DSBEa jasotzen duten landunak gero eta gehiago dira: jada %20

Iaz legea aldatu zutenetik, genero indarkeriaren eta sexu esplotazioaren biktima diren seiehun emakume babestu ditu. Mota guztietako onuradunen kopurua %12,6 handitu da tarte horretan.

Lanbidek Barakaldon duen bulegoko sarrera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Lanbidek Barakaldon duen bulegoko sarrera. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko apirilaren 15a
15:35
Entzun

Enplegua izan arren DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen kopurua %34 handitu da azken urtean. Lanbideren datuen arabera, iazko martxoan 8.596 ziren beren diru sarrerak duintzeko DSBEa behar zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langileak; aurtengo martxoan, berriz, 11.543 ziren. Laguntza hori jasotzen duten onuradunen %19,9 dira langileak.

Hazkunde horren eraginez, pandemia aurreko datuetara itzuli da DSBEa jasotzen duten langileen kopurua. 2018ko ekainaz geroztik egon den kopuru handiena da —11.687 ziren orduan—. Lanbidek berak, bere estatistikan, «lan prekarioa» atalean sartzen ditu halako kasuak. Onuradun horien %56,5 Bizkaian bizi dira, %26 Gipuzkoan, eta %17,3 Araban.

99.607

Laguntzen onuradunak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek bi laguntza eska ditzakete zaurgarritasun egoeratik irteteko: DSBEa eta BGDSa. Bien onuradunak elkartuta, ia ehun mila dira. Era berean, 13.000tik gora dira biak jasotzen dituztenak.

Urtebete da DSBEaren legea aldatu zela, eta Lanbidek efemeridea baliatu du onuradunen berri emateko. Aldaketa horren eraginez, betiere Lanbideren ustez, indarkeria matxista askotarikoak pairatu dituzten seiehun emakumek diru laguntza jaso ahal izan dute. Horietatik 531 genero indarkeriaren biktimak dira, 53 etxeko indarkeriarenak, 13 emakumeen salerosketarenak, eta sei sexu esplotazioarenak.

Legea aldatu zutenetik, %12,4 hazi da DSBEaren onuradunen kopurua. Aurtengo martxoan 57.941 pertsonak jaso zuten, iazko hilabete berean baino 6.427 gehiagok —2022ko martxoan 52.095 ziren—. Azken urtean diru laguntza programan sartu diren onuradun berriak 12.965 izan dira; irten direnak, berriz, 6.538. Alegia, laguntza programatik irten den onuradun bakoitzeko bi sartu dira.

%15,3

Pentsiodun gehiago laguntza jasotzen. Iazko martxotik aurtengora %15,3 handitu da DSBEa jasotzen zuten pentsiodunen kopurua. Iaz 12.958 ziren; aurten, berriz, 1.993.

Onuradun mota ezberdinen arteko entresaka eginda, 15.457k adingabeak zaintzeko ardura zuten, eta horietatik 8.331 guraso bakarreko familiak ziren, gehienak emakumeak. 14.951 onuradun pentsiodunak ziren, iazko martxoan baino 1.993 gehiago: %15,3 hazkundea. Sexuaren araberako entresaka eginda, onuradunen %57,6 dira emakumeak.

DSBEa Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuetatik irteten da, baina ez da zaurgarritasun egoeratik irteteko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskaintzen den diru laguntza bakarra. Harez gain, bizitzeko gutxieneko diru sarrera ere badago (BGDS), Espainiaren Gobernuaren menpekoa, eta hura ere Lanbidek kudeatzen du. Bi prestazioak kontuan hartuta, 99.607 dira diru laguntzaren bat jasotzen duten titularrak. Biak jasotzen dituztenak, berriz, 13.529 dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.