Frank Pega. OMEko teknikari ofiziala

«Lanaldi luzeak mundu osoaren arazo bat dira»

Lanaldi luzeek eragina dute osasunean, Osasunaren Mundu Erakundeko teknikari eta epidemiologoaren arabera. Horien ondorioak jasaten ditu hamar langiletik batek.

FRANK PEGA.
maddi iztueta olano
2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
OME Osasunaren Mundu Erakundeko teknikaria eta epidemiologoa da Frank Pega, eta lanaldi luzeek langileen osasunean duten eraginak ikertzen ditu.

Ikusi gehiago:LANALDI LUZEEK HILTZEN DITUZTE

Zuen ikerketaren arabera, 2016an 745.000 lagun hil ziren astean 55 ordutik gora lan egitearen ondorioz. Datu harrigarria da hori.

Hori da, urte hartan 745.000 lagun hil ziren iktus baten edo bihotzeko gaixotasun iskemikoaren ondorioz. Horiek guztiek astean 55 ordutik gora egin zuten lan. Hala ere, 745.000 heriotza tragiko horiek icebergaren punta baino ez dira. Lanaldi luzeek beste gaixotasun edo osasun arazo batzuk ere eragin ditzakete, baita lan istripuak izateko aukerak areagotu ere. Esaterako, 2016an 23 milioi lagunek desgaitasunen bat edo osasun arazoren bat garatu zuten lanordu asko egiteagatik. Gure ikerketaren arabera, hamar langiletik batek lanaldi luzeak ditu. Izugarri handia da kopuru hori.

Iktusez eta arazo kardiobaskularrez gain, zer bestelako osasun arazo eragin ditzakete lanaldi luzeek?

Lan jardunaldi luzeek estres psikologikoa eta fisikoa eragiten dute, eta estres horrek zuzeneko eta zeharkako ondorioak ditu. Batetik, estresa handia denean, garuneko zelulei eta arteriei kalte egiten dieten hormonak sortzen ditu gorputzak. Horrek zuzenean eragin dezake iktus bat edo istripu kardiobaskular bat.

Bestalde, lanaldi luzeek joera arriskutsuak eta kaltegarriak sustatu ditzakete. Adibidez, alkohol eta bestelako droga gehiago kontsumitu ohi dituzte lanordu asko egiten dituzten langileek, estres handiari aurre egiteko. Halaber, estres handiak ekar dezake elikadura gutxiago zaintzea, eta, noski, lanean ordu asko ematen baditugu, denbora gutxiago dugu kirola egiteko.

Azken urteotan telelana ohiko bilakatu da. Etxetik lan egiteak ba al du lanaldi luzeagoak egiteko arriskua?

Bai, zalantzarik gabe. Gure ikerketak ez du arlo hori ikertu, baina badaude zenbait ikerketa horren inguruan, eta, horien arabera, langileek ordu gehiago egiten dituzte lan etxetik ari direnean. AEB Amerikako Estatu Batuetako Ikerketa Ekonomikoaren Bulego Nazionalak egindako ikerketa baten arabera, COVID-19aren pandemian jendea etxetik lan egiten hasi zenean, %10 egin zuten gora langileen asteko lanorduek. Hau da, pandemiaren aurretik astean 50 ordu lan egiten zituen norbaitek 60 ordutik gora egiten zituen konfinamenduan.

Zenbat ordu egin beharko genituzke lan?

Astean 55 ordutik gora lan egiteak lotura hertsia du iktusekin eta arazo kardiobaskularrekin. Gainera, hainbeste ordu lan egitean, produktibitatea jaitsi egiten da. Beraz, osasungarriena astean gehienez 45 ordu lan egitea izango litzateke, eta, hobeki, 35 eta 40 ordu artean.

Lanordu luzeek osasun arazo berak eragiten dizkiete emakumeei eta gizonei?

Galdera interesgarria da hori. Gure ikerketan ez genituen datuak sexuaren arabera aztertu. Beraz, ondorioztatu genuen osasun arrisku berei egin behar dietela aurre lanordu asko egiten dituzten gizonek eta emakumeek. Are, litekeena da astean 55 ordutik gora lan egiten dutenen artean, gizonak gehiago izatea, oro har, gizonezko langile gehiago daudelako. Dena den, emaitza horiek badute muga handi bat. Izan ere, ikerketan ordaindutako lanak bakarrik hartu genituen kontuan. Ezin izan genituen ordaindu gabeko lanen datuak eskuratu, eta, horietan, emakumeak dira gehiengoa. Esaterako, etxeko lanak egiten dituzten emakumeak.

Lanaldi luzeak ohikoagoak dira sektore batzuetan besteetan baino?

Gure ikerketan mundu osoko 50 urtetik gorako langileak hartu genituen kontuan. Ez genituen datuak sektoreka aztertu, ez dakigu sektoreren bat bereziki arriskuan dagoen. Baina aintzat hartuta hamar langiletik batek lanaldi luzeen ondorioak jasaten dituela, ez da lan sektorearen araberako arazo bat, lanaldi luzeak mundu osoaren arazo bat dira.

Eta ba al dago alderik eremu geografikoaren arabera?

Munduko zenbait tokitan bereziki ohikoak dira lanaldi luzeak; Pazifiko mendebaldean eta Asia hego-ekialdean, adibidez. Gainera, eremu horietan daude populazio handiko bi herrialde: Txina eta India. Langile horietako asko pobreak izan ohi dira, eta lanaldi luzeak egin behar dituzte hilaren amaierara iristeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.