuko botoak

Behin gizarte eragileekin testua adostu eta gero, beste lan bat izango du Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroak: dekretuak Kongresuko galbahea pasatzea. Horretarako, eta PPk eta Voxek aurkako botoa emango dutela pentsatuta, Diazek beharrezkoa izango du Pedro Sanchezen inbestidura onartu zuten taldeen babesa, dela aldeko botoarekin, dela abstentzioarekin. 

Ezkerreko taldeen babesa nahiko lotuta dagoela dirudi, baina zalantza gehiago dago Juntsekin eta EAJrekin. Hain zuzen ere, Diaz Euskal Herrira etortzekoa da egunotan alderdi jeltzalearekin lanaldiaren murrizketaz hitz egitera. EAJko burukideek nabarmendu dute lege berriak eragin txikia izango duela Hego Euskal Herrian, sektore pribatuan lan itun askok 37,5 ordutik beherako lanaldia baitute, eta 35 ordukoa baitute sektore publikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.