Aurtengo Maiatzaren Lehena berezia da LABentzat. Sindikatuaren 50. urteurreneko ospakizuna batu zaie urteroko mobilizazioei eta aldarrikapenei; hortaz, manifestazioa ez ezik, ekitaldi handi bat ere egin dute Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Batean zein bestean, mundu osoko sindikatuen babesa izan dute LABeko kideek, eguneko ekitaldietara gonbidatu baitituzte hainbat herrialdetako ordezkari sindikalak; besteak beste, Bretainiakoak, Korsikakoak, Sardiniakoak, Kataluniakoak, Asturiaskoak, Andaluziakoak eta Kataluniakoak. Manifestazioa kolorez jantzi dute estaturik gabeko nazioen banderek, eta, eguerdiko ekitaldian, hitza hartu dute Pambis Kyritsis MFS Mundu Federazio Sindikaleko buruak, Vietnamgo Lanaren Konfederazio Nagusiko Vu Manh Tiemek eta Palestinako Langileen Batasun Nazionaleko Sousan Abdel-Salamek. Azken horren hitzaldiak jaso du txalo zaparradarik ozenena, eta Palestinako herriari elkartasuna adierazi diote Anaitasunan bildutako guztiek, mosaiko erraldoi baten bidez. «Palestina askatu!» leloa behin eta berriro errepikatu dute parte hartzaileek, bai manifestazioan eta bai geroko ekitaldian.
Goizean, manifestazio hasierako giroa apur bat hoztu da euriagatik eta eguraldi zakarragatik, baina, pankarta abiatu denerako, ehunka pertsona bilduak ziren Gazteluko plazan. Langile borroka zabaltzen irakur zitekeen pankarta nagusian, eta haren atzetik ibili dira atzerriko ordezkari sindikalak, nor bere herrialdeko banderarekin. Apur bat atzerago, pankarta propioa hedatu dute pentsiodunek, Zaintza eta pentsio duinak Euskal Herrian leloarekin. Ernaik eta pikete feministek ere ordezkaritza izan dute mobilizazioan. Sarasate pasealekutik igaro da manifestazioa, eta, handik, Baluarteko plaza atzean utzita, Armadaren etorbidea zeharkatu dute sindikatuko kideek, Anaitasunaraino. Pabiloia bete dute manifestariek.
Internazionalismoa aldarri
LABeko koordinatzaile Garbiñe Aranburuk internazionalismoa aipagai izan du bere hitzaldiaren hasieran. Elkartasuna adierazi die «bizitza duinak eta bizigarriak» aldarrikatzen dituzten herriei, eta azpimarratu du etsai bera dutela mundu osoko langileek: «Inperialismoa eta kapitalismoa, horien eskutik baitatoz esplotazioa, prekarizazioa eta gerra». Euskal Herriko egoeraz, esan du langileek segitzen dutela «gaixotzen eta hiltzen», eta dei egin du «patronalaren inpunitateari aurre egitera». Euskal presoak ere gogoan izan ditu LABeko koordinatzaile nagusiak: «Presoak ere hemen nahi zaituztegu, gurekin, langile borroka hauspotzen». Eta, horiez gain, gizarteko hainbat sektoreri eta eragileri ere aipamena egin die Aranburuk bere hitzaldian; besteak beste, gazteei, pentsiodunei, langile migratu eta arrazializatuei, eta mugimendu feministari.
Koordinatzaile nagusiak jakinarazi du 50.000 afiliaturen langa igaro berri duela LABek, baina, zehaztu duenez, lortutako guztia «trabaz betetako bide luze baten ostean» heldu da: «Nafarroan, adibidez, apartheid sindikala pairatu eta gainditu genuen, eta atea ireki genion aldaketari; eta Ipar Euskal Herrian ere, urteetan baztertuta izan ostean, gaur intersindikalarekin batera goaz Baionako manifestazioan». Hemendik aurrera ere, lantokietan, kalean zein instituzioetan borroka egitera dei egin du hitzaldiaren bukaeran.
Banaketa hirukoitza
Aranbururen ostean, Igor Arroyok hartu du hitza, sindikatuko beste koordinatzaile orokorrak. Esan du Euskal Herriaren etorkizuna ez dagoela idatzita, eta kapitalismoaren aldean badela alternatibarik: «Ezker independentista hazten ari da eremu sindikalean, sozialean eta instituzionalean. Gogotik tira egiten ari gara bizitzaren alde, herri langilearen alde eta birbanaketaren alde». Banaketa horrek «hirukoitza» izan behar duela azpimarratu du Arroyok, gainera: «Bana ditzagun lana, zaintza eta aberastasuna».
Horren adibidetzat jo du LABek egiten duen lana: «Lantokietan, 30 orduko lan astearen edo zaintzarako baimenen alde; kalean, pentsiodunekin eta mugimendu feministarekin batera edo etxebizitza espekulazioari aurre eginez; eta instituzioetan, politika publikoak langileen mesedetan jarrita». Beste eredu sozioekonomiko baten alde mintzatu da Arroyo, «bizitza erdigunean izango duen eredu bat», eta horri heltzeko prest azaldu da: «Jo eta ke arituko gara lanean, esplotaziorik eta patriarkaturik gabeko Euskal Herria lortu arte, pertsona askez eta askotarikoez osatutako nazio askea lortu arte».