Espainiako Lan Ikuskaritza Deloitte, PwC, EY eta KPMG —Lau Handiak izenez ere ezagunak—aholkularitza enpresak ikertzen ari da, egiaztatzeko enpresa horietako langileen lanaldiek legea betetzen duten. Izan ere, lan esparruko abusuen artean ohikoak dira kontratuetan zehaztutako ordutegiak luzatzea, ordu estrak ez ordaintzea eta lanaldiaren erregistroa faltsutzea. Baina langileei zor zaien dirutik harago, haien osasuna dago jokoan.
Ikusi gehiago:«Lanaldi luzeak mundu osoaren arazo bat dira»
2016an 745.000 lagun hil ziren astean 55 ordutik gora lan egiteagatik, OME Osasunaren Mundu Erakundea k eta OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak egindako txosten baten arabera. Horietatik guztietatik, 398.000k apoplexia bat —iktusa— izan zuten, eta 347.000k, berriz, kardiopatia iskemiko bat. Bada, ikerketak adierazten du astean 55 ordutik gora lan egiteak %35 areagotu dezakeela apoplexia bat izateko arriskua, eta %17 kardiopatia iskemiko bat izatekoa.
Ikerketan, 194 herrialdetako eta 2000 eta 2016 bitarteko datuak alderatu zituzten. Hamasei urte horietan, %29 handitu ziren lanaldi luzeekin lotutako heriotzak. Egun, astean 48 ordutik gora egiten dituzte lan mundu osoko langile guztien herenek: %35,4k.
Osalan erakundeko lan osasunaren arduradun Aitor Gisasolaren arabera, «zaila da» horrelako ikerketak Euskal Herrian egitea; batetik, «datu adierazgarriak» lortzeko «pertsona askoren datu asko» bildu behar direlako; eta, bestetik, Euskal Herrian lanaldi luzeak dituzten langileak legez kanpoko egoeretan daudelako. Ezaugarri horiek «nabarmen» zailtzen dute horren inguruko ikerketa sakonak egitea.
Hala ere, Gisasolaren esanetan, dauden ebidentziek agerian uzten dute lan jardunaldi luzeen eta iktusen eta arazo kardiobaskularren arteko lotura. Horiez gain, beste osasun konplikazio batzuk ere aipatu zituen, hala nola neke kronikoa, diabetesa, infekzioak, loaren alterazioak eta ziatika. Are, OMEko eta OITko adituek ohartarazi dute neke kronikoak bizi estilo kaltegarriak sustatu ditzakeela; besteak beste, alkoholaren eta tabakoaren kontsumoa handitzea, ariketa fisiko gutxi egitea eta elikadura ez zaintzea.
Ikerketa horietan, ordea, ez dituzte emakumeek eta gizonek izan ditzaketen osasun arazoak bereizten. Gisasolak azaldu zuen horrek «bikini efektua» sortzen duela; hots, ziurtzat jotzen da gizonek pairatzen dituzten ondorio berak pairatzen dituztela emakumeek, nahiz eta horren frogarik ez izan. Horiek hala, ikerketek «genero ikuspegia falta» dutela aitortu zuen arduradunak.
Ikuskariek ezin dena ikusi
Lan Ikuskaritzak helburu du egiaztatzea langileen eskubideak «bermatzen» direla eta legeak «betetzen» direla, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Perez Barredoren arabera. Entitateak, ordea, enpresetan gertatzen den guztiaren «zati bat bakarrik ikusten du».
Ikuskaritzak halako irregulartasunen berri izan dezake iruzurrak salatzeko buzoi anonimoaren bitartez eta salaketa ofizialaren bitartez. Perezen esanetan, salaketen ondorioz egiten dituzten ikusketek izan ohi dituzte emaitza gehien. Hala ere, «konplikatua da» lanorduekin lotutako arau hausteak frogatzea: «Ezin da ikuskari bat egon langile bakoitzaren atzean». Sailburuordeak azaldu du ikuskariek langileen elkarlana behar izaten dutela batzuetan, baina askok «beldurra» izaten dutela ikuskaritzarekin elkarlanean aritzeko.
Horiek hala, lanorduen erregistroa hobeto kontrolatu ahal izateko neurri bat jartzekotan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lan Ikuskaritza, Kataluniako Lan Ikuskaritzarekin elkarlanean. Perezek iragarri duenez, asmoa da peritatze informatiko bat abian jartzea, elektronikoki egiten diren lanaldien erregistroak ikuskatzeko eta lanorduen kontabilizaziorik B ereduan egiten den egiaztatzeko.
«Horren bitartez, posible izango da egiaztatzea langile batek bere lanaldian egin dituen lanorduen erregistroa manipulatua izan den», azaldu zuen. Pare bat egoera aipatu zituen adibide gisa: «Erregistroaren arabera, langile bat 19:00 arte aritu da lanean. Baina erregistro horren azpian beste kontabilizazio bat aurki dezake ikuskatzeak, eta, agian, horren arabera, 21:00 arte aritu da lanean ordenagailua. Azken finean, informatikan beti gelditzen da arrasto bat».
Etxea lantoki
COVID-19aren pandemia iritsi, eta, egun batetik bestera, etxeak lantoki bilakatu ziren askorentzat. Pandemiaren aurretik zabaltzen hasia zegoen joera arau bihurtu zen denbora laburrean. Ordutik, telelanaren onurak goraipatu dituzte batzuek, eta horren ahulguneak salatu besteek.
Perezen arabera, ezaugarri «konplexuak» ditu telelanak, eta uste du arautu egin behar litzatekeela; izan ere, ikuskaritzan «kezka gehien» sortzen duen gaietako bat da. «Zer gertatzen da langile batek, bere lanorduetan, etxean istripu bat badu? Lan istripua da ala ez da lan istripua? Gaur egun, bizitza eta lana gauza bakarrean nahastu dira telelanarengatik», esan zuen.
Kezka bera azaleratu du Gisasolak, uste baitu telelanak lausotu egin dituela etxeko eta laneko espazioen mugak. Haren esanetan, lan presentzialaren baldintza berak izan behar ditu telelanak. «Langileen osasuna zaintzeko ezinbestekoa da etxetik egindako lanorduetan lantokiko ohiturak eta arauak mantentzea», adierazi du.
LANALDI LUZEEK HILTZEN DITUZTE
Lan jardunaldi luzeek osasunean duten eragina ikertu dute zenbait adituk. Haien arabera, astean 55 ordutik gora lan egiteak areagotu egiten ditu iktusa eta kardiopatia iskemikoa izateko arriskuak. 745.000 langile hil ziren 2016an lanaldi luzeen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu